“Euskaldun eta lesbiana identitateak ulertzeko eta sentitzeko era zabaldu egin zait”. Garazi/Gatx Eizagirre

“Euskaldun eta lesbiana identitateak ulertzeko eta sentitzeko era zabaldu egin zait”. Garazi/Gatx Eizagirre

“Euskaldun eta lesbiana identitateak ulertzeko eta sentitzeko era zabaldu egin zait”

Oharra: Argazkian, Gatx eta lagun batzuk agertzen dira. Horietariko batek idatzitako azalpena ere bidali digu: "'Zu bezala naiz' zion instalazio honek EHZ festibalian, ta pixkat parre ingenion, intentzio onenakin indakua zan, seguru, baina... Atzo berriz pertsona bat marika izateagatik hil zuten. 'Maite duena maitatzeagatik', esan dute askok, baina honek eztaka zer ikusirik maitasunakin, gorrotoa da jende honek dakana. Plumak, emakume edo 'afeminatua' izatiak, beaien hetero eredutik ateatziak eragiteiena, gizon-gizon ez gean danok jasan behar deuna. Ta ez, ez zeate gu bezelakuak, ez gea danok berdinak, ta ez gea izango, ta 'normala' ta 'desberdina' kontzeptuak puskatzeiteun egunearte ez gea libre izango, joder!"

Garazi/Gatx Eizagirre Agoues zarauztarra mugimendu feministan eta transmaribibolloan aritu izan da, bai bere herrian, bai Gasteizen. Hiru urtez euskaltegian irakasle lanak egin ditu AEK-n. Euskal Filologia ikasi zuen eta Ikasketa Feministak eta Generokoak masterra hasi zuen. Graduondo horretarako idatzitako zenbait lanetan presente daude hizkuntza eta generoaren arteko gurutzaketak; besteak beste Euskal Herriko mugimendu feministaren eta lesbofeministaren baitako diskurtso zein gatazka batzuk landu ditu. Egun, euskal bollera ez bitar gisa definitzen da. Elkarrizketa hau idatziz erantzutea aukeratu du, bere hausnarketa mardula eta sakona patsadaz garatu ahal izateko.

Zer harreman sumatzen duzu “lesbiana” eta “euskalduna” identitateen artean? 

Galdera honekin barrura datorkidan zurrunbiloa apur bat ordenatzen saiatuko naiz. Alde batetik, etortzen zait “lesbiana” eta “euskalduna” identitateak hegemoniatik kanpo kokatutako identitateak (izan) direla. Bai historikoki, bai gaur egun identitate horiek bereganatu dituzten edo ezarri zaizkien pertsona nahiz kolektiboak jazarri eta baztertzen dituzte modu askotan. Baina hau horrela esatea sinpleegia, hankamotza eta biktimista izan daiteke, ezta?

Dakigunez, “lesbiana” edo “euskaldunak” ez dira airean dabiltzan izaki abstrakto, solte eta materia gabeak. Lesbiana edota bollera euskaldunak, euskal lesbianak edota euskal bollerak hainbat komunitateetan kokatutako jendea gara, bai norbanako gisa, bai taldeka. Landa-eremuan bizi zaitezke, herri txiki batean zein hiri batean, probintzia jakin batean, zure familian migrazioekiko esperientzia jakina egongo da, “bertako“ sentitzearekin esperientzia jakina, prekarietate ekonomikoa jasan dezakezu maila ezberdinetan, arrazismoaren, lodifobiaren, transfobiaren, adinagatiko bazterkeriaren jopuntuan egon zaitezke, edo horien bidez boterea eskuratu dezakezu, dakizkizun edo ez dakizkizun hizkuntzek, horiek hitz egiteko moduek, zure mugitzeko gaitasunak nahiz moduak eragin egingo du, baita bikoteduna izateak, babesten zaituen eta zaintzen duzun lagun-sare bat edukitzeak ala ez edukitzeak… Mila kontuk.

