Hirugarren urtez, euren LGTB gaia antzeman ez den edo kontuan hartu ez den film klasiko bi aukeratu ditugu. Zinegoakeko edizio honetan aukeratu ditugunak garai ezberdinetakoak dira, baina zuzendari biak Hollywoodeko urrezko sasoikoak dira: Rouben Mamoulian eta Billy Wilder.

1933. urtean Mamoulianek Greta Garboren pelikula ezagunetako bat zuzendu zuen, “Queen Christina” (“Suediako Cristina erregina”). Bertan Garbok gizonezkoen arropak hartzen ditu eta emakumeei musu ematen die ahoan. Izan ere, Suediako Cristinak emakumeak gehiago maite zituen gizonezkoak baino. Garbok protagonistaren papera egin izana ere ez dirudi kasualitatea izan zenik. Bere bizitza beti egon zen misterioz josita, eta hainbat galdera erantzun barik utzi zituen. Oso gazte erretiratu zen eta horren ostean isolatuta egon zen.

Bere jarrera xelebreak eta ezkondu ez izanak, hain zuzen ere, zurrumurruak sortu zituen bere lesbianismoaren inguruan; tartean, Dolores del Rio aktore mexikarraren maitalea zela esaten zen, edo Mercedes de Acosta idazle hispano-estatubatuarrarekin. Azken horrekin 28 urteko adiskidetasuna izan zuen, eta elkarri eskutitz ugari idatzi zizkioten. Mercedes 1968. urtean hil zenean, eskutitz horiek harreman horren lekuko bezala geratu ziren.

1970. urtean, ia 40 urte geroago, Wilderrek Sherlock Holmes detektibe ospetsuaren homo edo bisexualitatea esatera ausartu zen, “The Private Life of Sherlock Holmes” (“Sherlock holmesen bizitza pribatua”) pelikulan. Komediaren errege horrek (Fernando Truebaren “jainkoa”) korapiloz eta misterioz beteriko istorio dibertigarri eta enigmatikoa proposatzen digu. Dantzari errusiarrak Watsonengana joaten direnean bere desirak asetzeko asmoz, barrez lehertzeko modukoa da. Amaierak ere ahoa bete hortz utziko digu.

“The Private Life of Sherlock Holmes” maisulan bat da, narratibari eta bisualtasunari dagokionean. Bere garaian kritika gogorrak izan zituen, eta ez zuen publikoaren erantzunik jaso. Gaur, parekorik ez duen zinegile baten proposamen berritzaile bezala geratu zaigu.

Zoragarriak diren pelikula bi hauek debalde ikusi ahal izango dituzue La Fundición aretoan.