“Bizkaiko Lesbiana Feministen Kolektiboan kalera begira egiten genuen esfortzua, baina taldean gutxi egiten zen euskaraz” Maite Elo

“Bizkaiko Lesbiana Feministen Kolektiboan kalera begira egiten genuen esfortzua, baina taldean gutxi egiten zen euskaraz” Maite Elo

“Bizkaiko Lesbiana Feministen Kolektiboan kalera begira egiten genuen esfortzua, baina taldean gutxi egiten zen euskaraz”

Euskara ama hizkuntza du Maite Irazabalek. Maite Elo ezizenarekin da ezaguna Bilboko giro bollofeministan, Elorriokoa delako. 62 urteko lesbiana feminista honen familiak euskarari eutsi zion, baita Frankismoan ere. Ikasketak gaztelaniaz egin ondoren, gaztaroa Madrilen eta Ingalaterran igaro zuen. 80, hamarkadan Bilbon egonkortu eta jaio berriko mugimendu feministan inplikatu zenean, hiriburua oraindik oso erdalduna zen. Testuinguru horren ondorioz, ez du lesbianismoa eta feminismoa euskaraz bizitzeko aukera izan, eta bere ama hizkuntzan komunikatzeko gaitasuna galdu du. Edonola ere, Maitek erabaki du jubilatu bezain pronto euskaltegian emango duela izena. Eta ez du militantziaz jubilatzeko asmorik.

Bizkaiko Emakumeen Asanbladako kide honek Bilboko proiektu lesbianista gehien-gehienetan parte hartu du: Bizkaiko Lesbiana Feministen kolektiboan, Ladyfestan eta Sare Lesbianistan. Hirurek sustatu dute euskararen presentzia kartel eta komunikatuetan, baina zailagoa izan da asanbladetan erabiltzea. Maiteren ustez, paradoxa da Bilboko lesbiana feministak euskaldundu direnerako, militantzia eredua ahuldu egin dela, LGTB identitateen normalizazioaren ondorioz. 

Zer harreman afektibo eta politikoa duzu euskararekin?

Ni izatez Elorrixokoa naiz eta nire ama hizkuntza euskara da, baina Madrilen eta Ingalaterran bizi nintzen eta euskara galdu nuen. Bilbora etorri nintzenean, euskaraz gutxi egiten zen. Gero aldatu da pixkat bat gehiago, jendeak kontzientzia hartu du. Ni 1986an heldu nintzen eta, lesbiana feministen kolektiboak iraun zuen 22 urteetan (1983-2005 artean), esango nuke inork ez zuela euskararekin harreman handirik. Baten batek euskara ikasi zuen, baina taldetik joan zen. 90. hamarkadatik aurrera hasi ziren batzuk kontzientzia hartzen eta euskara ikasten. [Bizkaiko Emakumeen] Asanbladan ere ez da asko hitz egiten euskaraz. Nik pila bat galdu dut euskara, nahiz eta nire ama hizkuntza izan. Hainbeste denbora daramat erabili barik… Elorrixon bai bizkaieraz berba egiten dut. Baina ez naiz ausartzen diskurtso politikoa euskaraz egitera.

Izan duzu aukerarik zure lesbianismoa euskaraz bizitzeko, bikote/sexu harremanetan edota parranda giroan?

Ez, Bilbon tabernetan eta giroa erdalduna da. Donostiara joan naizenean (Pilon Mendibilekin) edota Iruñeara (Lumatzakoekin) saiatu naiz euskaraz egiten, baina momentu puntualak izan dira.

Galera horren kontzientzia politikoa hartu duzu?

Bai, beti dekot pena bat, baina ez dut landu. Jubilatuko naizenean hasiko naiz ikasten. Baina niretzat garrantzitsua da Bizkaiko euskara lantzea.

Lesbiana Feministen kolektiboaren kartelak elebidunak ziren….

Kalera begira, esfortzua egiten genuen. Sorginak aldizkaria ateratzen genuenean [Euskadiko Lesbiana Feministen Kolektiboaren aldizkaria], argi genuen zer edo zer ipini behar genuela euskaraz. Donostiakoek guk baino gehiago erabiltzen zuten euskara; guk hurbilen genuen lagun euskaldunari eskatzen genion artikuluren bat. 90. hamarkadatik aurrera jendea kontzientziatu zen eta kide gehiago hasi ziren euskara ikasten eta erabiltzen. 

Kolektiboa desagertu ondoren, Ladyfesta Bilbao taldean parte hartu zenuen. Euskararen erabilera sustatu zenuten? 

Ez geneukan kontzientzia hori. Taldeko gehienek ez zekiten euskaraz, edo jakin bai, baina ez zuten erabiltzen koadrila giroan. Batzuek ez jakitea aitzakia da dakigunok esfortzurik ez egiteko.