Garaiaren, tokiaren eta baita momentu zehatzen arabera aldatu egingo dira botere eta baliabide banaketen (des)orekak, pertsona berdinaren sentsazioak, gaitasunak eta jarduteko moduak. Baita sinbolikoki ere. Ez da berdina izango edo ez du berdina esan nahiko bollera euskalduna izateak herri euskaldun bateko gune autogestionatuko jai transmarikabollo batean, gabonetako familia bazkarian, Madrilgo jardunaldi feminista batzuetan, turismoa egitera urrutira joatean…

“Euskalduna” eta “lesbiana”, neure baitan sentitu ditudan identitateak dira. Bi identitate horiek ulertzeko eta sentitzeko era aldatu eta zabaldu ere egin zait nire bizitzan zehar. Esango nuke euskaldun gisa beti identifikatu naizela. Gipuzkoako familia abertzale batetik nator, gurasoak ezker abertzalearen ingurukoak izan dira, eta inguru euskaltzale eta abertzalean hazi naiz Zarautzen. 

Nire inguruan mugimendu ezkertiar abertzalearen baitan dabiltzan lagun feministak eta bollerak ditut, eta bat egiten dut eurekin bizipen, iritzi, kokapen mailan zentzu askotan; eta bat egin ez arren, miretsi nahiz baloratzen ditut mugimendu horren baitako lorpen, saiakera eta lan asko. Hala ere, abertzaletasunetik urruntzera edota hori kritikatzera eraman naute mugimendu horren baitan izandako bizipen batzuek zein bestelako erantzun, pentsa-ikus-sentimolde batzuetara hurbiltzeko gogoak ere. Euskalduna eta euskaltzalea izan naiteke abertzale izan, sentitu gabe? Galdera honen inguruan sakon ikertu ez badut ere, baiezkoa sentitu eta uste dut nire baitan.

Guraso erdaldunak dituzten lagunen euskararekiko bizipenak entzuteak, nireaz bestelakoak diren errealitate linguistikoetan bizi diren euskal lurraldeetako, Euskal Herrietako jendea ezagutzeak eta euskaltegian irakasle aritu izanak ere eragin dizkit “euskalduna” identitatearen inguruko gogoetak.

Feminista dekolonial eta postkolonialen borroka, gogoeta eta interpelazioek ere banaramate euskalduntasunari buruz pentsatzera. Baita Euskal Herriko antropologo feministen zein euskaltzale feminista eta bolleren gogoetek ere.

Gaur egun “lesbiana” ez da bereziki identifikatuta sentitzen naizen hitz bat, baina askotan ez bada ere, erabiltzen dut, batez ere giro heterosexualetan. Ez nuke jakingo esaten noiztik baina nire inguruko asko eta jende asko bezala, gehiago identifikatzen naiz “bollera” hitzarekin. Mugimendu edo kolektibo batzuekin, kide eta lagunekin lotzen nauen hitz bat da, politizatuagoa-edo. Testuinguru batzuetan “bollera” ere ez dut aski, askotan hori esanda ere, iruditzen zaidalako genero bitartasuna ez dela sakonean zalantzan jartzen, edo oraindik eta zabalagoa den zerbait behar dudala, bai nire buruarentzat, bai ditudan harreman motentzat, baita ditudan desirentzat… “Bollera ez binarioa”. Horrekin identifikatzen naiz. “Bollera ez binario euskalduna”. Horrekin ere bai.

“Lesbiana” gisa identifikatzen nintzen hamalau, hamabost urterekin, eta apur bat beranduago ere bai. Zentzu ia biologikoa, esentziazkoa zuen, “euskalduna” izateak bezala. Baita “kontra-identitate” zentzua ere: “Ez naiz espainola, euskalduna naiz” eta “Ez naiz heterosexuala, lesbiana naiz”. Esan bezala, urteak pasa ahala bizipena, ulerkera… aldatzen joan da.

“Lesbiana” eta “euskalduna” identitateen arteko harremanean gogoeta egitean “gutako askoren” baitan sumatzen ditudan identitateak direla datorkit. Baina noski, nor gara “gu”? Nor “besteak”? Zer botere-harremanek eragiten dute batzuk “gutasun” horretan ez egotea edo “gutasun” horiek sortzea? Zer aliantza edo elkar-topatzek?

