14. edizioak aurreikuspenak bete ditu: publiko gehiago gerturatu da eta aste biko programaren balorazio positiboa egin du

14. edizioak aurreikuspenak bete ditu: publiko gehiago gerturatu da eta aste biko programaren balorazio positiboa egin du

Zinegoakeko 14. edizioak aurreikuspenak bete ditu: publiko gehiago gerturatu da eta aste biko programaren balorazio positiboa egin du

– Jaialdiak Bizkaia, Araba, Gipuzkoa eta Nafarroako 33 udalerri zeharkatuko ditu apirilaren 7ra arte, Hedapen programaren bidez.

– Hegoak elkartea izan da orain arte jaialdiaren antolatzailea, baina aurrerantzean “Zinegoak” elkartea sortuko da jaialdia bera eta genero- eta sexu-aniztasunarekin lotutako jarduerak antolatzeko, zinema eta kulturaren bidez.

Zinegoakek 14. edizio honen balorazio positiboa egin du. Aurten Bilboko LGTB zinema eta arte eszenikoen nazioarteko jaialdiak apostu garrantzitsua egin du, programazioa bikoiztuz (astebete izan beharrean, aste biko programa antolatuz) eta dokumentalen presentzia handituz, fikzioekin parekatuz.

Zinegoakeko antolakuntza pozik agertu da publikoak aldaketa honen aurrean izan duen erantzunarekin. 8000 lagun baino gehiago gerturatu dira Bilboko 14 areto ezberdinetan antolatu diren jardueretara. Kopuru hau aurreko edizioetakoa baino handiagoa izan da. Dokumentaletan, adibidez, nabarmena izan da publikoak izan duen erantzuna, sesio asko beteta egon direlako. “Hedapena amaitzen denean, publikoaren balorazio orokorra egingo dugu, baina seguru gaude guztira 10.000 lagun baino gehiagotara helduko garela”, azaldu du Zinegoakeko zuzendari Pau Guillenek.

Arriaga Antzokian egindako hasiera-ekitaldia izan da jarduerarik jendetsuena. Beste urte batez, Bilborock izan da publikoaren erreferentzia nagusia, eta aste bietan zehar publikoa mantentzea lortu du egunero. BilbaoArtek ere publiko fidela izatea lortu du. Era berean, Zinegoakek bere publikoa zabaltzen jarraitu du, jaialdiarekiko interesa handitu du (webguneko bisiten kopurua handitu da, hedabideetan izandako oihartzuna handitu da eta abar)… Horri guztiari esker, Zinegoak Bilboko jaialdietako erreferenteetako bat bihurtu da.

Kopuruez harago, Zinegoakeko antolakuntza pozik agertu da programazioak sortu duen interesagatik eta balorazio positiboagatik. Iraupena handitzeak ere ahobeteko onarpena izan du. Guillenek nabarmendu duenez “edizio honetako apostu garrantzitsua zen, eta jende ugarik eskertu digu iraupena luzatu izana, denbora gehiago izan dutelako saioetara joateko eta euren burua antolatzeko”.

Behin Bilboko proiekzioak amaituta, Zinegoak Bizkaia, Araba, Gipuzkoa eta Nafarroako 33 udalerri zeharkatzen hasi da, Hedapenaren bidez, apirilaren 7ra arte. Udalerriak honakoak izango dira: Aiara, Aramaio, Artziniega, Laudio, Abadiño, Bakio, Barakaldo, Basauri, Bermeo, Berriz, Durango, Erandio, Getxo, Igorre, Leioa, Mungia, Ondarroa, Portugalete, Sopela, Sestao, Urduña, Arrasate, Azpeitia, Donostia, Hondarribia, Hernani, Lezo, Ordizia, Tolosa, Zumaia, Iruñea eta Tutera. Herri bakoitzeko programazio zehatza www.zinegoak.com webgunean kontsulta daiteke.

Azkenik, hurrengo edizioei begira, Hegoak elkarteak (orain arte jaialdia antolatu duenak) “Zinegoak” elkarte sortu berriari lekukoa pasako dio. Elkarte berri honek izango du ardura aurrerantzean jaialdia antolatzeko, eta sexu eta genero-aniztasunagaz lotutako bestelako jarduerak ere antolatuko ditu, zinema eta kulturaren bidez.

Urtean zehar, Zinegoakek prozesu bat zabalduko du bestelako elkarte, eragile eta norbanakoen parte-hartzea sustatzeko, elkarte jaioberri honen baitan murgiltzeko eta funtzionamendu ireki eta barneratzailea sortzeko.