ELENA OLAVE
- SORKUNTZA
- 15/03/22
ELENA OLAVE
Elena Olavek (Durango,1997) hainbat formatu, leku, eta modu diferenteetan idazten du, banaka zein kolektiboki. Bere lehengo poesia liburua Zeldak. Gorputz honetatik (2019) izan zen. Halaber, artearen historian graduatu izanik, bestelako bide batzuetatik ibiltzeko ere baliatu ditu hitzak, besteak beste, ikerketa artistikoarekin loturik.
(L_II
Auzokidearen arnasestuekin batera
gauero errepikatzen den isiltasunak
naizena edo izan nintekeenaren kontzientziara
itzularazten nau, hainbat lerro
gurutzatzen diren puntura.
Ilun dagoenean pentsatzen dut
ez dela izan erraza
lur zati honetara heldu arteko bidea,
ezerezetik su baxuak eta paisaia gozagarriak
sortzeko gai izan garen arren.
Eskerrak irudimenari.
Eukalipto sukoi arteko ur-geldietan
oraindik ere elkarri gogorarazten diogu
ez dugula zertan guztiz izan behar
koherenteak edo
zelai eremu horretakoak,
ezta biharkoan ere
baliagarria denaren baliokidea.
(L_7
Mantapean bizi eta karameluari papera
kentzeko denbora hartzen duenak
ulertuko du
zeri deitzen dioten afektu arraro edo bihurritua,
nolakoa zatekeen hark eragindako dardara.
Komuneko ateko mezuak
irakurtzeko erabakia hartzen duenak
biziberrituko du
ahanzturara beharturiko intimitateen palinpsestoa,
gutun barrualdeetan edo burkopean
gordetako deklarazioak.
Beste batzuen artxiboetatik paseatzean,
ezkutarazitako keinu zein ahotsek
esanahia eta azalera
berreskuratu dezakete;
ertz horietan batu ginen gu:
1979ko manifestu baten aztarnen bueltan,
80garren egunean,
dantzarako gonbita egiten zuten kartelei so,
aurrekoek utzitako irudien gerizpean.
Mugimendu polita da bildumatzea
bibrazioa iraunarazteaz batera
akorduak bermatzen baitu oraina.