Nik neuk (“zorionez” esatea ateratzen zait) nire inguru hurbileko asko bollera eta euskalduntzat ditut, eta horietako askok euren burua horrela ere ikusten dutela esango nuke. Ez beti, baina pertsona horiekin konpartitzen ditudan espazio batzuetan sentitzen dut konplizitate maila bat, bollera gisa, euskaldun gisa, espazio komun bat. Zoritxarrez, gure inguruan ere badaude, adibidez, polizia lesbianak edo multinazional euskaldunak. Horiekin ahalik eta zerikusi gutxien eduki nahi dut. Askotan pentsatzen dut zorte handia ere badudala bai bollera gisa, bai euskaldun gisa, bizi naizen tokian, moduan, jendearekin bizitzeagatik. Ongizate, erosotasun eta babes sentipen hori mugimendu euskaltzale, feminista, transmarikabollo eta beste hainbati esker ere izan dela uste dut; harro nago horretaz, eta parte ere sentitzen naiz. Baina euskal hiztun gisa eta bollera gisa hegemoniatik at baztertuta edo gutxietsia sentitzen naizen arren batzuetan, nire hizkuntza jarduerak, nire bollera jarduerak zein gure zirkulu euskal bollerotako jarduerak, pribilegioak ere baditugun guk gerorrek egiten ditugula; batzuetan pribilegio horiek ematen dizkiguten botere-harremanak iraunaraziz, edo saiakera nahikoa egin gabe horiei uko egiteko.

Orain arte esan ditudanak beste batzuek jada esanda edo landuta daudela uste dut. Agian bollera ez bitar euskaldun ez abertzale gisa armairutik ateratzeko baliagarria zait?

Zer bizipen edo borroka bizi izan dituzu lesbiana izanda giro euskaltzalean? 

Hamabost bat urterekin militatzen hasi eta hemeretzi bat urterekin utzi nuen ezker abertzaleko giroa giro heterosexual bezala oroitzen dut, bazen bolleraren bat edo beste ere. Zorionez, hori aldatzen joan da. Nire militantzia bolleroa (eta feminista), hasiera batean lotuta zegoen giro horrekin.

Duela hamalau bat urte Euskal Filologia egiten hasi nintzen unibertsitatean eta gelakideen giroa oso heterosexuala zitzaidan. Hori ez dakit aldatu den ala ez, suposatzen dut eta espero dut baietz.

Euskaltegietan lanean ere, orain dela lauzpabost urte, giro heterosexuala zen nagusi, bai irakasleon artean, baita ikasleen artean ere. Ez zait iruditzen bereziki lantzen zen gai bat zenik ez bollerismoa, ez heteroaraua; ez lankideen artean, ez ikasle-irakasle harremanetan, ez irakasteko materialetan…

Aipatu ditudan giroetan jarrera lesbofobo nabarmenik ez dut sentitu, baina ezta horretan sakontzeko eta gauza batzuk zalantzan jartzeko ahalegin berezirik ere, gehiago jarrera “integratzaileak” eta onarpenezkoak; alegia, ez heteroaraua sakonki ezbaian jarri edo aldatzekoak.

 

Eta euskaltzale izanda, giro bolloetan?

Esango nuke nire inguru hurbileko giro feminista eta bollo gehienak euskaltzaleak direla, edo euskaldunak, behintzat, bai. Hor galdera da: euskaldunak eta euskaltzaleak sinonimoak dira? Bollerismoarekin bezala, gauza bat da euskararen kontrako jarrerarik ez izatea, eta bestea euskal hiztun gisa kontzientzia hartzea, diglosia egoerari buruz hausnartzea, aktiboki jardutea…

Bai feminista eta bollera autonomoak, bai feminista eta bollera abertzaleak, Bilgune Feminista, Euskal Herriko Neska* Gazteak, herrietako talde feminista, bollero edo transfeministak, Bollurria bezalako jardunaldiak… Aipatzen ari ez naizen, edo ezagutzen ez ditudan taldeak/pertsonak, idazleak… Iruditzen zait bollerismoa euskaraz bizitzeko, egiteko, lantzeko taldeak eta eremuak badaudela.

Nire inguru bolleroa euskalduna eta euskaltzalea da, eta baita oso zuria ere.

