ZINEGOAK SARI BEREZIA

QUEER KAMPALA – UGANDAKO LGTB FILM JAIALDIA

Ugandan homosexualitatea ilegala da. Herrialde horretan homosexualak diren pertsonak atxilotzen eta espetxeratzen dituzte. Baztertuak izaten dira, askotan euren familiek isolatzen dituzte eta prentsak euren argazki pertsonalak lau haizetara zabaltzen ditu, homosexualak direla publikoki salatuz. 2014. urtean Ugandako parlamentuak homosexualen kontrako lege bat onartzekotan egon zen (heriotza zigorra proposatzen zuen zenbait kasutan), baina azkenean bertan behera geratu zen, prozedura arazoengatik eta nazioarteak tokiko LGTB komunitatearekin batera egindako presioari esker.

Testuinguru horretan, iazko abenduaren 9tik 11ra arte Queer Kampala Ugandako LGTB Zinema Jaialdiaren lehenengo edizioa antolatu zen. Arduradunek jaialdia publikoki antolatu nahi zuten, baina Kampalako Harrotasunaren Eguneko mobilizazioak eta gero egondako atxiloketen ostean, azkenean gonbidapenak ekintzaile eta militanteen artean banatu behar izan zituzten. Gonbidapen horiek mezuen bidez egin zituzten, saioen hitzorduak bertan zehaztuz. Hala ere, 26 lan proiektatzea lortu zuten, tartean 9 lan afrikar.

Jaialdi horren helburua honakoa da: Ugandako LGTB komunitatea ikus-entzunezko lanen inguruan batzea, bertan agertzen diren errealitateekin euren burua identifikatzeko, elkarrizketarako espazioak sortzeko eta euren arteko elkarlana bultzatzeko. Gainera, jaialdi honen bidez Ugandako gainerako herritarrak LGTB komunitatera gerturatzeko zubiak eraiki nahi dituzte, eta nazioartearen atxikimendua eta babesa erakusten dute.

Ekimenaren altxor nagusia antolakuntzan dauden pertsonak dira. Jaialdiaren atzean ekintzaile eta borrokalariak daude, aldaketa posible dela uste duten ameslariak, euren borroka eremu guztietara eramaten duten militanteak. Izan ere, aldaketa legalak bultzatzeaz gain, garrantzitsua da zinea eta kulturaren bidez ere ikusgarritasuna irabaztea. Horrelako ekimenen bidez ere lortuko dute gainerako herritarren bizi-baldintza berberak izatea.

Jaialdi horren zuzendari Kamoga Hassanek Ugandako LGTB pertsonek bizi duten errealitatea ikusaraztea du helburu, eta horretarako sortu zuen Queen Kampala. Batzuetan zaila den arren, Hassanek ez du esperantzarik galtzen. Prozesua luzea izango da, baina badaki egunen batean aldaketak igarten hasiko direla eta errealitatea irauliko dela. Berarentzat isilik gelditzea ez da aukera bat. Hassanek lan egiten eta borrokatzen jarraitu du, gero eta jende gehiagok beldur barik berba egin dezan, jendeak ikus dezan ez daudela bakarrik. Aldaketa horiek ematen ari dira apurka, eta jaialdi honek aldaketa horiek azkartuko dituelakoan gaude.

Beraz, ohore handia da guretzat Queer Kampala antolatzen duten lagunei gure atxikimendua, babesa eta errespetua aitortzea. Horregatik guztiagatik, Zinegoakeko sari berezia eskainiko diegu aurtengo edizioan.

“OUTED” EMANALDI BEREZIA

Zinegoak 2017 sari bereziaren banaketara gonbidatzen zaituztegu, Queer Kampala International Film Festival jaialdiak jasoko duena. Ugandako LGTB zine festibaleko zuzendari Hassan Kamogak BBK aretoan jasoko du saria. Horrez gain, “OUTED: The Painful Reality” filma proiektatuko da; Hassan Kamoga da zuzendaria eta John Alex Kigozi-ren bizipenetan oinarritzen da filma: Ugandako egunkari nagusiak haren argazkia kaleratu zuen egunkariaren azalean, homosexuala zelako salaketa publikoa eginez. Ez da homosexuala izategatik halakorik egin dioten bakarra.

Proiekzioa amaitzerakoan, lan honen ekoizpen, filmazio eta zabalkundearen ezaugarriak ezagutuko ditugu Kamoga beraren ahotik.

OTSAILA 24 / 19:00 / SALA BBK/ DOAKO SARRERA