Aurtengo Zinegoak jaialdiak emakume sortzaileen lanak eta konpromisoa duten pelikulak saritu ditu

Aurtengo Zinegoak jaialdiak emakume sortzaileen lanak eta konpromisoa duten pelikulak saritu ditu

Aurtengo Zinegoak jaialdiak emakume sortzaileen lanak eta konpromisoa duten pelikulak saritu ditu

Zinegoakek, Bilboko LGTB Zinema eta Arte Eszenikoen jaialdiak, aurtengo edizioaren sariak banatu ditu gaur, martxoak 4, Guggenheim Museoaren atrioan antolatutako ekitaldian. Aurtengo sariek ezaugarri nabarmena izan dute: saria jaso dituzten lanek oso kutsu konprometitua dute. Eduki sozialak eta aldarrikapenak izan dira nagusi 14. edizio honen palmaresean. Era berean, antolakuntzak nabarmendu gura izan du 12 sarietatik 7 emakumeentzat izan direla (zuzendariak, aktoreak eta abar), azken urteetako joera mantenduz eta areagotuz.

Fikziozko lanei dagokionez, Nazioarteko Epaimahaiak (Miren Aperribay, Marion Berger eta Ruben Ochandiano) erabaki du Pelikularik Onenaren Saria “(M)uchenik” (The student) lan errusiarrari ematea, “ikuslea muturreko egoera batera eramaten duelako, gaur eguneko gaia jorratzen duelako eta bere zinemagintza-kalitateagatik”. Halaber, lan honek Fikziozko Gidoirik Onenaren Saria ere jaso du, “arriskatzen duelako, eta ikuslea behartuta sentitzen delako istorioan murgiltzera, halabeharrez”.

Zuzendaritzarik Onenaren Saria Adrian Silvestre zuzendariak jaso du, “Los objetos amorosos” lanagatik. Epaimahaiak nabarmendu duenez, Silvestrek “zinemak dituen baliabide ezberdinak maisutasunez jorratzen ditu errealitate bat kontatzeko, eta aktoreen zuzendaritza ere zoragarria da”.

Nazioarteko Epaimahaiak erabaki du Aipamen Berezi bat eskaintzea Alex Anwandterren “Nunca vas a estar solo” lehenengo lanari, “bere sentsibilitateagatik, istorio hori kontatzeko duen begirada bereziagatik, eta horrenbeste hunkitzen duen pertsonai hori eraikitzeagatik”.

Dokumentalei dagokionez, Nazioarteko Epaimahaiak (Vanesa Fernandez Guerra, Hassan Kamoga eta Marc Serena) aurtengo Dokumental Onenaren Saria “Mów mi Marianna” (Call me Marianna) lanari eskaintzea erabaki dute. Karolina Bielawska da lan honen zuzendaria. Sariaren arrazoia, epaimahaikideen hitzetan “pertsonaia kontatzeko duen trebetasunagatik, eta gertaera guztiak kameraren aurrean naturaltasun osoz jorratzen dituelako”.

Era berean, jake Witzenfelden “Oriented” lanari Aipamen Berezia eskaini diote, “Israel eta Palestinaren arteko gatazkari xehetasunez jositako ikuspegi berri bat emateagatik”.

Lesbianismo eta Generoaren Saria aurten ex-aequo izango da, lan bik jasoko dute saria. Alde batetik, “Arreta” dokumentala, “bularreko minbiziaren ikuspegi kritiko eta enpoderatzailea bultzatzen duelako, ikuspegi feminista batetik”. Bestetik, “Moms on Fire” film laburra, “animaziozko lan ausarta delako, amatasunari mitoak kenduz, umore garratza eta kritikoa tresna politiko gisa erabiliz”.

Horrez gain, Aniztasun eta Giza Eskubideen Epaimahaiak ahobatez “Ustav Republike Hrvatske” (The Constitution) lana saritzea erabaki du, “gorrotoari aurre eginez errealitatearen erretratua egiten duelako; eta bere protagonisten aniztasuna umore lasaiarekin eta errespetuarekin lantzen duelako. Protagonistak gai dira euren penak gainditzeko zubiak eraikiz, elkartasuna eta errespetuaren bidez”.

Gainontzeko sariak honakoak izan dira:

– Publikoaren Saria Film Laburrik Onenarentzat: “Oh-Be-Joyful”, Susan Jacobsonen zuzendaritzapean.

– Protagonista onenaren Saria: Laura Rojas Godoy, “Los objetos amorosos” lanagatik.

– Aktore guztien arteko Saririk Onena: Ksenija Marinkovic, “Ustav Republike Hrvatske” (The Constitution) lanagatik.

– Interpretazioarekin lotutako Aipamen Berezia: “Ceux qui font les révolutions á moitié n’ont fait que se creuser un tombeau” lanaren aktore guztiak, Mathieu Denis eta Simon Lavoien zuzendaritzapean.

– Pelikula Esperimental Onenaren Saria: “Disco Limbo”, Fredo Landaveri eta Mario Toledoren zuzendaritzapean.

– Film Labur esperimental onenaren Saria: “Two snakes”, Kristin Liren zuzendaritzapean.

– Gazteen Saria Laburmetrairik Onenarentzat: “Take your partners” Siri Rodnesen zuzendaritzapean.

– Gazteen Sariaren Aipamen Berezia: “Grávido”, Alejandro Durán zuzendariaren eskutik.

Bihar martxoak 5 saritutako lan guztiak ikusi ahal izango dira Bilborock eta Golem Zinemetan antolatutako saioetan. Saioen ordutegia honakoa izango da:

Bilborock

19:00. “Two snakes” eta “Take your partners”film laburrak, eta “Disco Limbo” pelikula.

21:00. “Moms on fire” eta “Oh-be-joyful”film laburrak, eta “Arreta” dokumentala.

Golem

17:45. “Mów mi Marianna” (Call me Marianna).

19:45. “(M)uchenik”.

22:15. “Ustav Republike Hrvatske” (The constitution).