ALBERTINA CARRI

Albertina Carri argentinar artista, aktibista, ekoizle, gidoilari eta zuzendari bat da, etengabe ari dena hizkuntza propioak eta begirada menderatzaileek jokoz kanpo utzi nahi duten guztia erakusteko formak bilatzen.

Emakume askea da Carri, eta, hori lortzeko, gelditu gabe aritu behar izan du lanean. Ildo horretan, beharrezkoa du politikoki, sozialki eta indibidualki antolatzeko baliatzen ditugun ikuspegi eta egitura guztiak desegitea, gero horiek guztiak aztertu eta berreraikitzeko, narrazioen erdigunean sekula egon ez den horretan oinarrituta. Eta, zineman bezala, gauza bera egiten du bere bizitzan ere. Carriren kasuan, bi esparru horiek, zinema eta errealitatea, elkarrekin lotuta daude, elkarrekin bat eginda, eta elkarren osagarri dira, modu organiko batean, harik eta azkenean ukendu sendagarri bilakatzen diren arte, hutsaren, absentziaren eta desadostasunaren zauria arintzeko.

Buenos Airesko Zinema Unibertsitatean (FUC) jaso zuen gidoilari-prestakuntza, eta, ordutik, dozena erdi bat film labur baino gehiago egin ditu, hala nola Excursiones, Aurora, Historias de Argentina en vivo eta Barbie también puede estar triste (denak ere 2002koak), Fama (2003), De vuelta (2004) eta Restos (2010), beste askoren artean. Film horietan, interesatzen zaizkion gaiak plazaratu eta haietan sakontzeaz gainera, film luzeetan era zabalago batean garatuko zituen tresnetan arakatu zuen; esate baterako, animazioa edo film-artxibo baztertuak berreskuratzea.

Haren lehen film luzea, No quiero volver a casa (2000), hainbat jaialditan aukeratu zuten (Rotterdam, Londres, Viena), eta, haren bitartez, inoiz egon ez zen horren bila egindako bidaia bati ekin zion Carrik: haren aita eta haren ama, Roberto eta Ana María, biak ere intelektualak eta militanteak eta diktadura militarrak jarduera horrexegatik bahituak eta horrenbestez desagertuak 1977an, berak lau urte eskas zituela. Bigarren film luzean, Los rubios (2003), estatu-terrorismoaren biktimak irudikatzeko eta kontatzeko era berri bat proposatu zuen, eta, horretarako, oroitzapenetara jo zuen, askotariko pasarte, kontakizun, irudi eta are panpinen bitartez. Haiekin guztiekin, memoriaz eta memoriaren izaera aldakor eta poliedrikoaz hausnartu zuen, eta, historia berreraikitzen laguntzeko erantzun bat aurkitzeaz harago, haren helburu nagusia iragana interpelatuz orainaldia eta beste etorkizun posible bat eraikitzea izan zen. 2017an, bidaia horren berrikuspena etorri zen, Cuatreros lan bikainarekin. Film hipnotiko eta sakona da Cuatreros, bilaketa eta garai berberetara hurbiltzeko ahalegin heldu bat, baina beste istorio eta protagonista batzuen bitartez kontatua, nahiz ondorio berberetara iristen den azkenean, aita eta amarenganako eta, batez ere, bere buruarenganako begirada bakegileago batez.

Egilearen absentziak ulertzeko bidaia horrekin batera, sexualitateak toki zabala hartzen du askatasunerako eta autonomiarako esparru gisa, betiere arau, eredu eta jokabide normatiboei aurre eginez. Bai Géminis-en (2005), bai La rabia-n (2008), istorioen karga sexuala funtsezkoa da kontakizuna garatzeko eta pertsonaiak definitzeko; izan ere, pertsonaiek gizarte itxuraz perfektu batekin duten erlazioak eztanda egiten du harekin kontaktuan jarri orduko. Nolanahi ere, Las hijas del fuego (2018) filmean aurkituko dugu sexualitatearen, zinemaren, askatasunaren, politikaren eta feminismoaren arteko konexio gorena. Carrik berak deskribatu eta azpimarratu izan duenez, pornografia lesbofeministako film bat da, eta generoaren birkonfigurazioa du helburu (orotariko adieretan), eta, batik bat, gozamen femeninoa begirada maskulinotik urruti erakusteko modua berreraikitzeko aukera aldarrikatzea, begirada maskulinoak erotizazioa besterik ez baitu bilatzen. Esparru filmikoaz gaindiko esperientzia bat da, protagonistekin partekatutako bizipen bihurtua, haiek lehen eskutik parte hartzen baitute erabakiak hartzeko eta orain arte erakutsi gabekoa erakusteko modua aurkitzeko garaian.

Zinemaz gainera, Carrik telebistarako programak ere sortu ditu, Marta Dillonekin batera: La bella tarea, emakumeen haurdunaldiari eta erditzeari buruzko ikuspegien inguruko dokumental sorta; Visibles, Argentinako LGTBI+ errealitateari buruzko formatu dokumentala; edo 23 pares fikziozko lana. Bestalde, LGTBI+ Asterisco Nazioarteko Zinema Jaialdiaren sortzaileetako bat da.

Carrik zinema ulertzeko eta sortzeko duen era, bizitza ulertzeko eta hari aurre egiteko daukan erari guztiz lotua, aukera bikaina da ondorio argi batera iristeko: pertsonala politikoa da, eta intimoa soziala da. Ondorio horren berrespen gisa, bere semea Argentinan filiazio hirukoitza ofizialki aitortua dioten lehen pertsona izatea lortu zuen Carrik.

Albertina Carrik, bere burua erakutsi, eta indibidualetik askoz harago doan diskurtso bilakatzen du bilaketa intimo eta pertsonal hori. Hala, errealitateari behatzeko eta hura interpelatu eta berreraikitzeko ikuspegi berriak eskaintzen ditu. Bere begirada jakin-gose, ikusnahi, gogoetatsu eta ekinak unibertso formal eta bisual harrigarri eta identifikagarri bat sortzera eraman du, eta, horri esker, Latinoamerikako sortzaileen belaunaldi berri oso bateko ahotsik itzaltsuenetako bat da, zalantzarik gabe.

EMANALDI BEREZIAK

ATZERABEGIRAKOA

BARBIE TAMBIÉN PUEDE ESTAR TRISTE

GÉMINIS

LA RABIA

CUATREROS

LAS HIJAS DEL FUEGO