Nazioarteko Epaimahaikideak Ruben Ochandiano, Miren Aperribay eta Marion Berger izango dira

Nazioarteko Epaimahaikideak Ruben Ochandiano, Miren Aperribay eta Marion Berger izango dira

Nazioarteko Epaimahaikideak Ruben Ochandiano, Miren Aperribay eta Marion Berger izango dira

Zinegoak jaialdiak jakinarazi du aurten nortzuk izango diren Nazioarteko Epaimahaia osatuko dutenak. Fikziozko luzemetraien epaimahaiko kideak honakoak izango dira: Ruben Ochandiano aktorea, Miren Aperribay banatzailea eta Marion Berger programatzailea.

Ruben Ochandiano Madrilen jaiotakoa eta, besteak beste, “Silencio roto”, “Tapas”, “Che”, “Biutiful” edo “Los abrazos rotos” luzemetraietan parte hartu du. Bere lehenengo laburmetraiko zuzendaria ere izan da (“El Paraiso”), eta hainbat sari jaso ditu lan horregatik. Horrez gain, hainbat antzezlanetan parte hartu du, aktore eta zuzendari moduan. Miren Aperribay, bere aldetik, Atera Filmseko sortzaile eta zuzendaria da, eta, besteak beste, honako lanetan ibili da banatzaile: “Loreak”; “80 egunean”, “Kalebegiak”, “Amama”… Hemen Here elkarteko kide eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Arte Kontseiluko kide ere bada. Azkenik, Marion Berger Tarifako Zinema Afrikarreko Jaialdiko (FCAT) Programazio Zuzendaria da.

Horrez gain, aurten Zinegoak jaialdiak dokumentalen presentzia areagotuko du bere programazioan, eta, horren eraginez, dokumentalek epaimahaikide berezitua izango dute. Besteak beste, epaimahaikideak izango dira EHUko Ikus-entzunezkoen irakasle Vanesa Fernandez eta Marc Serena dokumental-egile eta kazetari kataluniarra.

Halaber, Zinekoakeko gainontzeko sarietako epaimahaikideak eragile, elkarte eta erakundeetako ordezkariak izango dira, talde hauek guztiak jaialdiaren parte bihurtuz.

Off Atalean (labur eta luzemetrai esperimentalak), berbarako, epaimahaikideak tokiko sortzaile eta artistak izango dira. Aniztasun eta Giza Eskubideen Sariaren epaia hartzeko arduradunak honakoak izango dira: alde batetik Bizkaiko Foru Aldundiko Berdintasun, Lankidetza eta Aniztasun Zuzendaritza; eta, bestetik, estatu mailan giza eskubideen alde lan egiten duten erakundetako ordezkariak. Lesbianismo eta Generoaren Epaimahaia Bilboko hainbat talde feministek eta emakume lesbianen taldeek osatuko dute. Euskal Aktoreen Batasuneko saria emateko arduradunak Haizea Aguila, Javier Liñera eta Jon Koldo Vazquez aktoreak izango dira.

Azkenik, ikus-entzunezko komunikazioa ikasten ari diren ikasleek Sari Gaztea emateko ardura izango dute. Parte hartuko duten hezkuntza-zentroak honakoak dira: IEPFS Tartanga, EHUko LGTB Liga, Euskal Herriko Zinema Eskola eta IMVAL.