Ekimen feministak antolatzean edo manifestazio feministetan euskaraz gain, gaztelania erabiltzearen edo ez erabiltzearen inguruan izan ditugu eztabaida eta hausnarketak. Hemen hitz egiten diren beste hizkuntza batzuei buruz ez dugu apenas hitz egin, zeinu-hizkuntzari, arabierari edo urduerari buruz adibidez. Esanguratsua. Mugimenduetan gauden hiztunok darabilzkigun hizkuntzek eta horiek erabiltzeko moduek zer esan diezagukete mugimendu horiez?

Gogoan dut duela zazpi bat urte Iruñean topaketa feminista autonomo batzuetan nola azaldu nuen antzerki-tailer baten ondorengo balorazioan, lotsaz eta ziurgabetasunez beteta, eta nire sentsazioa lehenetsi nahi izan gabe, tailerra gaztelaniaz izateak sorrarazi zidana: deserosotasuna. Deserosotasuna tailerrean aisago ez aritzeak sortu zidan, ez tailerra gaztelaniaz izateak berak. Baten batek aipatu zuen denok gaztelaniaz moldatzen baginen ea zer arazo zegoen. Nire iruzkin haren ondoren, bai tailerraren balorazioan, bai asteburu hartako ondorengo elkarrizketa informaletan, euskara zein gaztelaniarekin genituen esperientziak eta hizkuntza horiek mugimendu feministan duten kokapenarekiko iritziak konpartitu genituen zenbaitek. Guztiz aberasgarria izan zen elkartruke hura, deserosotasunak barne.

Bilbon hasitako Ikasketa Feministak eta Generokoak masterrean ikaskideekin, feminista eta bollerekin, oso giro ona nuen, baina gaztelania zen harremantzeko hizkuntza nagusia, talde hizkuntza, eta horrek sortzen zidan nagia edo deserosotasun moduko bat.

Izan duzu bollera gisa euskaraz harremantzeko edota ligatzeko aukerarik?

Garai batean, hamabost-hamasei urterekin, asko sartzen nintzen Chueca.com-era. Hor ziberlagun batzuk egin nituen, eta, bereziki bat gertuko bihurtu zen momentu hartan; babes handia izan zen. Zaragozakoa zen eta gaztelaniaz hitz egiten genuen. Ez daukat oroitzapenik hizkuntza zela eta deseroso sentitzen nintzenik; hain zen lasaigarria bollera nerabe armarizatu bat izanda lagun hura egin izana, gaztelaniaz izanda ere, oso gustura konpartitzen nuela berarekin.

Garai hartan Itxaro Bordaren eleberri batzuetako pertsonaia nagusia bollera zela deskubritu nuen eta horiek irakurtzen hasi nintzen, ulertzea dezente kostatu arren. Laura Mintegiren Nerea eta biok liburuan ere, nik neuk, bollerak ikusi nituen. Horrela ibiltzen nintzen, erreferente bila. Orain literaturan, musikan, bertsolaritzan… erreferente bollero askoz gehiago dauzkagu, zorionez.

Militantzia eta parranda giro bolleroak euskaraz bizi izan ditut ia beti. Tinderren gaztelaniaz ere hitz egin izan dut. Kasuaren arabera aldatzen den arren, edo pertsona batek gaztelaniaz hitz egiteko edo ez hitz egiteko dituen arrazoien arabera, bada nagi puntua ematen didan zerbait. Nahiago dut euskaraz ligatu, askoz erosoago nagoelako.

Euskal Herriko mugimendu lesbofeminista oso erdalduna zen hasieran eta denborarekin euskalduntzen joan da. Ados al zaude baieztapen honekin?

Ikasketa Feministak eta Generokoak masterrean lan txiki bat egin nuen Euskal Herriko mugimendu bolloaren inguruan. Lan horretan 1977, 1979 eta 2019an hainbat kolektibok lesbianismoari buruz idatzitako txosten eta ponentziak aztertu nituen. Galdera hauek erantzuten ari naizela, orain konturatzen naiz hizkuntzaren inguruan ez nuela ezer aipatu, nabarmena den arren 2019koak euskaraz idatzita daudela, aurreko gehienak ez bezala. Ez nuen aipatu ere egin, eta esanguratsua iruditzen zait horretan erreparatu ez izana. Ni neu bollera euskaltzalea izan arren, konturatzen naiz batzuetan ahaztu bezala egiten zaidala euskararen egoera soziolinguistikoa aldakorra dela toki batetik bestera, garai batetik bestera, eta agian presenteago izan beharko nukeela lan euskaltzalea.

