PROGRAMAREN AURKEZPENA: Zinegoakek dokumentalen aldeko apustua egingo du bere ediziorik indartsuenean

PROGRAMAREN AURKEZPENA: Zinegoakek dokumentalen aldeko apustua egingo du bere ediziorik indartsuenean

Zinegoakek dokumentalen aldeko apustua egingo du bere ediziorik indartsuenean

Ugandako Queer Kampala Jaialdiak Sari Berezia jasoko du, eta, horren eraginez, jaialdiaren aste bietan Afrikako edukiek indar berezia izango dute.

 

Zinegoakek, Bilboko gaylesbotrans 14. nazioarteko zinema eta arte eszenikoen Jaialdiak, aurtengo edizioaren aurkezpena egin du gaur, otsailak 7, dokumentalen aldeko aldarria eginez. Erabaki honen ondorioz (dokumentalei indar gehiago ematea, alegia), jaialdiak aste biko iraupena izango du (ohiko iraupenaren bikoitza), otsailaren 20tik martxoaren 5era arte. Pau Guillen zuzendariaren arabera, “dokumentalek eta fikzioek garrantzi berbera izatea nahi genuen. Genero-identitate edo sexu-aniztasunarekin lotura duten dokumental ugari jaso ditugu”.

Jaialdiaren lehenengo astean, beraz, dokumentalek izango dute protagonismorik handiena Bilborockeko aretoan. Bigarren astean, ostera, fikziozko laneak hartuko dute lekukoa Golem Alhondigako zinemetan. “Publikoak egiten zuen aldarrikapen bati erantzun diogu, jaialdiaren iraupena handituz eta, horrela, jendeak aukera gehiago izango du proiekzio eta jarduera ezberdinez gozatzeko”.

Iraupena luzatzeaz gain, jarduera-kopuruak ere gora egingo du aurten. Izan ere, Zinegoakera parte-hartzaile eta gonbidatu ugari hurbilduko dira.

João Pedro Rodrigues zinegile portugaldarrak Zinegoak 2017 Ohorezko Saria jasoko du otsailaren 20an, astelehena, Arriaga Antzokian ospatuko den hasiera-ekitaldian. Hurrengo egunean, otsailak 21, asteartea, Masterclass bat eskainiko du komunikazioa, arte ederrak eta ikus-entzunezkoak ikasten ari diren ikasleekin. Arratsaldean, egun horretan bertan, “O ornitólogo” bere azken lanaren proiekzioa egingo da debalde Golem Alhondiga zinemetan, FAS zineklubarekin elkarlanean.

Jaialdiak eskainiko duen hurrengo saria Queer Kampala IFF jaialdiarentzat izango da. Ugandan antolatzen den LGTB+ zinema-jaialdia da, Afrikan antolatzen den mota honetako ekimen bakarra. Gainera, gaur egun Ugandan homosexuala izatea ilegala da. Guillenen aburuz, “ezinbestekoa da jaialdi hau antolatzen duten lana, esfortzua eta ausardia aitortzea. Ohore handia da guretzat Hassan Kamoga zuzendaria Bilbora etortzea eta zuzenean saria eskaintzea”.

Hassan Kamogaren bisitaren eraginez, Afrikako LGTB+ mugimenduaren errealitatea ezagutzeko asmoz hainbat jarduera antolatuko dira. Queer Afrika zikloan zazpi dokumental ikusi ahal izango ditugu, Uganda, Kamerun, Hegoafrika, Cabo Verde edo Keniako lanak jasoz, otsailaren 21etik 24ra arte BilbaoArten. Horrez gain, topagune ireki bat antolatuko dugu Hassan Kamogarekin eta Violeta Assiegorekin (LGTB militantea eta Amnesty International-eko kidea). Haatik, egunik garrantzitsuena otsailaren 24a izango da, BBK aretoan Hassan Kamogari Queer Kampala jaialdi osoaren izenean saria banatuko baitzaio: “Omenaldi xume honetan parte hartzera gonbidatu nahi ditugu pertsona guztiak”. Horrez gain, egun horretan bertan “Outed: the painful reality” pelikularen proiekzioa egingo da. Kamogaren azken lan honetan John Alex Kigoziren bizitza erreala kontatzen da: Ugandako egunkariek bere homosexualitatea lau haizetara zabaldu zuten, eta horrek hainbat arazo sortu zizkion.

