Nahi dugun bezala bizitzeko aldarria, Zinegoak 2022ko programazioaren protagonista

Nahi dugun bezala bizitzeko aldarria, Zinegoak 2022ko programazioaren protagonista

Nahi dugun bezala bizitzeko aldarria, Zinegoak 2022ko programazioaren protagonista

Zinegoak Bilboko LGTBI+ zinema eta arte eszenikoen jaialdiak aurtengo edizioaren programazio ofiziala aurkeztu du gaur. Zinegoak otsailaren 28tik martxoaren 7ra antolatuko da Bilboko hainbat aretotan, zinemaren eta kulturaren bidez sexu- eta genero-aniztasuna aldarrikatzeko.

Bilborocken egindako prentsaurrekoan, Alaitz Arenzanak (zuzendari artistikoa), Pedro Andradek (produkzio zuzendaria) eta Julen Nafarratek (komunikazio arduraduna) jaialdiaren 19. edizioko nobedade nagusiak iragarri dituzte. Film luzeen sail ofiziala hiru kategoriatan banatuko da berriro: DOK (dokumentalak), FIK (fikzioak) eta KRAK (narratiba berriak). Guztira 16 film luze ikusi ahal izango dira sail ofizialean, Golem Alhondiga zinema-aretoetan proiektatuko direnak, eta Zinegoakek Filmin plataforman duen leiho digitalean ere ikusi ahal izango dira, aurrez aurreko proiekzioak amaitu ondoren.

Alaitz Arenzanak azpimarratu duenez, Zinegoaken aurtengo edizioaren helburuetako bat presentzialtasuna mantentzea izan da, “zineaz eta kulturaz in situ gozatu ahal izateko. Zinegoak kulturaz eta aniztasunaz gozatzeko topagune izatea nahi dugu”. Nolanahi ere, Zinegoakek leiho digitala ere izango du, “Bilbora hurbildu ezin diren pertsona guztiek jaialdiaz gozatzeko aukera izan dezaten”.

Gainera, Zinegoakek nazioarteko zinegile eta epaimahaien bisitak jasoko ditu aurten ere, iazko etenaldiaren ondoren. Honako zinemagile hauek bisitatuko dute Zinegoak: Isabelle Solas (Nos corps sont vos champs de bataille), Reka Valerik (Silent Voice), Adrián Silvestre (Sedimentos), Tim Leyendekker (Feast), Noel Alejandro (KRAK epaimahaia), Cecilia Montagut (DOK epaimahaia), Susi Sánchez aktorea (FIK epaimahaia) edo Ohorezko Saria jasoko duen Albertina Carri argentinar zinemagilea. Carrik Zinegoakeko hasiera ekitaldian jasoko du Ohorezko Saria, otsailaren 28an Arriaga Antzokian.

Zinegoaken programazioa askotarikoa izango bada ere, jaialdiak hainbat gai jorratuko ditu hainbat filmetan, hala nola “indarkeria eta aterpea”, hau da, beren genero eta adierazpen orientazio edo aniztasunagatik jazarpena edo errepresioa pairatu duten pertsonen istorioak. Zinegoakeko programazioaren beste gai nagusietako bat GIB birusa izango da, 40 urte bete berri badira ere birusa agertu zenetik, gizartean dagoen estigma soziala oso handia baita.

Film laburrei dagokienez, “Emakume zuzendariak” eta “Haurtzaroa/nerabezaroa” ohiko zikloez gain, Zinegoakek bi ziklo berri izango ditu: “Maitasunezko poliedroak”, harreman afektibo-sexualen formulei buruzkoa; eta “Trantsizioak”, arreta trans errealitateetan jarrita. Guztira, 22 film labur lehiatuko dira sail ofizialean eta doan proiektatuko dira Bilborocken.

Aurreko edizioetan bezala, “Erroak” film laburren zikloak Euskal Herrian sortutako film laburrak bilduko ditu, eta lau lanez gozatzeko aukera izango dugu. Lan horiek Lekeition ere proiektatuko dira, bigarren urtez Zinegoakeko egoitza ofiziala izango baita.

Sail ofizialeko film guztiak lehiatuko dira Zinegoak Sari Nagusia eskuratzeko. Sari horrek EITBren babesa izango du lehenengo aldiz eta 4.000 euroko balioa izango du. Palmaresa martxoaren 7an Bilborocken egingo den amaiera ekitaldian emango da ezagutzera, eta bertan gainerako sariak ere jakinaraziko dira: Publikoaren Saria; Giza Eskubideak eta Aniztasuna; Lesbianismoa eta Generoa; Gazte Epaimahaiaren eta Seniorren sariak, eta abar.

