SLIDE_VihSible2019_TITULO

PEPA SAN MARTIN

pepa_zg_2020

Pepa San Martin zuzendari eta gidoilari txiletarrak bere ibilbide profesionala lan eta kemenaren bidez gauzatu du. Curicó hirian jaiotako zinegilearentzat, zinea eta kultura mundua eraldatzeko tresnak dira.

Bere hastapenak antzerkiarekin lotuta egon baziren ere, errodaje set bat zapaldu bezain laster San Martinek arin jakin zuen zein zen bere benetako zaletasuna: zinea. Formakuntza akademiko tradizionala izan ez arren, lan iraunkor eta esfortzuaren bidez bere bidea egitea lortu zuen. Dozenaka proiektutan parte hartu zuen zuzendari laguntzaile lanetan, eta bertan sortu zuen bere estiloa eta osatu zuen bere formakuntza. Besteak beste, José Luis Torres Leiva edo Alejandro Fernándezekin batera lan egiteko aukera izan zuen, eta eurekin ikasi zuen lanbidea, teknika eta batez ere istorioak kontatzeko modua eta gogoa.

Modu organiko eta koherente honetan jaio zen La ducha, zuzendari lanetan egin zuen lehenengo lana. Istorio honen protagonistak bi emakume eta katu bat dira, eta aurrerantzean bere ibilbide profesionalean topatuko ditugun hainbat elementu agertzen dira: emakumeak narrazioaren erdigunean; lotura afektibo zail eta sakonak baina erraztasunez kontatutakoak; eskuko kameraren erabilera bikaina planoaren osaketaren barne-antolakuntzari dagokionez; sendotasuna iradokitzeko sentsibilitatea eta gozotasuna; eta berarekin batera lan egiten duten produktore nagusi biak, Marianne Mayer-Beck eta Macarena López.

Bere bigarren lanean, Gleisdreieck (2012), hiru emakume heldu eta lesbianek osatzen duten hiruki afektiboa agertzen da; kasu honetan ez dago katurik, gerezi asko bai, ordea. Lan honetan, San Martinek zahartzaroaren aldarrikapena egiten du: zahartzaroan ere harreman eta lotura afektiboek eboluzioan jarraitzen dutelako.

2016. urtean Rara bere lehenengo film luzea zuzendu zuen. Bertan Karen Atala palestinar jatorria duen abokatu eta epaile txiletarraren istorioa kontatzen du. Atala aitzindaria izan zen Txileko epailetzan, publikoki lesbiana zela adierazi zuelako eta, horren eraginez, bere alaben zaintza galdu zuelako. Film honekin arrakasta handia lortu zuen publiko eta kritikaren artean, eta hainbat sari, nominazio eta hautaketa lortu zituen munduko jaialdi garrantzitsuenetan, tartean, Donostia Zinemaldiko Horizontes Latinos Saria.

Pelikula honen kontakizuna 12 urteko ume batek egiten du, eta bere begiradaren bidez ezagutuko ditugu bere familiaren eta testuinguruaren nondik norakoak. Alabak ere ikasi beharko du gizartean bizirauten, jakinda bi ama dituela eta hori gure jendartean ez dela ohikoena. Filmak hainbat salaketa eta aldarrikapen egiten dituen arren, Txileko zinema komertzialetara heltzea lortu zuen; publiko orokorrarentzat “egokitzat” jo zuten eta protagonista lesbianak dituen lehenengo pelikula izan zen.

San Martinek, bere zinemagintzaren bidez, beti nahi izan du elkarrizketak abiatu eta eskema zaharrak iraultzea. Txilen parekidetasunean eta giza eskubideen alorrean emandako urratsak eskasak direla aldarrikatu du behin eta berriro, eta azken asteetako gertakizunek baieztatu ahal izan dute zinegileak hainbatetan salatu duena. Baina, agian, garrantzitsuena honakoa da: berarentzat zinea mundua eraldatzeko tresna politiko boteretsua da, baina horrek ez du esan nahi publikoarekin lotura eta enpatia galdu behar denik.

Zinegoaken uste dugu Pepa San Martinen garaipena kemen eta esfortzuaren garaipena dela. Bere zineak interpelatzen gaituzten errealitateak kontatzeko premia larria du jatorrian. Eta hori guztia, gainera, lan-prozesu horizontal eta feministen bidez, modu organikoan landutakoak eta behartu gabekoak.

Horregatik guztiagatik erabaki dugu 2020. edizioko Ohorezko Saria Pepa San Martin zinegileari ematea. Egindako lana aitortzeaz gain, zalantzarik gabe etorkizunean etorriko diren proiektuei bultzada eta indarra eman nahi diogulako.