LEIRE VARGAS

LEIRE VARGAS

LEIRE VARGAS

Leire Vargas Nieto (Durango 2002) bizkaitar bertsolaria, idazlea eta itzulpengintza ikaslea da. 2021ean Irun Hiriko Kutxa Literatura Saria irabazi zuen poesia kategorian Dena ametsa den irudipena bildumarekin. Durangaldeko Bertso Eskolan ari da eta eskualde horretako Anboto aldizkarian zutabegilea da. 2022 urtean eRRe ikuskizuna oholtzaratu du Aner Euzkitze, Haizea Arana eta Oihana Aranarekin batera.

Utopiari gehien hurbiltzen zaiona

neure-neurea den gela bat da.

 

Arnasari lekua egiteko

horma zuriak,

arropa zikina gordetzeko otzara atostean,

beroegi denean masaila

apalduko didan baldosa lurrean,

laranjondo bat leihoaz bestalde,

pladurrean hazten den

kimu berde bat.

Bizitzarena,

bizia dena.

 

Zulo bat sabaian, izarren gordailu.

 

Krisketarik beharko ez duen atea zeharkatzean

noranzko bat helbururik ez duena

eta koaderno bat beti aldean eroateko.

 

Eta esku bat

junturako kimua ureztatuko duena,

beso bat

atearen markoan bermatuko dena,

lurrean bizkotx-arrastoak utziko dituzten oinutsak,

eta latak kontrabandoan

ekarriko dituzten ezpainak.

Luzeegiak diren azkazalak

elkarri kontuak ateratzeko,

ile moztu-berriak identitateak eraikitzeko,

eta oreztaz eta kraterrez eta zauriz eta ilez

betetako oihan bat

gauetan goxo etzateko.

Nire moldea hartuko duen

haragia

eta ahots zintzo jostariak

begiak estali zein irekitzeko.

 

Gure azalek mugatutako

espazio aske hau da

utopiari gehien hurbiltzen zaiona.