“Mi pequeño gran samurai”: zinea ikus-entzunezko hutsa baino gehiago bihurtzen denean

“Mi pequeño gran samurai”: zinea ikus-entzunezko hutsa baino gehiago bihurtzen denean

“Mi pequeño gran samurai”: zinea ikus-entzunezko hutsa baino gehiago bihurtzen denean

Datorren otsailaren 24an hasiko da Bilboko Gaylesbitrans Zinema eta Arte Eszenikoen Nazioarteko Jaialdiaren 17. edizioa. Arriaga Antzokian egingo den Hasiera Ekitaldian, “Mi pequeño gran samurai” dokumental laburra estreinatuko da, 2018an bere buruaz beste eginda hil zen Ondarroako (Bizkaia) Ekai Lersundi gazte trans gaztearen istorioa biltzen duen lana.

Bilborock aretoak hartu du gaur dokumentala aurkezteko prentsaurrekoa, eta bertan izan dira Arantza Ibarra (film laburraren zuzendaria), Izaskun Arandia (ekoizlea), Ana Martinez eta Elaxar Lersundi (Ekairen ama eta aita) eta Zinegoak jaialdiko arduradunak.

Arantza Ibarrak azpimarratu du obraren helburua ahalik eta jende gehienari laguntzea dela: “Ez dugu nahi gai honengatik heriotza gehiago egotea. Dokumental honekin ahal den guztia aldarrikatu, ikusarazi, normalizatu eta babestu nahi dugu, mugak apurtzen jarraitu nahi dugu”. Ibarrak azpimarratu duen bezala, ‘Elaxarrek eta Anak euren semearen alde borroka egiten dute, eta beraiek bezala, euren egoera berean dauden guraso gehiago daude. Eurentzat lagungarria izatea espero dugu, bakarrik sentitu ez daitezen”.

Dokumentalaren zuzendaria ere Ondarroakoa da, eta, beraz, gertutik ezagutzen du Ekairen istorioa. “Ideia horrela sortu zen: jakin izan nuen nire herriko lagun batzuek semea galdu zutela suizidioaren ondorioz, berak bizi zuen borroka etengabearen ondorioz. Gizarteak ipintzen zizkion traba eta arazo guztiei aurre egin behar izan zien. Ideia horrek etengabe astintzen ninduen barruan, eta zerbait egiteko beharra sentitzen nuen. Hain inpotentzia indartsuarekin sentitzen nintzen, atera beharra nuela, eta bera bezala sentituko zirenei lagundu, ahal den neurrian”.

21 minutuko iraupena duen dokumentalean, Elaxar Lersundi eta Ana Martinezen testigantzak jaso dituzte, baita Naizen elkarteko (adingabe transexualen familien elkartea) eta Ondarroako hainbat bizilagunen testigantzak ere. Film laburraren zatirik handiena 2019ko otsailaren 15eko asteburuan grabatu zen, Ekairen omenezko egunean, hil eta urtebetera.

Zuzendariak zein Elaxarrek eta Anak euren herriaren babesa eskertu nahi izan dute: “Ondarroa irauli egin zen hasieratik. Hilabete batzuk eman genituen dokumentala egiteko dirua biltzen eta jendeak asko lagundu zigun. Eskerrak eman nahi dizkiogu bere ekarpena egin duen jende guztiari: gurekin lan eginez, ekarpen ekonomikoa eginez…”.

Ibarra pozik eta hunkituta agertu da “Mi pequeño gran samurai”-ren estreinaldia Zinegoak jaialdiaren inaugurazio ekitaldian egingo delako: “Elaxarrek eta Anak ez dute oraindik dokumentala ikusi. Erabaki dugu film laburra ikusten duten lehen aldia Arriaga Antzokiko pantaila handian izatea, euren senide eta lagunen babesarekin”.

Pau Guillen Zinegoak jaialdiko zuzendariak nabarmendu duenez, jaialdiaren aurtengo edizioaren helburuetako bat LGTBI+ biztanleriaren barruan bizi den suizidioari ikusgarritasuna ematea izango da. Gai hori agertuko da, besteak beste, “Tu me manques” edo “Let there be light” pelikuletan, eta bietako zuzendariak Bilbora gerturatuko dira filma aurkeztera.

Otsailaren 24an izango da Hasiera Ekitaldia, 20: 00etan, Arriaga Antzokian. “Mi pequeño gran samurai” filmaren proiekzioaz gain, Pepa San Martin zuzendari txiletarrak Zinegoak 2020 Ohorezko Saria jasoko du, eta Dorian Wood artistaren emanaldia ere izango dugu.

Inaugurazio galaz gain, Arantza Ibarraren dokumentalak beste bi proiekzio izango ditu: martxoaren 3an, 17:30ean, BilbaoArteko Art House Zinema aretoan, eta martxoaren 6an, 18:00etan, Bilborocken.

Gainera, Bilbon jaialdia amaitu ondoren, ZG Hedapena hasiko da, eta 70 proiekzio baino gehiago eskainiko dituzte Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 60 herritan. Pau Guillenek jakitera eman duenez, “Mi pequeño gran samurai” dokumentala herri gehienetan proiektatuko da, LGTBI+ biztanleriaren barruan ematen den suizidioari ikusgarritasuna ematen jarraitzeko eta “izateko, sentitzeko, maitatzeko eta bizitzeko hamaika modu baino gehiago” daudela aldarrikatzen jarraitzeko.