“Bilboko lesbianen mundu erdaldunari esan genion euskaraz nahi genuela bizi”. Nagore Zuazo

“Bilboko lesbianen mundu erdaldunari esan genion euskaraz nahi genuela bizi”. Nagore Zuazo

“Bilboko lesbianen mundu erdaldunari esan genion euskaraz nahi genuela bizi”

Duela 20 urte inguru, Nagore Zuazo armairutik irten zen, eta Bilbon euskal giroa faltan sumatu zuen. Hala, bere egoera berean zeuden lesbiana euskaldun gazte batzuekin elkartu eta sare bat sortu zuten. Euskarazko terminorik erabiltzen duen galdetzerakoan hausnartzen hasi eta ezetz dio, terminoak erdaratik hartzen dituela, bai berak eta bai bere ingurukoek. Eta ligatzeko modurik onena aurrez aurrekoa dela argi dauka.

Burura etorri zaidan lehenengo ideia da euskaldun moduan ez daukadala ekarpen berezirik egiteko gai honetan. Lesbiana naizelako euskarazko terminologiarik ez dut gehitu, ez dut egin ekarpen berezirik nire bizitza pertsonalean gauza batzuk azaltzeko euskaraz. Atzera begira jartzen naiz (20 urte pasa dira ja lesbiana naizela) eta lehen euskaraz terminoren bat erabiltzen nuen pentsatzen hasten naiz: “Hitz bereziren bat sortu ala erabili genuen inoiz? Ke ba!”. Euskaraz aritzen nintzen, euskalduna naiz, baina  ez  daukat  euskarazko  hiztegirik  lesbiana moduan  kokatzeko Bilbo  baten. Ez dago hiztegirik euskaraz, ez dut ezagutzen hitzik, eta erdarazko hitz, kontzeptu eta esamoldeak asumitzen ditut. Salir del armario: armairutik atera, lesbiana: lesbiana, bollera: bollera, tortillera: tortillera.

Lehen ondorioa da ez nuela topatu hitzik euskaraz eta erdarazkoak erabiltzen hasi nintzela. Erdaratik euskarara pasatu nituen eta ez nuen hiztegi sorkuntzarik egin euskaraz. Nire inguruko jende euskalduna ere berdin, erdarazko hiztegia asumitu genuen gurea izango balitz  bezala.

Bigarren hausnarketa, hor bai egin genuen ariketa bat, eta oso gogorra izan zen niretzako. Mundu LGTBan esan genuen: “E! Hemen gaude lesbiana euskaldunak”. Mutilek, gayek, bide hori apur bat zabalago zeukaten, sareak  eta harremanak garatuago  zeuzkaten, baina, nire kasuan eta nire inguruan, hasieran bilatzen hasi ginen eta ez genuen topatu. Hortaz, esan behar izan genuen “lesbiana euskaldunak existitzen gara, lesbianak euskal munduan ere bagaude”. Hori izan zen egin genuen erreibindikazioa eta ikusgarri egiteko ariketa. Era informalean egin genuen. Bilbo handian lesbianen mundu erdaldunari esan genion lesbiana euskaldunak ginela eta euskaraz nahi genuela bizi. Euskal Herriko hegoaldekoak ginen talde handi batean ibili ginen horretan.

Gehienak Bilbokoak eta Bilbo handikoak ginen (Getxo, Basauri…). Gero bizkaitarrak zeuden (Galdakao, Enkarterriak, Gernika…). Beranduago gasteiztar eta gipuzkoar batzuk ere hurbildu ziren eta nafarren bat ere batu zitzaigun. Oso garai polita izan zen, oso ondo pasatu genuen egun horietan.

Edozelan be, niretzat psikologikoki gogorra izan zen, ze nahiko apustua izan zen euskalduna izatea egunerokotasunean eta gero esparru honetan berriro egin behar bidea. Gaztetatik Bilbon euskaraz ibiltzea izan  zen nire apustua, eta lesbianismoan berriro  zerotik  hastea bezala izan  zen. Anbientetik mugitzen hasi ginenean flasha gogorra izan  zen. Jaso nuen lehenengo  argazkia  izan zen guztiz erdalduna zela. Bai jendeak erdaraz egiten zuelako nahiz eta euskalduna izan, bai musikalki, janzkera, izateko era; oso mundu erdalduna zen. Niretzako nahiko frustrantea izan zen.

Gero erronkari eutsi genion: hemen euskaldunak badaoz, goazen elkar ezagutzera, goazen elkarrekin egotera, adiskidetasunaz, harremanetaz edo sexuaz disfrutatzera, baina euskaraz. Hori izan zen egin nahi izan genuen bidea eta ekarpena: elkarrekin egoteko eta musika anitzagoa izateko, beste era bateko anbientea sortzeko sarea eta presentzia. Orain dela 20 urte egin genuen, Bilbo handian hasi eta Hego Euskal Herrian hedatu zen, bazegoelako beharra beste leku batzuetan ere. Era informalean biltzen ginen eta euskalduntasuna aldarrikatzen genuen.

Gutako batzuk, militantzian esperientzia genuenok, talderen batera hurbiltzen saiatu ginen. EHGAM aukeratu genuen euskaldun izaera zuen taldea hori zelako. Txokolandara [Alde Zaharreko gaztetxea, egun 7Katu dena, eta orduan EHGAMek kudeatzen zuena] joan ginen, bilera batzuetara agertzen hasi ginen, bilera pare batera, baina partaideen gehiengoa gizonezkoak eta helduak zirela ikustean (40-50 urteko gayak ziren nagusi), ulertu genuen ez zegoela aukerarik gure beharrak asetzeko. Erreferente lesbikoak behar genituen 20 urteko lesbianak ginen; beraz, joateari utzi genion, hilabete pare bat egon ondoren.

Aipatutako sarea apurka ehundu zen, alde batetik ahoz ahokoaren bidez, lagunen lagunak elkartuz. Bestetik, orduan zegoen chueca.com txatean berbetan egoten ginen euskaldunok erabaki genuen aurrez aurre geratzeko unea heldu zela. Anbientean ere ibiltzen ginen Bilbon. Eta tabernetan. Kuriosoa iruditzen zait heteroek hainbeste taberna eta elkargune izanda, plataformetara jo izana ligatzeko. Taberna batean edo aurrez aurre elkar ezagutzea askoz erosoagoa eta errazagoa da niretzat. Baina tira, euren aukera da.

Jendea ezagutu, sexuaz gozatu, eta ondo pasa nahi genuen, euskaraz baina, eta horregatik hasi ginen presentzialki kedadak antolatzen eta sarea egiten. Garai polita izan zen, bai.

 Nagore Zuazo