 

Emanaldi bereziak eta arte eszenikoak

Sail ofizialaz gain, Zinegoakek Albertina Carri jaialdiaren ohorezko sariaren obrari eskainitako ziklo berezia ere antolatu du. BilbaoArten antolatutako ziklo honetan publikoak Cuatreros, Géminis edo La Rabia bezalako lanez gozatu ahal izango du. Bere pelikularik ezagunena, Las hijas del fuego, hilaren 27an proiektatuko da Bilborocken, “3, 2, 1… Zinegoak!” programaren baitan. Bertan solasaldia egongo da Carri zuzendariarekin eta Irantzu Varela kazetariarekin batera.

Emanaldi bereziei dagokienez, martxoaren 1ean, asteartea, Adrián Silvestre zuzendari valentziarrak bere azken filma aurkeztuko du, Sedimentos, FAS zineklubean antolatutako saio batean. Martxoaren 4an “saio lizuna” egingo da Noel Alejandro epaimahaikide eta helduentzako zine zuzendariaren eskutik. Bere hainbat film laburrez gozatzeko aukera izango dugu. Azkenik, Zinegoakek proiekzio berezia hartuko du Antony Hickling zuzendariaren azken filmarekin, Down in Paris.

Azken urteotan bezala, Zinegoakek arte eszenikoetako hainbat pieza ere izango ditu programazioan. Pabellón 6ko konpainia gazteak Rey desnudo y chico muerto aurkeztuko du martxoaren 4, 5 eta 6ko asteburuan. Bestalde, VACAburra konpainia galiziarrak Metodoloxias carroñeras para corpos invertidos hitzaldia eskainiko du La Fundicionen.

Zinegoaken, hausnarketarako eta eztabaidarako tartea ere izango da, “Bilgune” saioen bidez: Hector Acuña/Frau Diamanda ikus-entzunezko artistaren “Eszena katalanak: errantzia antropologiko-sexualak” liburuaren aurkezpena (Aimar Arriola komisarioaren laguntzarekin); identitate lesbikoei buruzko solasaldia Aldarte elkartearen eskutik; Trauma podcast-aren hirugarren denboraldia; edo Gure Hots dokumentalaren proiekzioa.

Programazio ofiziala hasi aurretik, otsailaren 25etik 27ra “3, 2, 1… Zinegoak!” aurre-jaialdia hasiko da. Besteak beste, Mapplethorpe, look at the pictures dokumentalaren proiekzioa Guggenheim Museoan; “Nola esan/izan bollera euskaraz” proiektuaren aurkezpena; edo “Ez amour ezta toujours” kontzertu-kabareta Maite Arroitajauregi “Mursego”, Aranzazu Calleja, Cris Lizarraga, Esther Lopez eta Actea Jiménez musikariekin, Irantzu Varelaren gidaritzapean.

Aurtengo edizioan Zinegoakek bultzada bat eman nahi izan dio ZG PRO topaketa profesionalari, non aurten ere sexu-aniztasunarekin lotutako ikus-entzunezko proiektuak aurkeztuko diren. Gainera, hainbat zinemagilek masterclasseak eskainiko dizkiete ikus-entzunezko ikastetxeetako ikasleei, eta Europa Hegoaldeko LGTBI+ jaialdietako ordezkarien arteko topaketa egingo da.

Bilboko jaialdia amaitu ondoren, Filminen leiho digitala irekitzeaz gain, Zinegoak Euskal Herriko hainbat herritan zehar ibiliko da, ZG Hedapena programari esker. Programa horren bidez, sexu-aniztasunarekin lotutako ikus-entzunezko edukiak bultzatu nahi dira herri txikietan ere. Aurtengo edizioan Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako 47 herrik hartuko dute parte.

Azkenik, aurten Zinegoakek “ZineGogoak” ekimena jarri du abian Portugaleteko Udalarekin batera. Helburua herriko ikastetxeetan sexu-aniztasuna lantzea da, zinearen eta ikus-entzunezkoen bidez. Saioak goizean egingo dira, Ballonti zinemetan, eta dinamizazioa eta solasaldia izango dituzte ondoren. Martxoaren 9tik 11ra izango da, jaialdia Bilbon amaitu ostean.