Zinegoak fikzioari begira jarriko da bigarren aste honetan, lehenengo astean 4 mila bisitari izan ostean

Zinegoak fikzioari begira jarriko da bigarren aste honetan, lehenengo astean 4 mila bisitari izan ostean

Zinegoak fikzioari begira jarriko da bigarren aste honetan, lehenengo astean 4 mila bisitari izan ostean

Jaialdiaren erdia igaro da jada eta balorazio positiboa egin du Zinegoakek. Igandera arte fikziozko lanak izango dira protagonistak, Bilborock, Golem Alhondiga eta Sarean aretoetan.

Zinegoakek, Bilboko LGTB Zinema eta Arte Eszenikoen jaialdiak, bere programazioaren erdigunera heldu da, oso balorazio positiboarekin. Lehenengo aste hau dokumentalei begira egon da batez ere eta 4000 bisitari izan ditugu areto ezberdinetan. Pau Guillen zuzendariaren arabera, zenbaki hori “oso positiboa” da. Proiekzio batzuk jendez lepo egon dira Bilborocken eta BilboArten, adibidez, “Call me Marianna”, “Arreta”, “O ornitologo” edo “Mara-mara” lanetan.

Horrez gain, zenbakietatik harago, publikoak sortzaileak gertutik ezagutzeko aukera izan du proiekzio askotan. Lehenengo aste honetan gurean izan ditugu honako zuzendari, ekoizle edo aktoreak: “Transit Havana”, “Mara-mara”, “Arreta”, “Tchindas”, “Where horses go to die”, “La región salvaje”, “La declaración de los objetos”… Halaber, solasaldiak antolatu ditugu Joao Pedro Rodriguesekin (aurtengo Ohorezko Saria jaso duena) eta Hassan Kamogarekin (Ugandako Queer Kampala jaialdiko zuzendaria, Zinegoakeko Sari Berezia).

Bigarren aste honetan, gaurtik hasita martxoaren 5era arte, protagonista nagusiak fikziozko pelikulak izango dira. Jaialdiko areto nagusiak Bilborock, Golem Alhondiga eta Sarean izango dira, eta, besteak beste, honako lanak egongo dira ikusgai: “Rara”, “First Girl I Loved”, “Nunca vas a estar solo”, “Other People”, “La Región Salvaje”… Gurekin egongo dira honako pelikuletako lantaldeak: “My Nature”, “Grávido”, “Los objetos amorosos”, “The closet”, “Tunel koloretsua”, “Narciso”…

Bestalde, La Fundición aretoan “Klasiko ezkutu argituak” zikloa izango dugu ikusgai, pelikula zaharrei bestelako begirada bat emanez. Ikusiko diren lanak “Sherlock Holmesen bizitza sekretua” eta “Queen Christina” izango dira. Horrez gain, Sarean kulturgunean Afrika Queer zikloaz gozatu ahal izango dugu, eta asteazkenean Xabier Madariaga kazetariak zuzendutako “Etxera bidean” dokumentala proiektatuko da.

Asteburuan makina bat jarduera izango ditugu. Adibidez, ostiralean eta larunbatean Magda de Santo argentinarraren “Inundación” lana estreinatuko da La Fundición aretoan. Zinegoak eta Histeria Kolektiboaren artean ekoiztutako lana da, eta ostiraleko sesiorako sarrerak agortu dira jada. Martxoaren 4an sesio bi egongo dira: 20:00etan eta 22:00etan.

Azkenik, amaiera-ekitaldia Guggenheim Museoan izango da, martxoaren 4an. Bertan jakinaraziko da irabazleak nortzuk diren eta DJ Meneoren emanaldia izango dugu. Hurrengo egunean proiektatuko dira irabazleen lanak, jaialdiari amaiera emanez.