ZG/PRO Zinegoak Nazioarteko LGTBIQ+ Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdiaren industria-programa da. Lau edizio daramatzagu LGTBIQ+ zinemaren eta haren sorkuntzan, ekoizpenean eta banaketan parte hartzen dutenen ikusgaitasuna eta sustapena lantzen, ikus-entzunezkoen eta kulturaren bitartez eraldaketa soziala eragiteko premisari jarraituz. 

Industria-esparrua hiru helbururen inguruan antolatzen da: ikus-entzunezko heziketa eta sexu-, identitate- eta genero-aniztasuna; audientzien garapena, master classen eta tailerren bidez, Bizkaiko zinema-eskolekin eta UPV/EHUrekin elkarlanean; eta martxan dauden LGTBIQ+ proiektuen sustapena, ZG/PRO WIParen bitartez. 

Work in Progress egitasmoa profesionalen eskari batetik sortu zen, beharrezkotzat jotzen baitzuten ekoizten ari zen queer zinema sustatzeko esparru espezifikoak izatea. Zinema bat non beste errealitate batzuk eta gure ingurunearekin erlazionatzeko eta adierazteko moduen aldaketak islatzen diren, ikus-entzunezko industria, audientziak eta jaialdiak ere tartean sartuta. 

Alde horretatik, WIP esparruak badu beste jaialdi batzuen sostengua: Europako hegoaldeko LGTBIQ+ jaialdien sarea, Queer Lisboa eta Queer Porto, Mix Milano, Parisko Chéries-Chéris, Tesalonikako G.L.A.D. eta Zinegoak elkartu egin dira, queer zinemarako esparruak elkarrekin garatzeko sare bat sortzea helburu.  

2023ko ZG/PRO WIP esparrua INCOPRODUCTION plataformaren bidez kudeatuko da. Parte hartu nahi duten proiektuek, beraz, plataforma horretan eman beharko dute izena. Gero, pitching formatuan aurkeztuko dira hautatutako proiektuak, jaialdiko egun batean. Gehienez ere ekoizpen-fasean dauden 6 proiektu hautatuko dira, eta ZG/PRO saria jasoko du haietako batek. Sektoreko zenbait profesionalek osaturiko epaimahai batek erabakiko du saria, eta Music Library & SFX-k emango du.