Pepa San Martín zuzendari txiletarraren zinema aitzindari eta konprometitua izango da Zinegoak 2020 Ohorezko Sariduna
- ALBISTEAK
- 21/01/20
Pepa San Martín zuzendari txiletarraren zinema aitzindari eta konprometitua izango da Zinegoak 2020 Ohorezko Sariduna
Zinegoak jaialdiak edizio honetako Ohorezko Saria nork jasoko duen jakinarazi du gaur. Bilboko gayslesbitrans zinema eta arte eszenikoen nazioarteko jaialdiak Pepa San Martin zuzendari txiletarren zinema konprometitu eta enpoderatua aitortu nahi izan du.
Pau Guillen Zinegoak jaialdiko zuzendariak azaldu duen bezala, “zinema eta kultura mundua eraldatzeko arma gisa ulertzen ditu San Martinek”. Zinemagileak emakumeei dagokien espazioa eta ikusgarritasuna aldarrikatzen du bere lanaren bidez, bai Txileko gizartean, bai zinemaren industrian.
Curicó hirian jaiotakoa 1974. urtean, San Martin zinemarekin eta antzerkiarekin lotuta egon da bere ibilbide profesionalean. Hainbat antzezlan zuzendu ondoren, 2004an bere zine ibilbideari ekin zion, 30 bat film luzetan parte hartuz, batez ere zuzendaritza laguntzaile bezala.
2011n eta 2012an La Ducha eta Gleisdreieck zuzendu zituen, hurrenez hurren. Lan hauetan oso argi utzi zuen zein izango zen bere asmoa etorkizunean. Izan ere, lan bi hauetako protagonistak emakumeak eta lesbianak dira, eta San Martinek narrazioaren espazio nagusia eurei ematen die. Bietan, zuzendariak lotura afektibo sakon eta konplexuak deskribatzen ditu oso modu errazean. Eta bietan ere, Macarena Lopez eta Marianne Mayer-Beck ekoizleekin lan egin zuen. Bi lanekin nazioarteko hainbat sari jaso zituen, besteak beste, Berlinaleko Film labur Onenaren DAAD Saria eta New Yorkeko Nazioarteko Zinemaldiko Film labur Onenaren Saria (2011) edo Valdiviako Zinemaldiko Film labur Onenaren Saria (2012).
2016an, Rara, bere lehen film luzea, kaleratu zuen eta arrakasta lortu zuen publikoaren eta kritikaren artean. Nazioartean hainbat sari lortu zituen, besteak beste, Donostiako Zinemaldiko Horizontes Latinos saria jaso zuen. Lan horretan, San Martinek Karen Atala jatorri palestinarra duen abokatu eta epaile txiletarraren benetako istorioa kontatzen du. Atala bere burua lesbiana gisa izendatu zuen Txileko epailetzako lehen profesionaletako bat izan zen. Protagonista lesbianak izanda, publiko orokorrerako kalifikazioa lortu zuen lehenengo pelikula izan zen Txileko zine komertzialetan.
Pau Guillen Zinegoak jaialdiko zuzendariaren arabera, “Pepa San Martinen filmografiak eskema zaharrak irauli nahi ditu, elkarrizketak irekitzen dituen bitartean”. Era berean, Txilen emakumeen eskubideen eta parekidetasunaren alde emandako urratsak ez direla nahikoa aldarrikatzen du, gaurkotasunak ere aditzera eman duenez.
Horregatik guztiagatik, zuzendari txiletarraren lana, kemena, energia eta kontzientzia aitortu nahi izan ditu Zinegoak jaialdiak: “Espero dugu egindako lanaren aitorpen gisa ez ezik, zalantzarik gabe etorriko diren proiektuak indartzeko eta babesteko ere balio izatea”.
Zinegoak 2020ko Ohorezko Saria otsailaren 24an Arriaga Antzokian egingo den Inaugurazio galan jasoko du. Aurretik, hilaren 23an, Rara bere filma proiektatuko da, 19:00etan, BBK Salan. Horrez gain, otsailaren 26an masterclass bat eskainiko du Euskal Herriko Zinema Eskolan, EHZE.