AURKEZPENA

Ongi etorri aurtengo Zinegoakera. Ilusioz eta kultura-proposamenez gainezka gatoz. Oso edizio berezia da aurtengoa, 20 urte betetzen baititugu: 20 urte daramagu sexu-, identitate- eta/edo genero-aniztasunaren inguruan ikusgaitasunerako, aldarrikapenerako, topaketarako eta gogoetarako esparruak sortzen.

Zinegoaken egitura berritu dugu, eta data ere aldatu dugu, sentiberatasuna eta salaketa lantzen jarraitzeko, iruditeria eta kontakizun berriak bultzatzeko, betiere artearen, zinemaren eta kulturaren bidez eraldaketa sozialean ekarpen bat egiteko asmoz.

2023ko Zinegoak jaialdiak identitate aldakorrak ezarri ditu erdigunean, generoa aldaketarako eta deskubrimendurako esparru bat dela ulertuta. Beste behin ere, nor garen erabakitzeko askatasuna eta zilegitasuna aldarrikatzen dugu, sexu-aniztasunera, orotariko orientazioetara eta genero-identitatea edo sexualitatearekin loturiko beste edozein elementu eraikitzera irekitako begirada batetik. Horixe islatzen du aurtengo edizioaren irudiak ere: sentitzera, ukitzera, deskubritzera eta jolastera gonbidatzen gaitu. Eta ildo berean ulertu behar da jaialdiaren aurtengo programazio osoa ere: Sail Ofizialeko filmak, film laburren zikloak, pieza eszenikoak, eztabaidarako eta gogoetarako Bilgune esparruak, eta ZG/PRO kultura-industriaren eta berrikuntzaren esparrua.

Ezarritako estereotipoak zalantzan jartzeko, arauak deseraikitzeko eta gizartearen barruan errespetua bilatzeko prozesuekin loturiko hainbat egoera ekarriko dizkigute bizipen trans, lesbiko, bisexual, queer, ez-binario eta gay guztiok.

Aurtengo edizioko proposamenen artean, aipagarriak dira sexu-loraldia, geure burua ezagutzea (Lobo e cão, Something You Said Last Night), gure gorputzen gozamena (Fierce: A Porn Revolution), jatorrira itzultzea (Liuben), oroitzapenen gordailua (Casa Susanna, Anhell69), egitura zapaltzaile hegemonikoak ezabatzeko borroka (Wildhood, Who I Am Not) eta beste mundu batzuk erakusteko eta pentsatzeko ilusioa (Alteritats, De noche los gatos son pardos).

2023ko Zinegoaken ohorezko saria, DAMAk babestua, Ángeles Cruz aktore, gidoilari eta zuzendari mexikarrak jasoko du, emakume, indigena eta lesbiana gisa egiten duen salaketa soziala zinemara eramateagatik. Iazko edizioan, Lesbianismoa eta Generoa Saria jaso zuen, Nudo mixteco film sarituari esker, zeinean emakume mixtekoen borroketako batzuk kontatzen baitira, hala nola sexu-askatasunaren aldeko borroka eta indarkeria matxistaren aurrean beren gorputzak defendatzeko borroka.

ZG Hedapenaren bidez, apustu sendoa egiten dugu zinemaren bidez aniztasuna ikusgai egiteko jardueren alde, eta EAEko eta Nafarroako 45 herritara baino gehiagotara iristen da ekimena. Horrez gain, aurten ere jaialdiaren bigarren etxea izango dugu Lekeitio, Euskal Zine Bilera ekimenaren laguntzari esker.

Zatozte eta gozatu aurtengo edizioaz. Zinegoakeko lantaldeak ahalegin eta grina handiz antolatu du jaialdia, aniztasuna aldarrikatzeko eta topaketarako, gogoetarako eta sentsibilizaziorako esparru bat izaten jarrai dezan.

Alaitz Arenzana Letamendi

Zuzendari artistikoa