Zinegoakeko 16. edizioak egitura berria, arte eszenikoen bultzada eta 140 jarduera baino gehiago izango ditu

Zinegoakeko 16. edizioak egitura berria, arte eszenikoen bultzada eta 140 jarduera baino gehiago izango ditu

Zinegoakeko 16. edizioak egitura berria, arte eszenikoen bultzada eta 140 jarduera baino gehiago izango ditu

– Jaialdiak hiru kategoria izango ditu Sail Ofizialean: FIK, DOK eta KRAK. Egoitza nagusiak Bilborock, Golem eta BilbaoArte izango dira.

– Sexu aniztasunagaz lotutako hainbat gai landuko dira: intersexualitatea, LGTBI+ pertsona nagusien ikusgarritasuna eta pertsona errefuxiatuek bizi duten errealitatea.

– Hasiera ekitaldia otsailaren 18an izango da, Arriaga Antzokian, eta itxiera martxoaren 2an Bilboko Elkarte Filarmonikoan.

Zinegoakek aurtengo edizioko programazioa aurkeztu du gaur, Bilbon egindako prentsaurrekoan, Pau Guillen, Alaitz Arenzana eta Julen Nafarrate antolatzaileen eskutik. Jaialdia otsailaren 18tik martxoaren 3ra arte antolatuko da, eta nobedadez josita helduko dira: egitura berria, arte eszenikoen indar berezia eta bi asteko programazioa. Programazio horretan, nazioarteko jaialdietan saritutako titulu ugari agertuko dira.

Edizio honetako leloa “Lumaz harro” izango da, aurten, Zinegoakek genero-adierazpena landu nahi duelako bereziki. Pau Guillen zuzendariak aipatu duenez, “norberak bere identitatea modu naturalean adieraztea aldarrikatu nahi dugu. Lumaz harro gaude, ez da lotsatzeko kontu bat. Bakoitzak eskubidea izan behar du, naturaltasunez, nahi duen moduan bere generoa adierazteko, eta lau haizetara zabaltzeko. Lumak indartsu egiten gaituelako”.

Jaialdiaren inaugurazioa otsailaren 18an izango da, Arriaga Antzokian, 20:00etan (gonbidapenak antzokiko txarteldegietan eta Bilboko turismo bulegoan jaso daitezke). Sridhar Rangayan zuzendarri, ekoizle eta ekintzaile indiarrak edizio honetako Ohorezko Saria jasoko du. Aurreko egunean, hilaren 17an, BBK aretoan antolatutako proiekzio berezi batean, Rangayanen azken filma, Evening Shadows, ikusi ahal izango da, zuzendariaren parte-hartzearekin.

Jaialdiaren lehenengo astean, otsailaren 18tik 24ra arte, jaialdiko pelikula guztiak proiektatuko dira Golem eta Bilborocken, eta BilbaoArten Zinegoakeko “zertzelada” bat ikusi ahal izango da, doako sarrerarekin. Bigarren astean, Bilborocken eta BilbaoArten proiekzioak mantenduko dira, eta hainbat jarduera osagarri antolatu dira.

Guztira, jaialdiak 25 film luze izango ditu Sail Ofizialean, hiru kategoriatan banatuta: FIK, DOK eta KRAK. Fikzioak FIK kategorian bilduko dira. Besteak beste, Oscar Wilden azken urteak kontatzen dituen Happy Prince egongo da, Rupert Everettek zuzendu, ekoiztu eta antzeztutakoa; edo Rafiki, eduki lesbikoa duen Keniako lehenengo pelikula.

DOK kategorian dokumentalak izango dira protagonista. Besteak beste, intersexualitatearen errealitatea ezagutuko dugu Ez Eva ez Adan. Kontakizun intersexual bat lanean, eta Kartzela Bollerak dokumentalak espetxeetako sexualitate disideenteen egoera kontatuko du.

KRAK kategoria aurtengo nobedade nagusia izango da, jaialdiaren egitarauari dagokionez. OFF Zinegoak kategoria zaharraren lekukoa hartuko du, eta bertan agertuko da zinerik apurtzaileena. Generoak, lengoaiak eta estetikak nahasten ditu. Besteak beste, Bertrand Mandicoren Les Garçons sauvages pelikula egongo da (Cahiers du Cinéma aldizkariarentzat, 2018. urteko pelikularik onena); Diamantino, Europako Zinearen Sarietan komediarik onenaren nominazioa jaso zuena; edo Un couteau dans le coeur, Vanessa Paradisen thriller lesbikoa.

Film luzeez gain (guztira estatu mailako 8 estreinaldi egongo dira). Zinegoaken film labur ugari egongo dira: guztira, mundu osoko 47 lan. Aurreko urteetan bezala, “Emakumeak” eta “Haurtzaroa eta Nerabezaroa” sail bereziak egongo dira. Aurtengo nobedadea “Indarkeria eta errefuxiatuak” kategoria izango da, LGTBI+ errefuxiatuek bizi duten errealitatea gerturatzeko asmoz.

Era berean, Zinegoaken Euskal Herriko 13 lan egongo dira: 10 film labur (gehienak “Erroak” izeneko kategorian egongo dira), dokumental bat eta arte eszeniko bi.

Kalitatezko zinea izateaz gain, arte eszenikoek inoiz baino indar gehiago izango dute. Inaugurazio ekitaldian Elisa & Marcela, antzerkiaz gozatu ahal izango dugu, A Panadaría konpainia galiziarraren eskutik. Horrez gain, otsailaren 24an, goizez, Xake Produkzioen Lur antzezlana egongo da, umeen transexualitatea modu hunkigarrian lantzen duen antzezlana.

Jarduera osagarriei dagokionez, bigarren astean hainbat hitzaldi eta proiekzio berezi egongo dira. Adibidez, FNACen LGTBI+ nagusien ikusgarritasunari buruzko jardunaldi bat egongo da. Sareanen umeen transexualitateari buruzko “Bilgune” berezi bat egongo da, Mikele lanaren proiekzioarekin. Gainera, Valeria Vegas kazetariak “Vestida de azul” bere azken liburua aurkeztuko digu, transexualitatea trantsizioan aztertzen duen lana. Horrez batera, Vestidas de azul dokumentala proiektatuko da, Bastida Aretoan.

Aurtengo berritasun modura, “ZG Jardunaldi Profesionalak” antolatuko dira, Europa Creativa MEDIA Desk Euskadi eta EHU/UPVren lankidetzarekin. Zinegoakeko hainbat gonbidatuk masterclassak eskainiko dituzte formakuntza zentroetan.

Zinegoakeko itxiera martxoaren 2an izango da, larunbata, Bilboko Elkarte Filarmonikoan. Bertan, aurtengo saridunen zerrenda jakinarazteaz gain, Apoyo Positivo elkarteak Sari Berezia jasoko du, 25 urte bete dituelako eta sexu-aniztasuna ikus-entzunezkoen bidez lantzen dutelako.

Zinegoak martxoaren 3an amaituko da ofizialki, baina horren ostean Zinegoakeko hedapena izango da, 60 proiekzio baino gehiagorekin, Euskal Herri osoko 44 udalerritan.