Let there be light (Nech je svetlo) film eslovakiarrak irabazi du Zinegoak 2020 Sari Nagusia

Let there be light (Nech je svetlo) film eslovakiarrak irabazi du Zinegoak 2020 Sari Nagusia

Let there be light (Nech je svetlo) film eslovakiarrak irabazi du Zinegoak 2020 Sari Nagusia

Zinegoakek, Bilboko Gaylesbitrans Nazioarteko Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdiak, ezagutzera eman du gaur zeintzuk diren 17. edizioaren saritutako lanak. Marko Škop zuzendariaren Let there be light (Nech je svetlo) film eslovakiarrak eskuratu du Zinegoak 2020 Sari Nagusia. Sari hau epaimahai ofizialen eta publikoaren artean erabakitzen da. Škopen lanak FIK sailean irabazi du, eta Europa erdialdean gorroto-diskurtsoek eta homofobiak izan duen gorakada salatzen du. Hori dela eta, epaimahaiak nabarmendu nahi izan du “pelikula honek gizarte patriarkal eta militarista honen mekanismoak agerian uzten ditu. Horien eraginez aniztasuna isilarazi eta zigortzen dute, desirak mugatuz eta pertsonak askatasun barik bizitzera kondenatuz”.

Horrez gain, pelikula honetako Zuzana Konecna aktoreak ere Film Luzeko Antzezpen Sekundarioaren Saria eskuratu du, “mina, amorrua, inpotentzia eta haserrea antzeztu duelako maisutanez. Hori guztia ia-ia elkarrizketa barik eta pertsonai protagonistaren presentzia nabarmenari kontrako pisua eginez”.

FIK epaimahaiak ere aipamen berezia eman dio Alexandre Moratto zuzendariaren Sócrates film brasildarrari, “pelikula bikaina delako eta elementu filmiko guztiak egoki lantzen dituelako”.

DOK sailari dagokionez, Nicole Costa txiletarraren El viaje de Monalisa lanak irabazi du. Argudiatu dutenez, “film honetan zinegile baten eta bere lagun baten arteko akordioa ikusten da. Haren lagunak “aitortutako bigarren identitate” bat du, eta biekin batera ikuslea gau basati eta ederretan barrena murgiltzen dute”.

KRAK kategorian, berriz, narratiba berriekin lotutakoa, Jessie Jeffrey Dunn Rovinelliren So Pretty izan da pieza irabazlea, “Formaren eta edukiaren arteko koherentziagatik, eta konbentzio heteropatriarkalei aurre egiten dien gazte talde baten istorioa kontatzeagatik. Jessie Jeffrey Dunn Rovinellik zainketen, maitasunaren eta nortasun ez binarioaren politika berri bat pantailara eramatea lortzen du, eta horrek So Pretty gaur egungo eta beharrezko film bihurtzen du”.

Nech je svetlo lanaz gain, hainbat dira LGTBI pertsonenganako indarkeria heteropatriarkala salatzen duten pelikulak. Jordan Goldnadelen Chechnya film laburrak Aniztasuna eta Giza Eskubideen saria eskuratu du, “errusiar errepublika honetan gertatzen den giza eskubideen krisia agerian uzten duelako. Zehazki, izateko, sentitzeko, maitatzeko eta bizitzeko mila modu ditugun pertsonen bahiketa, tortura eta hilketa”. Era berean, aipamen berezia eman diote Indianara dokumentalari, “ezin baitugu ahaztu kalean dauden trans pertsonen borroka eta fundamentalismo guztiei aurre egiten dieten ekintzaileak”. Sari hau Bizkaiko Foru Aldundiko Lankidetza eta Aniztasunerako Zuzendaritza Nagusiak babesten du.

Hammad Rizviren Rani film laburrak, Pakistanen emakume trans batek pairatzen duen indarkeria salatzen duenak, Epaimahai Seniorraren Saria lortu du, “bazterketa, indarkeria eta kontrol sozial handiko ingurune batean istorio hunkigarri eta samurra aurkezteagatik”. Aipamen berezia ere eman diote Jenifer Malmqvisten Min Värld I Din lanari.

Rati Tsiteladzeren Prisoner of Society film laburrak lortu du Gazte Epaimahaiaren Saria, “lengoaia transgresore baten bidez Georgiako trans pertsonek bizi duten errealitate gordina salatzeagatik. Gainera aipamen berezia eman diete Tiago Minamisawa, Bruno H. Castro eta Guto BR zinegileen Sangro film laburrari, GIBarekin bizi diren pertsonen serofobia eta estigmatizazioa salatzen duelako.

Gorputz guztien aniztasuna aldarrikatzen duten lanek ere protagonismoa hartu dute palmaresean. KC Cory zuzendariaren Bodies like oceans film laburrak irabazi du Lesbianismo eta Generoaren Saria, Bilboko Udaleko Berdintasun Arloak babestuta. Epaimahaiak nabarmendu duenez, “genero binariotik kanpoko edo queer generoko pertsona batek egindako obra ederra da, eta, gainera, bere gorputza ere errodajean jartzen du. Espazio publikoetako lodifobia eta gorputzei ezarritako arauak salatzen ditu. Erasoen aurrean autodefentsa kolektiboaz hitz egiten du, eta zaintza kolektiboak eta askotariko gorputzak ikusten dira”.

Publikoaren Film labur Onenaren Saria, bestalde, Arantza Ibarrak zuzendutako Mi pequeño gran samurai filmak irabazi du. Ekai Lersundi trans gaztearen istorioa kontatzen duen dokumentalak, batez beste, 8,6ko balorazioa lortu du Zinegoak jaialdiko ikusleen artean. Sari hori Euskaltelek babesten du.

Euskal Aktore eta Aktoreen Batasunak ematen duen Interpretazio Onenaren Sariari dagokionez, Silvana Mihai aktorea izan da irabazlea, Bogdan Theodor Olteanu zuzendariaren Câteva conversații despre o fată foarte înaltă lanagatik “bere gozotasun, jakin-min, pikardia eta supernaturaltasunarekin pantaila zeharkatzen duelako”.