OIHANA ARANA

OIHANA ARANA

OIHANA ARANA

Oihana Arana Cardenal (Eskoriatza, 2001) Gipuzkoako bertsolaria eta idazlea da. Egun, Euskal Herriko Unibertsitatean Gizarte antropologia ikasten dihardu. 2017 eta 2018an Gipuzkoako eskolarteko txapelduna izan zen, beste sariketen artean.  2020an argitaratu zuen bere lehenengo eleberria, Portuak. Lazunak azkazaletan (Susa, 2021) poesia bildumaren egilea da, eta Izotzetan islatuak liburu kolektiboan ere parte hartu du.  2022an eRRe ikuskizuna oholtzaratu du Aner Euzkitze, Haizea Arana eta Leire Vargasekin batera.

Gerezi garaia

 

Nik ere eman izan zionat ezpainetan musu

aho biko edozein ezpatari

 

hargatik zeuzkanat zauriak nonahi

odol tantak kokotsean,

besteen atzamar puntetan.

 

Ez naun gerrateaz ari,

biren artekoak ez din gerra izena merezi.

 

Gereziak ahoratzean isuri ohi ditinagu ezpain ertzetatik.

Tanta horiez ari naun.

 

Oraindik ez dun gerezi garaia hasi;

elkarren odolarekin amestearekin

konformatu beharko dinagu

 

banpirismoarekin nahas daitekeen

jokabidea dun gurea;

are, banpirismoa dun.

 

Ez ninan eszena gore bat eraiki nahi,

irudi eder baten bila nenbilenan,

baina odolak horretara eramaten din dena.

 

Ez zionat inori esango egunerokotasun

domestikoari buruzko poema bat egiten

igaro dudala goiza

igande goizetan poemak egiten ditinat nik

gure amonak galletak egiten zitinan orduan

 

konketan pilatutako hortzetako pasta eta odol arrastoak

trapu horiarekin garbitu ordez,

aparteko farfailarik gabeko

udaberria sortzeko ahaleginetan.