banner_web_ZG_2019

SRIDHAR RANGAYAN

Sridhar Rangayan - Director - Pic_Punit Reddy

Sridhar Rangayan (Mandya, India, 1962) zinegile, ekoizle eta ekintzaile indiarrak giza eskubideak eta sexu-aniztasuna landu ditu azken hamarkada bietan. Rangayanen zinemagintzak ate ugari ireki ditu, eta ahotsa eman die zinema-aretoetan eta gizartean zentsuratutako eta ofizialki baztertutako istorioei.

2011. urtean Solaris Pictures sortu zuen Saagar Gupta idazle eta zuzendari artistikoarekin batera. Solaris LGTBI+ gaietan espezializatutako Indiako lehenengo produkzio-etxea da, eta, bere bidez, Kashish, Mumbaiko Nazioarteko Queer Zinema Jaialdia antolatzen dute, Indiako lehenengo queer zinema jaialdia. Kultur ekimen honek 10 urte bete ditu, eta mundu mailako erreferente bihurtu da. Solaris oso erreminta boteretsua eta eraldatzailea da Rangayanentzat, bere konpromiso militantea kultura eta ikus-entzunezko produkzioen bidez lotu dituelako.

Sridharren zinemagintza ezinbestekoa da LGTBI+ gaiek Indiako zineman izan duten eboluzioa ulertzeko. Besteak beste, honako lanak dira nabarmenenak:

Gulabi Aaina / The Pink Mirror (2003), Indiako trans errealitatea landu duen lehenengo pelikula da. Oso kritika onak jaso zituen “baztertutako komunitatearen erretratu hunkigarria” egiteagatik, baina ezin izan zen Indian estreinatu, “lizuna eta erasokorra” zelakoan.

Yours Emotionally (2006) lanak arrazismoa eta kultur identitatea gaiak jorratzen ditu esaterako. Film luze honek LGTBI+ kolektibo asko ezagutarazi zituen, izan ere, ekoizpenean Mumbaiko Humsafar Trust eta Gujarateko Lakshya elkarteetako 100 lagun baino gehiagok parte hartu zuten, besteak beste.

Horrez gain, 68 pages (2007) lanean GIB birusa duten pertsonek pairatzen duten estigma eta bazterketa aztertu zuen; eta Purple Skies (2014) eta Breaking Free (2015) dokumentaletan lgtbfobia instituzionala salatu zituen, hainbat gairen artean.

2018. urtean bere azken filma aurkeztu zuen, Evening Shadows, istorio unibertsal bat, eta zuzendariak berak definitzen duen bezala, “pelikula familiarra”. Lan honetan, istorio gay bat kontatzeaz gain, Indiako emakumeen errealitatea kontatzen du, gizarte patriarkal baten testuinguruan. Pelikula hau nazioarteko 40 jaialdi baino gehiagotan estreinatu da, eta Indiako zinema komertzialetan proiektatzea lortu du. Publikoak, gainera, oso harrera beroa egin dio.

Apurka-apurka Indiako gizartea LGTBI+ pertsonenganako begirada aldatzen ari da, eta, era berean, legeetan ere aurrerapausoak ematen ari dira, eskubide zibilen berdintasuna lortzeko bidean. 2014. urtean Indiako Auzitegi Gorenak hirugarren generoa legeztatu zuen, eta, berriki, zigor kodearen 377. artikulua legez kanpo utzi du, harreman homosexualak zigorgabetuz.

Zinegoaken uste dugu Indiako azken aurrerapausoak posible izan direla Sridharren eta bere moduko milaka ekintzaileen lidergo eta konpromisoari esker. Espero dugu, beraz, aldaketa sozial eta legal hauek bultzada izatea Sridharrentzat, eta etorkizunean bere sormen-lanarekin jarraitzea, bere pelikulak ederrak eta hunkigarriak izateaz gain, batez ere, beharrezkoak direlako.

EMANALDI BEREZIA