FONDO_ZG_2019_2

OHOREZKO SARIA 2018

ÉMILIE JOUVET

Emilie_zinegoak

«Bizitza intimoa eztabaida soziala bilakatu da.»

Oso gaur egunekoa den hausnarketa aparta hori Honorinena den arren, Balzacen “La Comedia Humana” (1843) liburuko protagonistetako batena, oso aproposa da Émile Jouvet zinegilearen ibilbidea azaltzeko.

Émilie Jouvet argazkilaria da, zine zuzendaria eta ekoizlea. Pariseko Argazkilaritza Goi Eskolan Arte Ederrak ikasi ondoren, 2004an Queer Factory Artisten Taldearekin bat egin zuen. Bere lanetan botere tresnak aztertzen ditu (besteak beste gorputza, gure esku dugun azken arma baita): bizitza intimoa eta naturala, gizakiaren adierazpen natural eta oinarrizko gisa ulertuta; rol femeninoa hain maskulinizatuta -hain esplotatuta eta hain gutxi esploratua- dagoen mundu honetan, esaterako helduentzako zinean (Histoire d’Ovidie, genero horretako zuzendari bakarrenari buruzko erretratu aparta); edo amatasun eta aitatasun queerrak, herritar askori horretarako aukera kendu edo traba asko jartzen dizkien gizarteetan.

Baina Émilie Jouveten alderik harrigarriena bere begirada naturala da. Batzuek alde probokatzailea edo inmorala bilatzen dioten arren, zinegileak bere protagonistenganako begirada atsegina erakusten du une oro, bere ekintzak argiak dira, bere keinuak ederrak, eta aukera mugagabeko gorputza -fisikoa eta soziala- azaltzen du, modu naturalenetan adieraziz.

2006. urtean, Frantziako lehen film queerra, lesbikoa eta transgeneroa zuzendu zuen, One Night Stand, eta sari ugari jaso zituen nazioarte mailan. Hiru urte beranduago artista talde bat sortu, eta beraiekin Europa zeharkatu zuen. Hiri handiak eta herri txikiak bisitatu zituzten, eta oholtza gainean zein oholtzatik kanpo egindako emanaldiak grabatu zituen Jouvetek. Sexu adierazpen esplizituko performance horietatik eta emakumeek euren artean dituzten elkarrizketatik abiatuz, sortzen eta zehazten hasi ziren sexualitateaz dituzten ideiak, aurreiritziak, eta gorputzen aldarrikapena; feminista queerrak dira, eta politikoki zuzenaren etiketei eta gizartearen inhibizio eta konbentzialismoei muzin egiten diete. Material aberats horrekin guztiarekin, Too Much Pussy! Feminist Sluts, a Queer X Show ekoitzi zuen, road movie aparta, eta areto komertzialetan estreinatu zuen. Zinema gordina da, sexu adierazpen esplizituekin, eta norberaren sexualitate femeninoaz jabetzeko argudioa da, kutsu politikoarekin. Zuzendariaren beste arrakasta bat; intelektualek, queerrek eta feministek txalotua, eta, besteak beste,  LGTB Film Onenaren Saria jaso du Canneseko Jaialdi Independentean.

2014an bere lehen argazki monografia, “The Book”, argitaratu zuen, eta horren atzetik erakusketa eta argazkilaritza topaketatan parte hartu zuen, esaterako, Arles, Tokio edo Kopenhagen.

2016an BIMerako hautatua izan zen (Biennale de l’Image en Mouvement) Ginebrako Arte Garaikidearen Museoan, eta bertan, Aria aurkeztu zuen. Film horretan, Frantzian emakume lesbianei eskaintzen zaien laguntza bidezko ugalketa eta amatasun eta aitatasun queerra jorratzen ditu, eta herrialde horretan homofobiak izan duen gorakadaren azterketa ere egiten du.

2017an bere bosgarren film luzea estreinatu zuen, My Body My Rules(Pariseko Chéries-Chéris jaialdian Epaimahaiak Dokumental Onenaren Sari Berezia eman zion). Manifestu feminista bikaina da. Gizartearen arketipoetan tokirik ez duten, erakusten ez diren edo tabua diren emakumezko gorputzei ahotsa ematen die, eta arauak eta sor daitezkeen erresistentziak zalantzan jartzen ditu. Hori guztia generoa, kolorea, mugitzeko gaitasuna, ile ugaritasuna, pisua, adina edo identitatea kolokan jartzen dituen erretratu-erakusketa batean.

Gure Ohorezko Sariarekin, honakoa baloratu eta ezagutzera eman nahi dugu: ezberdintasunaren naturaltasuna, eta mugarik gabeko gizartea defendatzen dutenen eta pertsona guztienganako errespetua bilatzen dutenen ausardia.

Horregatik guztiagatik, gure aitorpenik handiena Émile Jouvetentzat izango da. Artista konprometitua eta ausarta da, gai unibertsalekiko joera du, eta borroka itzela egin du Iraultza Frantsesaren ondorioz sortutako 1789ko Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala bertan behera uzteko eta horren ordez, Iraultza Queerraren ondorioz sortutako  “Ezberdintasun Aberasgarriak ditugun Hiritar guztien Aldarrikapen Unibertsala” ezartzeko.

EMANALDI BEREZIAK

MASTERCLASS