Zinegoak 2017, otsailaren 20tik martxoaren 5era arte

Zinegoak 2017, otsailaren 20tik martxoaren 5era arte

Zinegoak 2017, otsailaren 20tik martxoaren 5era arte

Otsaila aniztasunaren hilabetea izango da Bilbon, Zinegoak jaialdiari esker

Urtez urte Bilboko LGTB zinema eta arte eszenikoen nazioarteko jaialdiak bere eskaintza handitu du: zinema, arte eszenikoak, kultura… Apurka-apurka Bilboko dozena bat espazio okupatu ditu, gero eta leku gehiagotara helduz, baina aurtengoan Zinegoak egun-kopuruari dagokionez ere handituko da. Horri esker, otsaila sexu-aniztasunaren hilabetea bihurtuko da Bilbon.

Aurtengo edizioan Zinegoak otsailaren 20an hasiko da, astelehena, Arriaga Antzokian beste behin ere, eta martxoaren 5ean amaituko da. Horrela, Zinegoak jaialdiak bi asteko iraupen ofiziala izango du, eta zinema, kultura eta arte eszenikoekin lotutako hamaika jarduera antolatuko dira, publiko guztietarako. Landuko diren gaiak honakoak izango dira: sexu-aniztasuna, genero-identitatea, familia-aniztasuna, feminismoa eta abar.

Pau Guillen jaialdiko zuzendariak aipatu duenez, “aurreko edizioek astebeteko iraupena izan dute, eta azkenean jarduera guztiak pilatzen zitzaizkigun. Gure asmoa ez da jarduera gehiago antolatzea, baizik eta denbora gehiago eskaintzea lan horietaz gozatu ahal izateko”.

Aste bi horietan programazio ofiziala antolatzeaz gain, jaialdia heldu baino lehen “3.2.1… Zinegoak” egitasmoa antolatuko da. Martxoan ere Zinegoak jaialdi ibiltaria bihurtuko da eta Euskal Herriko 30 herri baino gehiago zeharkatuko ditu.

Baina hauek ez dira jaialdiak dituen nobedade bakarrak.

Pau Guillenek nabarmendu duenez, “aurten sari berezi bi izango ditugu. Sari horietako bat oso lotuta egongo da zinemagintzarekin, eta bestea lotuta egongo da Afrikan LGTB pertsonen eskubideen alde lan egiten duten militanteekin”. Saridunen izenak eta ezaugarriak aurrerago zehaztuko dira.

Horrez gain, lehen aldiz formakuntza-saioak antolatuko dira ikus-entzunezkoak ikasten ari diren ikasleekin, EHUn eta bestelako hezkuntza-zentroetan.