VIHSIBLE ZINEMA ZIKLOA

VIHSIBLE ZINEMA ZIKLOA

Zinegoakek “120 battements par minute” estreinatuko du Bilbon, Hiesaren Aurkako Munduko Egunaren harira antolatutako Zinema Zikloan

Azaroaren 28an eta 29an “120 battements par minute” eta “Strike a Pose” filmak eskainiko dira doan. Zinegoakek Zinema Ziklo hau proposatzen digu abenduaren 1a, Hiesaren Aurkako Munduko Eguna ospatzeko.

365ZG egitarauaren barruan sartzen dira emanaldi hauek. Zinegoak jaialdiak urte osorako proposatzen duen jarduera da 365ZG, zinema eta kulturaren bitartez sexu, identitate eta genero aniztasuna aldarrikatzen duten data eta ekintza bereziei babesa emateko asmoz.

Zinegoak, Bilboko lgtb zinema eta arte eszenikoen jaialdia, jada ez da otsailean soilik egiten den jarduera, izan ere, hemendik aurrera urte osorako programazioa eskainiko du. Aurretik, ikusgarritasun lesbikoaren egunean, “Chavela” dokumentala eman zuten, “The death and life of Marsha P. Johnson” filma E28 egunaren harira, eta orain, Hiesaren Aurkako Munduko Egunarekin lotuko dute datorren zinema proposamena.

Kasu honetan ez da emanaldi bakar bat, GIBarekin loturiko kontuak jorratzen dituen film sorta baizik. Aurreko urteetan abenduaren 1ari loturiko emanaldiak antolatu izan dituzte, baina oraingoan Zinema Ziklo batean bilduko dituzte emanaldiak, eta hala egiten jarraitzeko asmoa dute.

“3 urte daramagu GIBaren esparruko beste elkarte batzuekin elkarlanean abenduaren 1aren inguruan. Gure asmoa babesa eta ikusgarritasuna ematea da jaialdiak jorratzen dituen esparruetatik abiatuz, kultura eta zinematik, alegia”. Zinegoak jaialdiko zuzendari Pau Guillenek dionez, “aurreko edizioetan, jardunaldi edo hitzaldien baitan sartu ditugu emanaldiak, baina oraingoan ziklo berezi bat sortzea erabaki dugu, kalitatezko zinema eskaintzeko asmoz”.

Beraz, azaroaren 28 eta 29an, erabat doan, orain arte Bilbora etorri ez diren bi film luze eskainiko dira ziklo honen barruan.

“Strike a Pose”, Ester Gould eta Reijer Zwaan zuzendariena, Berlinalen estreinatu zen 2016an. Gainera, munduko jaialdirik ospetsuenetan lehiatzeko hautatua izan da. Madonnaren “Blond Ambition Tour”eko dantzarien bizipenetan oinarritzen da dokumentala, eta modu harrigarrian azaltzen ditu LGTB kolektiboaren ikusgarritasunaren aldeko erronka eta GIBarekin lotutako bizipen pertsonalak.

“120 battements par minute”, Robin Campillorena, 2017ko film iraultzailea da. Epaimahaiaren Saria Nagusia irabazi zuen Canneseko jaialdian, bai eta beste hainbat nazioarteko sari ere, esaterako, Sebastiane Saria eta Donostiako Zinemaldiko Perlak saileko Publikoaren Saria. Horrez gain, Frantzia ordezkatuko du 2018ko Oskar Sarietan.

Hunkigarria, politikoa, bizia, transbertsala, horiek dira 90eko hamarkadan girotutako film hau deskribatzeko adjektiborik egokienak. Hiesaren garairik latzenaren aurrean gizarteak erakutsitako hipokrisia eta politikarien efizientzia eza salatzeko ACT UP mugimenduak aurrera eramandako borroka erakusten digu.

Zinema Ziklo hau doan izango da, Bilborock aretoan, azaroaren 28an eta 29an arratsaldeko 19:00etatik aurrera, eta aurkezpena Bizkaiko Hiesaren Aurkako Herri Batzordearen eskutik izango da.