Giro berria Zinegoaken 15. edizioan

Giro berria Zinegoaken 15. edizioan

Bilboko LGTBI zinema jaialdia, Zinegoak 2018ko otsailaren 19tik eta martxoaren 4ra bitartean izango da. Zinegoak Hedapenak 40 emanaldi baino gehiago eramango ditu berriro Bilbotik harago. Jarduerak barra-barra hilabete eta erdian, Euskadiko ekitaldirik luzeenetakoa bihurtuz.

Zinegoakek barne lan handia eginik helduko dio edizio berri honi. Urte honetatik aurrera, Asociación Zinegoak Elkarteak kudeatuko ditu jaialdia eta zinema eta kulturarekin loturik urte osoan egiten dituen gainerako jarduerak. Atzean utziko dute Hegoak Elkartea. Hogei urteko ibilbidea eta gero, elkarte berri bati irekiko dio bidea, estatutu eta helburu berriekin: zinema eta kulturaren esparruetatik lan egitea, gizartea eraldatzeko eta LGTB kolektiboa agerian jartzeko tresna gisa erabiliz esparru horiek.

“Aspalditik sentitzen genuen gure lana eta gure izaera soziala bateratzeko beharra”, azaldu du Pedro Andradek, elkartearen presidente berriak. “Ez bakarrik Zinegoak gure jarduera nagusia bilakatu delako, baizik eta gainerako jarduera guztiak jaialdiari edo kultura edo ikus-entzunezkoei lotuta dagoelako. Gure lana hobeto egin nahi bagenuen, errealitate berri horretara egokitu behar ginela ohartu ginen”.

Egitura berri horrekin ekingo diote bideari, jada lehen uztak eman dituena 365ZG jardueraren bitartez, hau da, LGTBI kolektiboari edo sexu aniztasunari lotutako data zehatzetan, aldarrikapenak egiteko eta beste elkarteen ekimenak babesteko asmoz antolatzen duten jarduera eta emanaldi sorta. Horietako azkena, “Call me Kuchu” dokumentala izan da, Eusko Jaurlaritzak “Sexual Mininorities of Uganda” GKEri emandako Rene Cassin sariaren harira antolatutakoa.

Talde berria, egoitza berria eta jarduerak barra-barra hilabete eta erdian

Barne aldaketa horrez gain, badaude askoz ere aldaketa gehiago. Ez dute jaialdian eragingo, bai ordea jaialdia antolatzeko moduan.

“Aurtengo aldaketak lan antolaketari eta lantaldeari dagozkio”, azaldu du Pau Guillen jaialdiko zuzendariak. “Hazi eta ahalik eta aditu eta ikuspuntu gehien bildu nahi izan ditugu. Esaterako, nabarmen handitu dugu egitarauaz arduratzen den taldea. Maren Gonzalez edo Ainhoa Urgoitia dira gurera batu diren horietako batzuk, eta pisu handia izan dute film laburren hautaketan”.

Gainera, jaialdiak bere egoitza ere aldatu du; hemendik aurrera Kortes kalean egongo da.

“Egoitza berria askoz hobeto egokitzen da gure beharretara. Funtzionamendu egitura berria dela eta, taldeak toki handiagoa behar zuen lan egiteko eta topaketak, batzarrak eta emanaldiak antolatzeko”, azaldu du Guillenek.

Bi hilabete falta direla, taldea buru-belarri dabil lanean. Zinegoakek, berriro errepikatuko du bi asteko iraupenaren formatua. Oraingoan, egitarauaren zati handiena eta emanaldi gehienak Golem, BilboRock eta BilbaoArte aretoetan egingo dira, lehenengo astean, 18tik 25era. Eta bigarren astean, filmen bigarren emanaldiak eta bestelako jarduerak bilduko dira, BilboRocken bakarrik.

Horrez gain, jaialdiaren hasiera “ofiziala”ren aurreko astean, berriz ere “3,2,1… Zinegoak” antolatuko dute, beste erakunde eta elkarterekin batera. Lau egunean, 14tik 18ra, jarduerak barra-barra eta doan: emanaldi bereziak, topaketak eta, aurten, kontzertu sorpresa bat.

Baina Zinegoaken lana zerbaitegatik nabarmendu bada azken urteotan, Zinegoak Hedapenarekin egindako apustu tinkoa izan da, hau da, jaialdia Bilbotik harago eta ahalik eta Euskadiko herri gehienetara zabaltzeko erronka. Iaz hogeita hamar herritik gorara zabaldu zen jaialdiaren egitaraua, eta aurten 35era heltzea da asmoa. Horrek esan nahi du jaialdiak martxoan jarraitzen duela eta hilabete eta erdi baino luzeagoko jarduera bihurtu dela.

Laster edizio berri honetarako irudia aurkeztuko dute. Oraingoan ere ilustrazioa izango da, euskal ilustratzaile ezagun batek egina.