Otsailaren 14tik 17ra arte, ez galdu “3, 2, 1… Zinegoak!”

Otsailaren 14tik 17ra arte, ez galdu “3, 2, 1… Zinegoak!”

Otsailaren 14tik 17ra arte, ez galdu “3, 2, 1… Zinegoak!”

Zinegoakeko 16. edizioa otsailaren 18tik martxoaren 3ra arte ospatuko da, baina jaialdiaren hasiera ofiziala baino lehen, jaialdiak hainbat jarduera antolatu ditu Bilboko erakunde, mugimendu eta elkarterekin elkarlanean. Otsailaren 14tik 17ra arte, proiekzio, jai eta bestelakoez gozatzeko aukera egongo da.

Egitaraua honakoa da, kuxkuxeatu!

OTSAILAK 14 – Osteguna – 18:30, Guggenheim Museoko auditorioa. PROIEKZIOA

I DON’T BELONG ANYWHERE: THE CINEMA OF CHANTAL AKERMAN

Bruselatik Tel Avivera, Parisetik New Yorkera, Chantal Akermanek bere bidaietan bisitatu zituen lekuetara eramaten gaitu dokumentalak. Akerman zinemagile esperimentala eta nomada da, eta gurekin partekatzen duen bidaia zinematografiko honetan, bere bizitzaren zentzua zalantzan jartzen du, ikuslearen estima galtzeko edota publikoari kontra egiteko arriskua hartuz. Bere muntatzaile Claire Atherton-ekin batera, bere hizkuntza eta hautu estetikoen jatorria azaltzen du. Gus Van Sant zuzendari estatubatuarrak adierazten duen bezala, film dinamiko eta berritzaileak dira, gaur egun ere hainbat artistengan eragina dutenak.

Guggenheim Bilbao Museoko TopARTE programaren baitan antolatutako jarduera

 

OTSAILAK 15 – Ostirala – 19:30, Bilborock. JAIA, Sare Lesbianistarekin elkarlanean.

MUNSTROKERIA: “Naturaren ordenaren aurkako produkzioa”

Zatoz zure munstrokeria Sare Lesbianistarekin ospatzera, eta atera ezazu barruan daramazun piztia. Geurea egingo dugu munstrokeria, hizkera eszeniko hauen bitartez besteak beste: Dantza, Antzerkia eta Musika.

– Arantza Iglesias, “ki”. Dantza garaikidea. Arantza Iglesiasek dantzaren lengoaia erabiltzen du mundu honetatik aldendu eta beste mundu batzuk ikusteko. “Ki” izeneko bakarkako saioarekin dator. «Mundua modu dualean eraiki dugu, eta hortxe gaude beti, gure tokia bi aukeren artean aurkitu nahian. Gainerako guztia ez da gizakien kontua, munstrokeria da».

– Marina Pallarés. Baietzaren antzerkia. Marina Pallarés Acting Now taldeko zuzendaria eta antzerki fisikoan eta antzerki aplikatuan espezialista da. Nazioarteko aditua da LGTBIQ+ taldeekin antzerki lan kolektiboak sortzen. Bilbon emango duen tailerrean, ondoren gozatuko dugun antzerki lana sortuko da, hizkera metaforiko probokatzaile eta emozionalaz baliatuta.

– Irrekoñozibles. Kontzertua. Emakumeak, gehienak bollerak, eta jotzeko gogoekin gatoz. Emakume gehiago ikusi nahi ditugulako oholtza gainean, asko dugulako esateko, eta apurtu beharreko moldeak eta bete beharreko mehatxuak ere baditugulako. Abestu, garrasi eta ulu egiten dugu. Hemen gaudenak baino gehiago gara, eta maskara daramagu edonor izan gaitezkeelako, aldi berean norbera bakarra den arren.

– DJ saioa. Musika saio itzela PESCATRIYEIS, DJ YOLI eta MONATXAren eskutik.

 

OTSAILAK 16 – Larunbata – 19:00, Bilborock. PROIEKZIOA

BIDE ZUZENAK, IBILBIDE OKERRAK

LGTBIQ mugimenduaren 25 urte Gasteizen

LGBTIQ+ kolektiboak azken urteetan hainbat aurrerapauso eman ditu. Urrats horiek pertsona eta elkarte ugariren konpromiso, aktibismo eta militantziari esker lortu dira. Izan ere, euren bizitzaren eta lanaren zati handi bat borroka honi eman diote.

Batzuetan beharrezkoa da geratu eta iraganera begiratzea, etorkizuna eraikitzeko.

Gasteizen azken 25 urteetan egon diren LGBTIQ mugimendu eta elkarteen errepaso historiko eta kronologikoa egiten duen dokumental honen aurkezpenera gonbidatzen zaituztegu. Bertan LGBTIQ eskubideen aldeko borrokan aritu diren pertsonen testigantzak  jasotzen dira, mugimenduaren etapa ezberdinetako irudiekin eta bere protagonisten ahotsekin batera.

OTSAILAK 16  – Larunbata – 21:30, Bilborock. ANTZERKI IRAKURKETA

LURRUN-MINEZ

Cafe Bar Bilbao antzerki gidoi laburren saria irabazi eta gero, Galder Perezek lurrun eta emoziozko istorio honen irakurketa dramatizatua proposatzen digu.

Lurrun-minez hiru mariken arteko drama psikologikoa, soziala eta sexuala da. Hiruki arrosa. Daviden Erreinua izeneko gay sauna batean gertatuko da ezusteko topaketa. Lurrun artean desioak, jaia, frustrazioak, erakarpen sexualak, boterea eta beste hamaika kontu labainkor nahastuko dira.

 

OTSAILAK 17 – Igandea, 19:00, Sala BBK, PROIEKZIOA

EVENING SHADOWS

Evening Shadows, Sridhar Rangayan zuzendari indiarraren azken lanaren emanaldi berezira gonbidatzen zaituztegu. Zuzendariak berak aurkeztuko du filma eta amaitzean berarekin solas egiteko aukera izango dugu.

Kartik gaztea gay da eta Mumbain bizi da, jatorriz India hegoaldeko herri txiki oso tradizional batekoa bada ere. Familiaren etxera itzultzean, amari bere benetako identitatea aitortuko dio.

Amak ez dauka norengana jo bere beldur eta zalantzak argitzeko, ezta bere seme maitearen egia ulertzeko ere. Gizarte patriarkal batean harrapatuta dago, eta bere erronka nagusia Damodar senar dogmatikoarekin borrokatzea da. Evening Shadows istorio unibertsalak ama eta semeen arteko harremanaz hitz egiten du: euren arteko loturak, eta denboraren eta errealitate gordinaren zailtasunei aurre egiteko duten indarra.