Sébastien Lifshitz

Ikusezina ikusgai egitearen magia

Sentiberatasuna, zintzotasuna, konpromiso sozial eta emozionala, kontakizun filmiko bat modu organiko eta oso gizatiar batean eraikitzeko gaitasun aparta, eta dokumentala lanerako eta eraldaketa sozialerako tresna gisa ikusteko fede sendoa: horra 2021eko ohorezko saridunaren zinema definitzen duten ezaugarrietako batzuk.

Lifshitz paristar zuzendari eta gidoigilea Artearen Historian lizentziatua da, zinema-irakaslea La Fémis-en, Frantziako zinema-eskola ospetsuenetako batean, eta Europako ezinbesteko ahotsetako bat sexu-aniztasunarekin loturiko gaietan. Gaia maisutasunez lantzeko, jende ikusezina baina ez ezkutatua aukeratu izan du beti, beti hor egon den jendea: haiei ematen die hitza eta protagonismoa bere film guztietan.

1996an, bere lehen film laburra filmatu zuen: Il faut que je l’aime. Dena den, bigarren lanarekin, sona handiagoa lortu zuen: Les corps ouverts. Liskar sozialez beteriko istorio bat da, Parisko kaleetan bizirik irauten ahalegintzen den Ipar Afrikako migratzaile bat protagonista duena. Lan horri esker, Canneseko jaialdian parte hartu zuen lehenengoz, eta Jean Vigo saria jaso zuen, bere espiritu independente eta originaltasun estilistiko ukaezinarengatik.

Gero, Les Terres froides zuzendu zuen, telebistarako film bat, protagonistak bere sexualitatea aske bizitzeko ezintasunari buruzkoa. Ondoren, bere lehen film luzea egin zuen: Presque rien. Lehen amodioei buruzko lan horretan, istorioaren parte dira bakardadea, galera, identitatearen eraikuntza, gatazka eta familia. Hurrengo lana 2003an filmatu zuen, Wild Side, begirada konbentzionaltasunetik harago ipintzen duten pertsonengan jarrita: gizaki baztertu eta babesgabeen munduan murgildu, eta haien zoritxarraren edertasuna erakusten du, duintasun sakon bat emanez. Film horrek Zinegoak jaialdiaren lehen edizioan parte hartu zuen, eta, are, film luze onenaren saria jaso zuen; nazioartean ere lortu zituen zenbait sari, hala nola Berlinaleko lehen Teddy saria edo Xixongo Zine Jaialdiko epaimahaiaren sari berezia.

2011n, berriz parte hartu zuen Zinegoaken; Plein sud filma aurkeztu zuen, road movie iniziatiko bat Tolosan amaitzen dena eta Sébastienek berak Bilbon aurkeztu zuena. Orduz geroztik, dokumentalak egin ditu, eta lortu du hizkera propio eta berezko bat sortzea bere protagonisten istorio ikusezinei heldu eta obra zirraragarri eta aldarrikatzaile bihurtzeko.

Les invisibles (2012) askatasunari egindako kantu bat eta bizitza guztian sexu-aniztasunaren duintasuna aldarrikatu duten pertsonen borrokaren, erresilientziaren eta heldutasunaren aitortza bat da. Dokumental onenaren César saria eman zioten.

Bambi (2013) lanaren bitartez, Marie-Pierre Pruvot aljeriar artista transexualaren memoria berreskuratu zuen, modu hunkigarri eta sentikor batean. 2014an, Zinegoaken parte hartu zuen, eta lesbianismoko eta generoko epaimahaiaren saria jaso.

Les Vies de Thérèse (2015) dokumentaleko protagonista Thérèse Clerc aktibista feminista da. Lan liluragarri eta hipnotiko horretan, gure gizarteetako tabuetako bat jorratu zuen: heriotza. Thèrések bere heriotzaren prozesuari eransten dion duintasunari eta Sébastienek begiratzean eta filmatzean adierazten duen errespetuari eta miresmenari esker, diskurtso zirraragarri bat sortzen da bizitzak azken unera arte ematen duen betetasunaren gainean. Zirrarak pantailaren beste aldera jauzi egin zuen, gure inaugurazio-galako ikus-entzuleak hunkitzeraino, Arriaga antzokian: oraingoz jaialdian sekula izan den txaloaldirik beroena jaso zuen.

Adolescentes (2019) belaunaldien erretratu bat da, Emma eta Anaïs banaezinen ondoan iragandako bost urteetan zehar filmatua. Bost urteko odisea bat, aldaketa sakonez eta lehen esperientziez josia, bizitzako etapa eferbeszente horretako xalotasuna, alaitasuna eta konplexutasuna transmititzen diguna.

Sébastienen azken lana Petite Fille dugu. Dokumental delikatu eta etereo bat da, gure gizarteak gure identitateen aniztasuna ulertzeko eta onartzeko daukan gaitasun ezaren ondoriozko tentsioak agerian uzten dituena. Sasha eta haren familia dira haurtzaro transaren bizipenera egindako bidaia horretako protagonistak. Ezbairik gabe, filmeko irudiak luzaroan geratuko zaizkigu gure erretina eta bihotzetan.

Zinegoaken, interes eta arreta handiz jarraitu, babestu eta zabaldu dugu sortzaile oparo honen ibilbidea, eta harro gaude haren lanetako asko gure jaialdiaren hainbat ediziotako sail ofizialean sailkatu izanaz. Beti miretsita utzi gaitu zein modu delikatu eta zirraragarrian heltzen dien gizartearen eta familiaren bazterkeriaren kontra beren bizitzeko eta sentitzeko moduak irmo defendatu dituzten pertsonen istorioei. Beren buruengan eta beren askatasun pertsonalean sinetsi duten pertsonak dira, eta, haien adoreari eta integritateari esker, funtsezkoak izan dira sexualitatearen, identitatearen eta generoaren aniztasunaren eta aberastasunaren pertzepzioa garatzeko orduan.

Giza esentziaren oinarrizko gaien gaineko begirada transbertsalak eta horren abiapuntua LGTBI+ errealitateak izateak txundituta utzi gaitu. Haren lanek eraldatu eta aberastu egiten gaituzte, eta lortzen dute film bakoitza ikusi ondoren gizarte hobeago baterantz aurrera egitea. Horregatik guztiagatik, gure sari nagusia emango diogu, haren lan artistikoa eskertu eta haren konpromiso soziala aitortzeko.

EMANALDI BEREZIAK

ATZERA BEGIRAKOA

PETITE FILLE

LES VIES DE THÉRÈSE

BAMBI

LES INVISIBLES

PLEIN SUD

WILD SIDE