OHOREZKO SARIA

JOÃO PEDRO RODRIGUES

João Pedro Rodrigues Lisboan jaio zen, 68ko Maiatzeko Iraultza baino bi urte lehenago eta Krabelinen Iraultza, Salazarren diktadura luzea garaitu zuen herriaren eta militarren matxinatze hura baino 9 urte lehenago. Biologo izan nahi zuen; oso gaztetatik zuen ornitologiarekiko zaletasuna, 8 urte zituelarik prismatikoak oparitu zizkiotenetik. Maite zuen mendira joatea txoriak behatzera. Baina 15 urterekin beste arte bat maitatzen hasi zen, aske eta hegalekin, hegaztien modura: zinea. Portugaleko Zinematekaren egoitza nagusia Lisboan dago, eta Europako funtsik handienetako bat da. Bertan, JPR-k arratsaldeak igarotzen zituen, mota guztietako zine klasikoa ikusten. Bertan ikasi zuen gaur dakien ia guztia.

JPR-k 1988an lortu zuen gradua, Lisboako Zine eta Antzerki Goi Eskolan, baina oraindik ez zuen bere burua prest ikusten serio filmatzen hasteko. Lehenago, muntatzaile edo zuzendari laguntzaile gisa lan egindakoa zen, zinemagile hauentzat besteak beste: Pedro Costa, Manuel Mozos, Rita Azevedo Gomes, Maria de Medeiros edo Teresa Abere lehen bideo-lanak zuzendu zituen: “Esta é a minha casa” eta “Viagem à Expo” dokumentalak, eta “Parabéns!” fikziozko film laburra (LGTB gaia jorratu zuen lehen aldia). Lehen lan horietan hasi zuen bere harreman pertsonala eta artistikoa João Rui da Matarekin (JRM): JPRen lanen eskuineko eskua, ezkerreko eskua, aktorea, dekoratzailea, zuzendari artistikoa edo zuzendari-ondokoa.

Bere lehen film luzea, “O fantasma”, 2000an estreinatu zen Veneziako festibalean, sail ofizialean lehiatuz. Nazioarteko kritika on izugarri jaso zituen, eta baita zenbait zalaparta sortu ere Portugaleko estreinaldian. Ez zen gutxiagorako. Bere debuta, oro har zine europarraren barruan eta bereziki queer zinearen barruan izan dugun debutik pertsonal, biszeral eta arrakastatsuenetako bat dugu.

2005era arte itxaron behar izan genuen bere bigarren film luzea ikusi arte: “Odete”, oraingoan Canneseko festibalean. “Odete” istripu batean hiltzen den gazte gay batekin maiteminduta dagoen emakume baten istorioa da. “Haurdun” geratzen da mutilaren hilobiaren gainean masturbatu ondoren. Horrela kontatuta ez dirudi (des)amodio kontakizun bat, baina bada. Bada baita ere, desirari eta maitatuaren ausentziari buruzko istorioa (bere lanean modu batean edo bestean jorratzen dituen gaiak). Film honekin Bilbora bidaiatu zuen, Zinegoak festibalean parte hartzeko.

Lau urte geroago Cannesen errepikatu zuen, “Morrer como umhomem” (2009) filmarekin, musika-melodrama (musika gabekoa),  tragedia “klasiko” transexuala, transgenerikoa, transfikzionala, transbersala… Seme homofobo bat duen protagonistaren odisea homerikoa. Semeak bere sexu aldaketa atzera bota beharko du silikonak eragindako infekzio orokor baten erruz, eta den ez bezala hilko da azkenean, gizon gisa. 2010ean, JPR Bilbora itzuli zen film horrekin, Zinegoakeko zazpigarren edizioan parte hartzera.

Film labur baten eta bestearen artean, “China, China” (2007) film laburra zuzendu zuen JRM-rekin batera, bere lehen “film asiarra” izango zena.  Bikote hura errepikatu zuten eta “A última vez que vi Macau” film luzea estreinatu zuten Locarnoko festibalean 2012an. Epaimahaiaren aipamen berezia jaso zuen filmak. Eta osperik handiena Locarno aurreko edizioan aitortu zioten, 2016an, Arturo Ripstein presidente zuen nazioarteko epaimahaiak “O ornitólogo” filmarekin zuzendari Onenari Saria eman zionean. Orain arteko filmografia osatzen duen pieza horrekin, JPR-k metamorfosiaren, nahasketaren eta surrealismoaren arteak sakontzen ditu. Gizakiak eta animaliak, iragana eta oraina, bizitza eta heriotza, mina eta erotismoa, errealitatea eta irudimena dira “O ornitólogo” bultzatu duten bikoteak. Film onirikoa dugu, apokalipsia, mistizismoa, atabismoa eta (homo)sexualitatea kontzienteki nahasten dituena.   

Eduki zaharberrituak adierazteko asmoz egiten duen bilaketa geldiezin eta sailkaezinarengatik, bere begirada probokatzaileagatik, egin duen eta oraindik egingo duen guztiagatik, Zinegoak17 Ohorezko Saria jasoko du João Pedro Rodriguesek.

MASTERCLASS “JOÃO PEDRO RODRIGUES  & JOÃO RUI GUERRA DA MATA”

OTSAILAK 21 / 12:00/ ART HOUSE ZINEMA (BilbaoArte)/ DOAKO SARRERA

EMANALDI BEREZIA “EL ORNITÓLOGO”

OTSAILAK 21 /19:45 / GOLEM ALHONDIGA /DOAKO SARRERA