Joao Pedro Rodrigues zinegilea eta Ugandako LGTB Zinema Jaialdia, aurtengo Zinegoak jaialdiko saridunak

Joao Pedro Rodrigues zinegilea eta Ugandako LGTB Zinema Jaialdia, aurtengo Zinegoak jaialdiko saridunak

Joao Pedro Rodrigues zinegilea eta Ugandako LGTB Zinema Jaialdia, aurtengo Zinegoak jaialdiko saridunak

Aurtengo edizioaren nondik norakoak ezagutzera ematen jarraitzen du Zinegoakek, Bilboko gaylesbotrans Nazioarteko Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdiak. Beste urte batez, jaialdiak sari bat eskainiko du LGTB zinemagintzan egindako lana aitortzeko asmoz. 14. edizio honetan, Ohorezko Saria Joao Pedro Rodrigues zinema-zuzendari portugaldarrak jasoko du.

Rodriguesek Zuzendari Onenaren Saria jaso berri du Locarnoko Jaialdian, O Ornitólogo bere azken pelikulari esker (lan hau ikusgai egongo da Zinegoaken). Zinegile portugaldarra 1966. urtean jaio zen Lisboan, eta bere herrialdeko zuzendari esanguratsuenetako bat da. LGTB zinemagintzan ere erreferentea da; sari ugari jaso ditu nazioarteko hainbat jaialditan (Venecia, Berlin, Locarno…) eta Cannes bezalako jaialdietan ere estreinaldiak egin ditu.

Roberto Caston Zinegoakeko Programazio Zuzendariaren berbetan, “Europako zinema-zuzendari esanguratsu eta berritzaile nagusietako bat da”. Rodriguesen lanek begirada probokaitzailea dute: eduki zaharrei forma berriak ematen dizkie, eta gizakiaren desira bere aldaera guztietan aztertzen du. Halaber, Rodriguesek hainbat genero landu ditu: dokumentalak, zinema esperimentala eta abar.

Zinegile portugaldarrak ibilbide oparoa du zinemagintzan. Honako lanetako zuzendaria izan da: O Fantasma (2000), Odete (2005), Morrer como um homem (2009), A última vez que vi Macau (2012) eta O Ornitólogo (2016). Rodriguesek Ohorezko Saria jasoko du Zinegoakeko Inaugurazio Ekitaldian, otsailaren 20an, Arriaga Antzokian.

Horrez gain, otsailaren 21ean Rodriguesek masterclass bat eskainiko du EHUko eta bestelako hezkuntza-zentroetako ikusentzunezko komunikazioko ikasleekin. Hitzordua BilbaoArteko Art House Zinema aretoan izango da.

Queer Kampalarentzat Sari Berezia

Aurten, salbuespen modura, Zinegoakek Sari Berezi bat emango dio LGTB eskubideen alde lanean ari den mugimendu edo eragile bati. Queer Kampalak jasoko du saria, Ugandako LGTB Zinema Jaialdiak, eta Hassan Kamoga bere zuzendaria Bilbora etorriko da saria jasotzera eta Nazioarteko Epaimahaikide izatera, dokumentalen atalean.

Gaur egun, Ugandan homosexualitatea ilegala da oraindik. 2014. urtean lege-proposamen bat aurkeztu zen bertako parlamentuan harreman homosexualak heriotzarekin zigortzeko, baina azkenean atzera bota behar izan zuten forma arazoengatik eta nazioarteak tokiko LGTB komunitatearekin batera egindako presioari esker.

Testuinguru honetan, 2016ko abenduan lehenengo aldiz, Queer Kampala International Film Festival (QKIFF) antolatu da, Afrika ekialdeko LGTB zine-jaialdi bakarra. Jaialdian 26 pelikula programatu dira (bederatzi afrikarrak izan dira), eta aurrerapauso nabarmena izan da LGTB eskubideen alde herrialde horretan.

Zinegoakeko zuzendari Pau Guillenek azpimarratu duenez, “oso garrantzitsua da Zinegoakentzat mota honetako ekimenei atxikimendua ematea, testuinguru konplexuenetan kulturaren bidez lan egiten dutelako. Gure aitortza eta indarra eskainiko diegu, Queer Kampalak aurrera egin dezan”.

Hassan Kamoga, QKIFFko zuzendaria, Zinegoaken presente egongo da. Sari Berezia otsailaren 24an jasoko du BBK aretoan, eta bertan “Outed: The Painful Reality” bere pelikula ikusi ahal izango da.