Zinegoakeko bigarren astean proiekzio bereziak eta nazioarteko gonbidatuak egongo dira

Zinegoakeko bigarren astean proiekzio bereziak eta nazioarteko gonbidatuak egongo dira

Zinegoakeko bigarren astean proiekzio bereziak eta nazioarteko gonbidatuak egongo dira

Otsailaren 25etik martxoaren 3ra arte hainbat gai landuko dira: LGTB nagusien ikusgarritasuna, trans memoria, lesbianismoa kartzeletan edo intersexualitatea.

Zinegoakek hasiera indartsua izan ostean –hasiera ekitaldian 1100 lagun elkartu ziren Arriagan, eta aste osoan zehar aretoak leporaino egon dira–, bigarren asteko programazioan proposamen interesgarri ugari egongo dira. Otsailaren 25etik martxoaren 3ra arte, Zinegoaken jarduera osagarriak eta proiekzio bereziak izango ditugu, nazioarteko gonbidatuekin.

Golemen saioak amaitu eta gero, proiekzio nagusiak aste honetan Bilborocken egingo dira, baina BilbaoArten ere saio batzuk egingo dira. Horrez gain, jarduerak egongo dira hainbat aretotan, besteak beste, Sarean, Hika Ateneoa, Via de Fuga, Bastida Aretoa (Azkuna Zentroa), FNAC edo Badulaken.

Bigarren asteko programazioa gaur hasiko da. “Erroak” saileko lehenengo saioa egongo da Bilborocken; Euskal Herrian sortutako lanak, hiru saiotan eskainiko dira: gaur, bihar eta etzi, 18:00etan, doako sarrerarekin. Gaur, LGTBIQ+ Nagusien ikusgarritasuna landuko duen proiekzio berezia egongo da, FNACen.

Bihar, ohiko programazioaz gain, Azkuna Zentroko Bastida aretoan trans memoriari buruzko saio berezi bat ospatuko da. Valeria Vegas kazetariak “Vestidas de azul” liburua aurkeztuko du. Lan horretan, espainiar trantsizioan emakume transexualen analisi sozial eta zinematografikoa egiten du. Liburua aurkeztu eta gero, 1984. urtean Antonio Gimenez-Ricok zuzendutako “Vestida de azul” lana proiektatuko da.

Otsailaren 27an, asteazkena, “Erroak” saileko azken saioa antolatuko da, eta Zinegoaken saio berezi bi egongo dira. Alde batetik, 19:00etan Sareanen, Ekhiñe Etxeberriak “Mikele” lana aurkeztuko du, trans nerabezaroaren ingurukoa. Dokumentaleko protagonista ere bertan egongo da. Beste alde batetik, 21:15ean Bilborocken “Ez Eva Ez Adan. Istorio intersexual bat” dokumentaleko protagonista bat egongo da gurean, intersexualitatearen inguruan lehenengo pertsonan berba egiteko.

Hurrengo egunean, otsailak 28, Sareanen ere jarduera osagarriak antolatuko dira. Work in progress saio honetan, bi proiektu aurkeztuko dira: “Ni naiz naizena” websaila eta “Mi pequeño samurai” (Ekai Lersundiren inguruko film labur dokumentala). Bertan Izaskun Arandia zuzendaria eta Elaxar Lerxundi, Ekairen aita, egongo dira. Azkenik, 21:00etan Via de Fugan Angelo Nestoreren “Actos impuros” lana egongo da.

Zinegoakeko azken asteburuan ez da aspertzeko astirik egongo. Ostiralean 20:15ean “Kartzela bollerak” saioan, emakumeen espetxeetan sexualitate disidenteak lantzen duena, Cecilia Montagut zuzendariak parte hartuko du. 21:30ean bollo bertso-saioa egongo da Hika Ateneoan, lesbianismo eta genero ikuspegiaren inguruan. Eli Pagolak, Maider Arregik eta Saioa Alkaizak parte hartuko dute. Gai-jartzailea Amaia Agirre izango da. Azkenik, 23:00etan Badulaken “M’estoy quitando” ikuskizunaz gozatuko dugu, Nagore Gore eta Fernando Santosen parte-hartzearekin.

Larunbatean, Bilborockeko bi saioez gain, 22:00etan Zinegoakeko Itxiera Ekitaldia izango da Bilboko Elkarte Filarmonikoan. Bertan, aurtengo saridunak nortzuk izango diren jakitera emateaz gain, Apoyo Positivo GKEri aurtengo Sari Berezia emango zaio. Elkarte honek 25 urte bete ditu aurten, eta ikus-entzunezkoen bidez genero­– eta sexu–aniztasuna lantzen du, “Indetectables” bezalako websailak sortuz, besteak beste (galan azken kapitulua proiektatuko da).

Igandean, jaialdia amaitzeko, Zinegoakeko lan sarituak proiektatuko dira Bilborocken. Bilbon jaialdia amaitu eta gero, Zinegoak “ibiltaria” hasiko da, hots, Euskal Herriko 44 udalerri baino gehiagotan proiekzioak egongo dira, 66 proiekziorekin.