 

Kalitatezko zinea eta Zinegoakek ekoiztutako antzerkia

Zinegoakeko bigarren astean fikziozko film luze gehienen proiekzioak izango ditugu, eta, gainera, antzerkirako tartea ere egongo da, Histeria Kolektiboarekin batera ekoiztuko den “Inundación” lanaren bidez, Magda de Santo argentinarraren zuzendaritzapean. Martxoaren 3an eta 4an estreinatuko da La Fundición aretoan. Protagonistak Leire Ucha, Estibaliz Villa eta Maite Fombellida dira.

Zinegoak-en oso ohikoa da kalitate handiko pelikulak topatzea, eta aurten ere ez dugu hutsik egingo. Titulu batzuk aipatzearren: “First girl I loved” Sundance jaialdiko publikoaren saria 2016an, “Rara” Zinemaldiko Horizontes Latinos sariaren irabazlea edo “Les Vies de Thérèse” Canneseko festibalean Queer Palm jaso zuena. Gainera, FANTekin elkarlanean “La región salvaje” pelikula ere ikusiko da. Amat Escalanteren azken lan honek Sitgeseko jaialdian parte hartu du eta bereziki aproposa da zientzia-fikzioa gustuko dutenentzat.

Film luzerik aipagarrienak 2017

 

La región salvaje: Zuzendaritzarik onena – Bienal de Venecia 2016

O ornitologo: Zuzendaritzarik onena – Locarno 2016

First girl I loved: Publikoaren saria – Sundance 2016

Les vies de Thérèse: QueerPalm – Cannes 2016

Rara: Horizontes Latinos – Zinemaldia

Ceux qui Font les rèvolutions à mitiè n’ont fait que se creuser un tombeau: Toronto FFko Kanadako pelikularik onena. Berlinale 2017an hautatua.

Nunca estarás solo: Teddy –  Berlinale 2016

The student: Cannes 2016an François Chalais saria.

Los objetos amorosos: Festival de Cine Europeo de Sevilla (Resistencias) 2016 (Pelikularik onena)

Pieles: Panorama Berlinale 2017 Sail Ofiziala.

 

Laburmetraiak ere ez dira faltan izango Begiradak zikloaren bidez. Aurten ere atal ezberdinak izango ditugu: euskal ekoizpenez osatutako zikloa; Berdindugaz batera antolatzen haurtzaro eta nerabezaroari buruzko zikloa; emakumeen istorioak oinarri dituen zikloa; eta genero-identitate eta adierazpenaren inguruko zikloa. Lau ziklo hauek jatorrizko bertsioan proiektatuko dira, egun batzuetan euskarazko azpitituluekin eta beste batzuetan gaztelerazko azpitituluekin.

Zinegoak hedapena: zinea eta aniztasuna Euskal Herriko pantailetatik

Edizioz edizio handitzen ari da Zinegoaken hedapena Euskal Herriko herri ezberdinetatik. Aurten 30 herri baino gehiagotan egongo da martxoan zehar, eta 40 proiekzio baino gehiago antolatuko da (herri batzuetan bat baino gehiago egingo baita). Hamalau urte hauetan inoiz egon den hedapenik zabalena izango da.

Beste urte batez Donostia geltoki garrantzitsuenetako bat izango da, EHGAM eta Gehitu elkarteen lankidetzarekin batera hiru saio antolatuko baitira. Gainera Zinegoak Nafarroara bueltatuko da, Iruñean eta Tuteran proiekzioak eginez.

Zinegoaken hedapenari esker, jaialdiaren iraupen erreala hilabetez luzatuko da, martxo osoan zehar ia egunero saioak antolatuko direlako.

Aurten itxiera-ekitaldiaz gain, Zinegoakeri amaiera emateko ekitaldi berezi bat izango dugu: Eduardo Casanovaren “Pieles” lana ikusi ahal izango dugu. Lan honek Alex de la Iglesia bilbotarraren ekoizpena izan du eta Bilbon ikusi ahal izango da nazioarteko hainbat jaialditan ikusi ostean, eta zine komertzialetara heldu baino lehen.