Trans errealitateak, Zinegoak 2022ko palmaresaren irabazleak

Trans errealitateak, Zinegoak 2022ko palmaresaren irabazleak

Trans errealitateak, Zinegoak 2022ko palmaresaren irabazleak

Zinegoakek aurtengo edizioaren palmaresa ezagutzera eman du gaur. Trans errealitate eta bizipenak 19. edizioaren protagonistak izan dira, film luzeetan “Instruction for survival” izan da irabazle nagusia eta film laburren kasuan, “17 minutos con Nora”.

Yana Ugrekhelidze zuzendariaren dokumentalak hiru sari irabazi ditu: Zinegoak Sari Nagusia (4000 euro EITBren eskutik), DOK saria eta Aniztasunaren eta Giza Eskubideen Saria (3000 euro, Bizkaiko Foru Aldundiko Lankidetzarako eta Aniztasunerako Zuzendaritza Nagusia).

Epaimahaiak erabaki du dokumental hau saritzea “Georgian girotutako lan honetan, pertsona biren arteko istorioa kontatzen baita, bata trans eta bestea cis heterosexuala. Giroa oso erasokorra den arren, aurrera egiteko borrokan jarraitzen dute, euren gorputza erabiliz independentzia ekonomikorako elementu gisa”. Epaimahaiak ere baloratu nahi izan du lan honek amatasun subrogatuaren gaia lantzen duela, “eta eztabaida hau ematea beharrezkoa da, are gehiago film honek duen sentsibilitate eta maisutasunarekin”.

DOK epaimahaiak aipamen berezia egin nahi izan dio “How the room felt” pelikulari, Ketevan Kapanadze zuzendariarena “bere egia eta poesia bisualagatik”. KRAK sariaren kasuan, irabazlea Reka Valerik zinegilearen “Silent Voice” izan da, “zuzendariak istorio erreal eta gordina kontatzen duelako, ausardia handiz, protagonistak bere herrialdea atzean utzi eta familiatik urrundu behar izan zuelako, bere sexu-orientazioa dela eta”.

FIK pelikularik onena Laura Samaniren “Piccolo Corpo” izan da, epaimahaiaren arabera, bertan “elementu zinematografiko guztiek bat egiten dutelako hemen, ikus-entzuleak ezagutu gabeko sentsazio eta emozioak jasotzen dituelako esperientzia berezi honetan”. Halaber, aipamen berezi bat eskaini diote C.B. Yi zinegilearen “Moneyboys” filmari, “errealitatea panoramikoki behatzen duelako modu ia ‘epikoan’ eta bere estetika bisual ederragatik”.

Aniztasunaren eta Giza Eskubideen Epaimahaiak ere aipamen berezia eskaini dio Catherine Corsiniren “La fracture” lanari, “umore ironikoarekin Frantziako estatuaren errealitate soziala lantzen duelako, euren egunerokotasunarekin argi adierazten dutelako zer nolako zailtasunak bizi diren europar gizarte batean bizitzeko”.

Lesbianismo eta Generoaren Saria (1500 euro, Bilboko Udalaren Berdintasun Sailaren eskutik) Angeles Cruzen “Nudo Mixteco”-rentzat izan da, “bere sakontasunagatik, eta Mexikoko komunitate indigena bateko hiru emakume protagonisten istorioak kontatu, ordezkatu eta gerturatzeagatik”. Horrez gain, aipamen berezia eskaini diote Isabelle Solas zinegilearen “Nuestros cuerpos son sus campos de batalla” pelikulari, “Violeta eta Claudia trabestien bizitzaren bidez, Argentinan biolentzia patriarkalaren kontrako borroka erakusten digulako”.

Euskal Aktoreen Batasunak ere jaialdian izan ditugun antzezpenik onenak saritu ditu. Fikziozko Film Luzeko Antzezpen Nagusirik Onena “Woman do cry” filmeko Maria Bakalovarentzat izan da, “bere freskotasun eta arriskuagatik”; eta antzezpen sekundariorik onena Pio Marmaï aktoreak irabazi du “La fracture” lanagatik, “bere pasio eta askatasunagatik”. Horrez gain, aipamen berezia eman diote Lazaros Georgakopoulos aktoreari “Moon, 66 questions” pelikulan egiten duen lanagatik, bere “interpretazioa bikaina eta xehetasunez josita dagoelako”.

Film laburrei dagokionez, irabazle nagusia Imanol Ruiz de Lararen “17 minutos con Nora” izan da, Publikoaren Saria (1000 euro, Euskaltelen eskutik) eta Gazte Epaimahaiaren Saria irabazi dituelako. Epaimahaiaren iritziz, film labur honek “protagonistak trantsizioarentzat egiten ari duen bidaiaren zati txiki bat kontatzen digu. Pelikularen fotografia oso erreminta indartsua da, eta horren bidez Nora lagundu dezakegu, bere etxearen intimitatean sartuz, biolentziak eta ahuleziak esperimentatuz berarekin batera, eta ametsak jarraitzeko beharrizana aldarrikatzen du”.

Gazte epaimahaiak aipamen berezia eskaini nahi izan dio Nans Laborde-Jourdàaren “Léo la nuit” filmari. Senior Epaimahaiarena, bere aldetik, Liam Duran Cardonaren “Mi alma azul” film laburrentzat izan da, “trans bizipen eta errealitateak oso modu irekian lantzen dituelako, errespetu eta naturaltasunarekin”.

Azkenik, ZG PRO saria, garapen prozesuan dauden proiektuentzat, Lola Clavo zuzendariaren “Mujeres, una oda butch” lanarentzat izan da, “identitate pertsonalaren etengabeko bilaketa egiten duelako, lantzen duen lana kontatzea beharrezkoa delako. Kolonbiatik bizitza eta esperientzia aberasgarriak ekarriko dizkigute, gure mendebaldeko munduaren eraikuntzan falta direnak”.

Filmin, ZG Hedapena eta ZineGogoak

Gaur Zinegoak amaituko da Bilbon, baina jaialdiak modu ezberdinetan aurrera egingo du hurrengo asteetan, Filmin, ZG Hedapena eta ZineGogoaken bidez.

Gaur bertan jarriko da martxan Zinegoakeko leiho digitala Filmin plataforman, eta eskuragarri egongo da otsailaren 13ra arte. Bertan egongo dira ikusgai sail ofizialeko 12 film luze, besteak beste, “Instruction for Survival” (Zinegoak Sari Nagusiaren), “Silent Voice” (KRAK saria) edota “Nudo Mixteco” (Lesbianismo eta Generoaren saria). Pelikula bakoitza 72 ordutan egongo da eskuragarri.

Era berean, aste honetan bertan hasiko da ZG Hedapena, eta bertan Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako 50 herrik parte hartuko dute martxo eta apirilean zehar. Horrela, jaialdiak genero eta identitate-aniztasuna lantzen jarraituko du Euskal Herriko herri txiki askotan.

Gainera, lehenengo aldiz, ZineGogoak ere abiatuko da aste honetan bertan, Portugaleteko Udalarekin lankidetzan. Bere helburua ikastetxeetako ikasleekin LGTBI+ edukiak lantzea izango da, hainbat proiekzio eta solasaldien bidez.