Euskaraz militatzen duten talde lesbofeministak nahiko txuriak dira, eta bollera arrazializatuek parte hartzen dutenetan gaztelania da hizkuntza nagusia. Ados baieztapen honekin?

Hemen esan behar dut nik ezagutzen ditudan talde bollo, lesbofeministak… baietz, oso zuriak direla. Eta bollera arrazializatuek parte hartzen dutenak gertutik ez ditudala ezagutzen. Esanguratsua, noski. Ez dut uste talde horiek zein hizkuntza erabiltzen dituzten esateko moduan nagoenik.

Mugimenduaren euskalduntzearekin eta klase/arraza/jatorri etabarren aniztasuna bateragarri egitearekin uste dut lehenago aipatu ditudala kontu batzuk: entzun, egon, umilak izan, ez izan egozentrikoak, askatzeari beldurra kendu, kritikak jasotzeko eta erosotasunak galtzeko prest egon, imajinazioa eduki…

Euskara egoera diglosiko batean dago eta globalizazio testuinguru batean bizi garela kontuan hartuta, euskarazko hitzak bilatzearen aldekoa zara? 

Bai, noski, baita ingeleseko, gaztelaniako eta beste hizkuntzetako maileguak lasai erabiltzearen aldekoa ere. Beti ere kontuan izanda zergatik erabiltzen ditugun, zergatik datozen datozen hizkuntzetatik… Guretartu, norberetu daitezkeela iruditzen zait. Hizkuntzen artean, hizkeren artean etengabe gertatzen den gauza bat da, ezta?

Euskaraz dagoena eta erabili izan dena, jaso, ezagutu, eta baliagarria bazaigu baten bat, erabili, zabaldu, hitz berriak sortu, jolastu, probatu… Hori ere egin beharrekoa iruditzen zait. “Euskal Opil Hiztegian” egin duzuen bezala.

Duela zazpi bat urte Zarauzko Arraio irrati librean “Bollienea” izeneko saio bat egiten genuen lagun batek eta biok. Bolliztegia izeneko atal bat genuela gogoratzen naiz, eta helburua antzekoa zen, ez dudana gogoratzen da hitzik proposatu ote genuen, kar-kar. Dardariñe agian? Bibradoreari jarri genion izena zela uste dut.

Oso gustura irakurri/entzun ditut “Bollo-hiztegiko” hitzen sarrerak. Kontu asko jasotzen dira, garai jakinetako bollera edo bollera taldeen harremanak, itzultzaileen azalpenak… Bertako hitz batzuk ezagutzen nituen baina ez nekien nondik zetozen, adibidez, kuku edo soropil. Beste batzuk, kapaza, esaterako, ezagutu bai baina erabili, ez dut asko erabili. Marioker asko gustatu zitzaidan, B.A.L.A. kolektiboak proposatutako bollojabetza ere bai. Txirlajale, txortaldi, pottorbero… erabili izan ditut edo erabiltzen ditut. Ahigardena eta andramina (edo bollomina) zoragarriak iruditzen zaizkit.

Azkenik, nokaren biziberritzearen alde lan egiten duzu. Horri lotutako esperientziak eta erreferentziak emango dizkiguzu?

Nire inguruko batzuk bezala, noka hiztuna naiz. Euskaltzale, transfeminista, bollera gisa… nokari buruz hausnartzeak puntu interesgarritara eraman gaitzakeela iruditzen zait. Hasteko, nokaren galera oso lotuta dago bai euskararen zapalkuntzarekin, baita genero-zapalkuntzarekin ere. Badirudi azken urteetan gai honi buruzko ekimen gero eta gehiago ari direla sortzen: noka ikasteko ikastaroak, hitanoz edo nokaz egin dituzten bertso-saioak nahiz berreskuratzeko ekimenak, ikerketa akademikoak… Esan dezakegu gaiak sortzen duela, digula, interesik. Belarriak eta begiak zorroztuz gero, liburuetan eta abestietan ere entzungo dugu noka, agian uste duguna baino gehiagotan. 

