Ciclo de cine VIHsible Zinema Zikola

Ciclo de cine VIHsible Zinema Zikola

GIB birusaren estigmatizazioaren kontra, sormen artistikoaren erabilgarritasuna aldarrikatuko du Zinegoak elkarteak, VIHsible Zinema Zikloaren 3. edizioan

Zinema zikloa abenduaren 4ean eta 5ean izango da, doako sarrerarekin, Bilborock aretoan, eta film bi ikusteko aukera egongo da: alde batetik, “Lemebel” dokumentala, azken Berlinalean Teddy Saria jaso zuena eta Pedro Lemebel artista txiletarraren bizitza kontatzen duena; eta bestetik, “1985”, Zinegoak jaialdiaren azken edizioan gidoi onenaren saria jaso zuen fikzio hunkigarri eta samurra.

Beste urte batez, Abenduaren 1aren harira (GIB birusaren kontrako nazioarteko eguna), Zinegoakek kalitatezko zinema-zikloa antolatuko du.   

Zinegoakeko zuzendari Pau Guillenek azpimarratu duenez, “zineak eta arteak errealitatea nola jasotzen dugun eraldatzeko gaitasuna dute, eta ildo horretan guk ere gure ekarpena egin nahi izan dugu”. Hori dela eta, beharrezkotzat jo du gai honen inguruan ziklo bat antolatzea: “GIBari ikusgarritasuna eman behar diogu, gure jendartean oraindik estigma handia sortzen duelako. Horregatik, gai hau modu ausartan landu duten artistak batu nahi izan ditugu aurtengo zikloan”.

Ekimen hau osatzen duten pelikula biek hainbat sari eta aipamen jaso dituzte nazioarteko jaialdietan.

“Lemebel” dokumentala Johana Reposi txiletarrak zuzendu du, eta bertan Pedro Lemebel artistaren bizitza kontatzen du. Lemebel Hegoamerikako LGTBI erreferente handienetako bat izan da, bertako kontrakulturaren ikono bat izan baitzen. Gainera, 1987. urtean Pedro Lemebelek eta Francisco Casasek “Las yeguas del apocalipsis” taldea sortu zuten, Pinocheten diktadurapean. Talde horrekin, Txileko hainbat hiritan hainbat ekimen artistiko-politiko egin zituzten. Lemebel, beraz, ekintzaile soziala eta diktaduraren kontrako eta eskubide sozialen aldeko borrokalaria izan zen. Horrek eragin zuzena izan zuen bere sorkuntzetan: ezkerreko iritzien eta desiraren arteko lanak ziren; diktaduraren kontrako salaketa eginez eta GIBaren krisiari aurre eginez. 

Dokumental honek Teddy Saria jaso zuen azken Berlinalean, eta gainera Txileko zinema komertzialetan ikustaldi gehien duen dokumentala bihurtu da. 

“1985” filma, bere aldetik, Yan Ten zuzendariaren lehenengo lana da, eta Amerikako Estatu Batuetako barnealdean girotuta dago. GIB birusak bere garaian sortutako arrakalak kontatzen du. 

Pelikula titulu bera duen film laburrean oinarrituta dago, eta estigmek eta beldurrek sortzen dituzten zaurien inguruko hausnarketa zuzena eta hunkigarria eskaintzen du. Zuzendariak erabili duen kontatzeko modua erraza, zuhurra eta fina da. Tenek pelikulan islatu duen bezala, sekretu bat ezkutatu behar denean, familia barruko harremanek okerrera egin dezakete. 

Zorionez, pelikulak ere bestelako hausnarketak ere bultzatzen ditu, eta argi geratuko denez, azkenean itxaropenak eta maitasunak beti lortzen dute euren bidea egitea.

 

Pelikula honek dozena erdi sari baino gehiago irabazi ditu nazioartean, eta Zinegoak jaialdiko azken edizioan gidoi onenaren saria jaso zuen, publikoaren txalo ugarirekin batera.