Eta zein izan zen Sare Lesbianistan hizkuntza erabilera zuk militatu zenuen lehenengo urteetan?

Apur bat handiagoa. Hainbat kide irakasleak ziren eta euskarari pisua eman zioten. Komunikatuak ere euskaraz idazten zituzten. Baina batzarrak erderaz egiten genituen, beste kide batzuk ez zekitelako euskaraz. Ez soilik etorkinak; hemen jaio eta bizi diren lesbiana askok ez dute ikasteko interes handirik.  

Sexilioarekin lotzen duzu euskararen galera? Hau da, sorterritik alde egiten dugu sexu askatasun bila eta euskara atzean uzten dugu…

Nik ez dut sexilio gisa bizi. Familiaren aldetik ez nuen kanpora ateratzeko beharrik, lan bila eta giro bila joan nintzen Bilbora. 

Hortaz, uste duzu zure biografia linguistikoa antzekoa izan zela heteroa bazina?

Ez dakit. Baina nik ere eduki nituen harreman heteroak! Ez pentsa ezetz! Mutilagunak izan nituen. Ez naiz de pedigrí! (Barreak)

Iruditzen zaizu mugimendu lesbofeminista euskaldundu dela?

Bai, gazteen partaidetzari esker, euskarak pisu handiagoa du. Hala ere, gazteen kolektiboak ez daude oso aktiboak. Gaur egun, badirudi dena lortu egin dugula, ezkondu gaitezkeelako eta. Se ha heteronormatibizado todo… 

Zer iruditzen zaizu gure proiektua? Alegia, lesbianismoari buruz hitz egiteko euskarazko berbak bilatu eta sortzea.

Reto bat… Erronka bat da. Gauzak ez dira existitzen ez badituzu izendatzen. Zis, adibidez, orain dela hamar urte erabiltzen ez genuen berba bat da. Hasten bagara hitz gehiago sartzen, lortuko dugu zerbait diferentea.

Zein hitz erabiltzen dituzu erderaz eta gustatuko litzaizuke euskaraz ikastea?

Guk erabiltzen doguzen hitzak oso zaharrak dira. Camioneras, butch… Horiek ez dira erabiltzen. 

Marimutil esaten dugu…

Egia da! “Nora zoaz, marimutil!”, entzuten nuen txikitan neskek prakak erabiltzen zituztenean. Nik argazki bat daukat nire aitarekin, prakak jantzita.

Marimutil deitzen zizuten?

Ez pentsa, txikitan aurpegi fina nuen, cara de buena… Horregatik ez zidaten deitzen.

Lesbiana euskaldunen bat esan digu ez duela Bilboko mugimendu lesbofeministan parte hartu, mugimendua erdalduna delako.

Ez bazara sartzen, euskara beti geratuko da izkina batean. Baina ulertzen dut. Gainera, ez zen erraza kolektibora edo asanbladara sartzea. Gure artean ibiltzen ginen, bagenuen lan egiteko modu bat… Es difícil entrar en un grupo que ya está hecho. También pasaba que, en el grupo de sexualidad [BEAn] eran todas lesbianas, pero lo veían como una opción personal, no como una opción política

Zein dira gaur egun zure kezkak, lesbiana euskaldun gisa?

Zahartzaroari nola egin aurre. Ez gara gazteak. Nik 62 urte ditut eta nire militantzia kideek (Rosak, adibidez) 70 urte. Okupaziotik nator, gustatuko litzaidake komunitatean bizitzea, elkar laguntzea, cohousing moduko batean norberak bere lekua izan eta amankomuneko espazioak konpartitzea. Baina Euskal Herrian lurra oso garestia da, eta ez daukagu Ada Colau bat. Aquí con el PNV, malamente… Tampoco lo hemos intentado…

 

—-

 

Armairua: Closet

Bollera: Tortillera

Derrigorrezko heterosexualitatea: Heterocuriosas.

Ekainaren 28an oihukatzeko lelo bat: Lesbiana porque me gusta y me da la gana.

Feminismo: Lesbofeminismo.

Gay: Amerikanoa.

Hipersexualizazioa: Ninfómana.

Izena duenak, izana du: Pasopalabra

Jaia: Sexo

Kalea: Borroka

LGTBIAQ+: Demasiado

Marimutila: Despektiboa

Normalizazioa: Heteropatriarkatua

Orientazio sexuala: Ez dakit

Polimaitasuna: Tranpa.

Radar: …

Sexilioa: Immigranteak

Trauma: Maltrato

Ulertzen duzu? Bai, noski

Zoriontasuna: Ez da existitzen