Oñatiko Ingo Xonau proiektua aipatu nahiko nuke. Ekimen horrekin noka berreskuratu eta hitanoa biziberritu nahi izan dute herrian. Horretarako, besteak beste, testigantzak jaso, dokumental eta liburuxka bat egin eta aplikazio bat ere sortu dute. Lorea Agirre eta Idurre Eskisabelen Trikua esnatu da liburuan ere badago aipamen interesgarririk gaiaren inguruan. Onintza Legorburuk genero rolen eragina aztertu zuen Antzuolako hitanoaren erabileran. Garbiñe Bereziartuak eta Beñat Muguruzak ere lanean dihardute hitanoaren inguruan, eta besteak beste, hor dute www.hitanoaz.eus web-orria.

Hitanoa aldarrikatzea genero binarismoarekin apurtzearekin bateragarria al da?

Hitanoa askotan aipatzen da euskarak duen forma sexista edo bitar gisa. Horrela esanda badirudi euskara bera ez dela sexista, eta esango nuke oraindik entzuten den kontu bat dela “euskarak ez du generorik”. Hizkuntzalari eta antropologo feministek, euskaltzale feministek, gorago aipatutakoek zein Amaia Alvarez Uriak edo Amelia Barquínek aspaldi aipatu zuten hizkuntzaz hitz egitean erabileraz (alegia, hiztunez) hitz egitearen beharraz. Jendarte sexista batean hizkuntza erabiltzeko modua sexista izango da askotan, hizkuntzak sexismo hori iraunarazi eta sortu ere egingo du, eta sexismo hori bera deseraikitzeko edo horren aurka joateko ere balioko digu.

Noka, toka, hitanoa… zer diren azaltzean askotan erabiltzen da “Gizonezkoei duk, k-rekin egin behar zaie, emakumezkoei dun, n-rekin”… horrelakoak. Nik neuk, duela urte batzuk, banuen zalantza, ezten hori barruan… “Feminista gisa noka bultzatu behar dut?” Aldi berean, barruan beti izan dut argi: feminista, transfeminista izatea eta noka hiztuna izatea ez direla zerbait kontrajarriak, edo bestela esanda, noka erabil daitekeela bitartasunean eta sexismoan ez sakontzeko modu batean. Jardun feminista batetik ari bagara, hitanoaz aritzean segituan ateratzen da hizketan ari zaren pertsonari “Zuk nola nahi duzu zuri zuzentzea?” edo “Hik nola nahi dun hiri zuzentzea?” galdera. Ez bakarrik generoarekin lotuta, baita pertsona hori hitanoz eroso ote dagoen galdetzeko ere. Aurrean dugun hiztuna kontuan hartzeko ariketa hori, sinplea dirudien arren, niri oso interesgarria iruditzen zait.

“Noka baliagarria al da genero-bitartasuna zalantzan jartzen dugun pertsonontzat?” Nire buruari askotan egin izan diodan galdera da. Hasteko, galdera hori pertsona bakoitzak hausnartu eta erantzun beharko luke, eta hori kontuan izanda kolektiboan jokatu tokiaren, pertsonen, momentuaren arabera. Nire buruari horrelako galderak eginez, hainbat feminista euskaltzalek jada beren buruei egindako galderak datozkit… “Noka, baina, euskara bera, baliagarria da, tresna bat da genero-bitartasuna zalantzan jartzen dugun pertsonontzat, geure buruak ez-bitar, trans edota emakume* gisa poltikoki izendatzen ditugunontzat?” Gutako askorentzat behintzat, bada eta horrela izango da nahi badugu, lan egiten badugu.

Orain arte aipatutakoarekin batera, galdera hauek interesatzen zaizkit: Nolatan hasten da norbait noka hizketan? Zerk bultzatuta? Norekin? Non? Nola ikasten du aurretik ez bazekien? Zer gertatzen da prozesu horietan? Zeintzuk dira nokarako bide horiek egiten ari diren, garen hiztunak? Genero-bitartasunak nola eragiten du pertsona horiengan?…
 Ikasketa Feministak eta Generokoak masterrean amaitu gabe dudan Master Amaierako Lanean galdera horietan miatzen saiatu nintzen.

Nokaren ezagutza eta erabilera bultzatzekotan, modu transfeminista batean egin beharko genukeela uste dut.