Otsailaren 15ean hasiko da “3, 2, 1… Zinegoak!” jarduera, ikusi programa!

Otsailaren 15ean hasiko da “3, 2, 1… Zinegoak!” jarduera, ikusi programa!

Ofizialki jaialdiagaz hasi baino lehen, Bilboko hainbat elkarte eta kultur erakunderekin batera antolatu ditugun jardueretan parte hartzea proposatzen dizuegu. Denak arratsaldez eta debalde izango dira.

Guggenheim Museoan Susan Sontag sortzailearen memoria aitortuko dugu. “Mi reflejo” dokumentalaren protagonistak eta zuzendariak entzungo ditugu trans haurtzaroaz berba egiten. LGTB webserieen inguruko topagune bat. Estereotipoak jarraitzen ez dituzten gorputz eta harremanei buruzko errezitaldi poetikoa eta kontzertua. Eta arratsalde bat LGTB gaiak lantzen duten bideo-jokoak ezagutzeko.

OTSAILAK 15, asteazkena (18:00, Bilboko Guggenheim Museoa): REGARDING SUSAN SONTAG.

‘Regarding Susan Sontag’ lana  XX. mendeko pentsalari probokatzaile handienetako baten ikerketa sakona da. Susan Sontag pasio handiko emakumea izan zen. Emakume elegantea izan zen, eta eredu literario, politiko eta feminista bihurtu zen bere belaunaldiarentzat. Dokumentalean Sontagen bizitza ikertzen da artxiboko irudi, lagunen lekuko, senide eta maitaleen testigantzetatik abiatuta. Bere berbak ere entzun ahalko ditugu, Patricia Clarksonen bitartez. Lan honetan, idazle eta kultur kritiko honen bizitza izugarria ezagutu ahal izango dugu: liburuekiko izan zuen pasio goiztiarra, gay taberna batean izan zuen lehenengo esperientzia, gaztetan izan zuen ezkontza, bere azken maitaleak… Artista honek hainbat gai jorratu zituen (argazkilaritza, guda, gaixotasuna, terrorismoa…) eta gaur egun oihartzuna izaten jarraitzen dute.

OTSAILAK 16, osteguna (19:00, Bilborock): TRANS HAURTZAROA, “MI REFLEJO” dokumentala.

Yolanda Cosgaya eta Silvia Pedraza zuzendarien dokumental honetan trans umeen testigantza eta bizipenak jasotzen dira. Lan hau Fundación Daniela eta Chrysallis Euskal Herriaren lankidetzarekin egin da, eta protagonistek modu zuzenean euren istorio pertsonalak kontatuko dizkigute, helburu argi batekin: euren egoera ezagutaraztea eta euren aldarrikapenei ikusgarritasuna ematea.

Proiekzioan dokumentalaren zuzendariak egongo dira eta, gainera, bertan agertzen diren protagonisten berbak entzun ahal izango ditugu, euren bizipen pertsonala bertatik bertara azalduz.

OTSAILAK 17, ostirala (19:00, Bilbao Berrikuntza Faktory): LGTB WEBSERIE ETA BIDEOJOKOAK.

Internet eta gainontzeko hedabide digitalei esker, komunikatzeko bide eta lengoaia berriak sortu dira. Gaur egun zinema eta telebistako fikzio eta dokumentalek ez dute horrenbeste baldintzatzen ikus-entzunezko sorkuntza.

Webserieak, esaterako, erreferente bihurtu dira fikziozko kontsumoaren baitan, eta LGTB gaiak ere ez dira mundu honetatik kanpo geratu. Batzuetan sentsibilizazioa bultzatzeko asmoa dago, tresna fresko eta informal baten bidez. Beste batzuetan, entretenitzeko asmoa dago, besterik ez, eta hori ere oso garrantzitsua da. Jarduera honetan hiru webserieren sortzaileak ezagutzea proposatzen dizuegu. Nola sortzen diren, nola kudeatzen diren, zein den euren egoera gaur egun eta zein den euren etorkizuneko norabidea. Webserieak honakoak izango dira:

  • Apoyo Positivoren “Indetectables”
  • Andoni Garridoren “Cómo conocí a la chica de bloodysoft”
  • Alba Guillenen “Notas a parte”
  • Nagore Goreren “Rosaura”

Solasaldi honen dinamizatzailea Rose of Dolls izango da, Bilbao Webfesteko zuzendaria.

OTSAILAK 18, larunbata (19:00, Bilborock): DESIRAK 3.0. NOCHE DE VARIEDADES (Pikara Magazine + Sare Lesbianista)

  • TXUS GARCÍA rapsodaren perforezital poetiko eta samurki arraroa.
  • ALICIA RAMOS kantautorearen kontzertua.

“Jessi. 26 urte. 1’70m. 56kg. Erakargarria, gozoa eta dibertigarria. Emakume femeninoa bilatzen du bere laguna izateko eta sortzen denerako”. Zer esango dut nitaz Wapa edo Tinder aplikazioetan? Zer ez dut esango? Zer bilatzen dut? Zer esango dut bilatzen dudala? Zeren arabera erakutsiko dut nire aurpegia edo gorputza? Norbaitek hitz egingo dit esaten badut 53 urte ditudala, 90 kilo pisatzen dudala, luma daukadala, musulmana naizela edo ama naizela?

Ligatzeko aplikazioetatik abiatuta, eredu estetiko eta aurreiritzien inguruan eztabaidatzea proposatzen dugu. Eta gure gorputzak eta desioak Wapak iradokitzen duena baino askoz erakargarriagoak direla aldarrikatzen dugu.

OTSAILAK 19, igandea (17:00, Bilborock): GAYMER JARDUNALDIA.

Zinea eta bideo-jokoen munduak gauza asko dituzte amankomunean: leku sinestezinetara eramaten gaituzte, istorio harrigarriak kontatzen dizkigute, haiekin negar edo barre egiten dugu… Tresna anitzak dira biak eta disfrutatzeko aukera asko eskaintzen dizkigute. LGTB+ elkarteak, zinean gertatzen den bezala, bere ordezkariak ditu bideo-jokoen munduan.

Gaymer.es-en bideo-jokoetara adituak diren LGTB+ pertsonen elkarte bezala, gure komunitatean eragina duten gai guztiek ordezkaritza handiagoa edukitzeaz arduratzen gara.

Horregatik, Bilborocken ospatuko dugun gogoeta jardunaldi batera gonbidatu nahi zaituztegu. Gure helburua pertsona ezberdinekin hitz egitea eta hauekin ikastea da: LGTB+ edo edozein motako aktibistak, gamer, geek… bideo-jokoei buruz jakitea ez da beharrezkoa.

Interesa duten pertsona guztiei animatzen zaituztegu jardunaldi hauetara etortzea, eztabaidatzeko edo entzuteko. Aniztasuna defendatzen duen elkarte bat bezala, zenbat eta aniztasun handiagoa izan, hobeto.