bizi / Jokin Pedreño

"Ezker abertzalean militatu badut, bisexuala naizelako da"

Hitz bakarrarekin bere burua definitzea ezinezkoa zaio, baita azalpena esaldi bakarrera mugatzea ere. Zalantza egin du, nola definizioa emateko garaian, hala gosaria aukeratzerakoan ere.
“Zalantza ez bada, ez da gure iraultza” dio Anariren Vinu, Cantares y Amor kantuak. Eta bat egiten du horrekin Jokin Pedreño Alcoleak: “Nik ezin dut erabaki, bisexuala naiz”. Bisexualon artean askotan egiten omen dute broma hori.
Erabaki dugu. Kafe hutsa, kafesnea eta tosta txigortu bana eskatuta, mahaian eseri gara, eguzki epeletan. Goxo hasi da, barrura begiratzen eta ikusitakoei ahotsa jartzen: “Euskalduna, euskaltzalea naiz”, baita euskara irakaslea ere. Autista. Generoarekin zalantzati dabil, erantzunak geroz eta argiago dituen arren. Argi duena hauxe da: “Gizontasunarekin ez nago batere eroso”.
Ezkertiarra, eta ezker abertzaleko militante ohia, bisexualitateari esker. Bisexualitatea ezagutzeak bere burua kokatzen, aitortzen eta politizatzen lagundu dio. Jokin gehiago ezagutu nahi? Jarraitu irakurtzen.

Nola zeharkatzen zaitu bisexualitateak?
Nahiko presente daukat egun, eta nahiko presente izan dut nire bizitzan, hori izan delako politizatzera eraman nauena. Nire politizazio guztia bisexualitatearekin hasi zen, konturatu nintzenean bisexuala nintzela.

Hori noiz izan zen?

Berandu, bisexual gehienon kasuan bezala. 21 urterekin. Ordura arte ez neukan inongo lanketa politikorik. Bisexuala nintzela ohartzean hasi nintzen LGBT talde batean militatzen, genero eta sexu identitatearen gainean hausnartzen eta balore ezkertiarren gainean ere bai. Hori izan zen abiapuntua.

Askok militantziari marika edo bollera identitateen politizaziotik ekin diote, ez bisexualitatetik. Gero ohartu dira -akaso- hor ez dutela beren lekua guztiz topatu bisexualak direlako…

Ni pasa nintzen zis-hetero izatetik, bisexual izatera. Nire posizioa, armairutik atera baino lehen, nahiko erraza zen. Sarritan kritikatzen dugun passing kasu bat izan zitekeen, zeren hiru urte neramatzan neska-lagunarekin batera. Testuinguru horretan atera nintzen armairutik. Orduan deskubritu nuen; beno, deskubritu baino, onartu. Neure buruarekin bakea egin nuen eta hor hasi zen nire bidaia.

Nola izan da zure identifikazio prozesua?

Barneratuta nuen bifobia eta homofobiagatik ez nuen onartzen. Ihes egiten nuen. Ukapen fasea, haserrea eta onarpean fasea oso jarraian bizi izan nituen, ia egun berean. Hasieran aitzakiak bilatzen nituen, baina horixe, ohartu nintzen aitzakiak zirela. Ondo gogoan dut armairutik atera nintzen eguna: 2017ko martxoaren 20a. Eta une horretatik, ez nuen nire burua epaitzen. 

Barneratutako bifobia zenuen, beraz?

Bai, bai, toki guztietan dago bifobia. Erreferente falta ere bada, bazen. Bisexual hitza ezagutzen nuen baina ez bisexuala zen inor. Aurreiritzi asko zeuden, ezezaguna zen, eta horrek beldurra ematen zidan: arautik ateratzeko beldurra nuen, arautik kanpo bizitzeko, eta ezezagunari ere beldurra nion.

Fobietan, luma izateak eragiten du?

Bai, guztiz, lumafobia ikaragarria dago. Badiote aurreikusi dezakezula pertsona baten identitatea, lumagatik, aurreiritziengatik; baina, niri, autista naizenez, arau sozialak identifikatzea asko kostatzen zait. Nik ez dakit luma daukadan ala ez, diotenez bai… Gertatu izan zait kaletik joatea neska bati eskua emanda eta irain homofoboak jasotzea. Hori lumagatik izango da, bestela… 

Lumofobia beraz, jasan duzu. Eta bifobia? Aipatu duzu barneratukoa baietz, baina kanpoan?

Leku guztietan. Hasteko, nire neska-lagunari esan nionean bisexuala nintzela. 

Bizitza osoan zehar jasan ditut irain homofoboak eskolan-eta. “Ume marika eta potoloa”, horixe nintzen. Eta, ondorioz, inguruak nola jasoko zuen beldur handia nuen. Gertuko lagunei, gelakideei, esan nienean, oso ondo hartu ninduten. Twitterren jarri nuen: “Ze ondo inguruko jendeak maitatzen zaituenean” edo horrelako zerbait, eta LGBT bandera osatzen zuten koloreetako bihotzak gehitu nizkion. 

Garaiko neska-lagunak ondo jaso zuela esan zidan hasieran. Baina txio hori argitaratzeagatik kargu hartu zidan. Asko molestatu zion.

Publiko egiteagatik.

Bai, ikusgai izateagatik. Eztabaida asko izan genituen. Beraz, nire lehen bifobia espazio seguru batean izan zen, bikotean. Familiak ere ez zuen batere ondo hartu, ez zuten ulertzen. “Engainu” bezala bizi zuten.

Bi aukera izan, orain arte batean bizi eta bestera igaro bazina bezala?

Bai, hori da. Engainatu, nire burua bakarrik engainatu dut, kezkagarria baita ez dudala onartu bisexuala naizela 21 urte bete arte. Baina “engainuarena” edota “tapaderarena” ez didate soilik etxean esan, baita beste espazio batzuetan ere. 

Eta azpimarratu dudanean bisexuala naizela, txantxak egin dizkidate horren aitzakian, baita jendaurrean ere, nik horretaz hitz egitea erabaki gabe  –hori outinga da–. Ea zer nahiago dudan galdetuz eta aukeratuaraziz, adibidez. 

Ehunekoen kontua, ezta? Zenbateraino bat edo beste.

Hori da, “benetan zer naizen”. Batean edo bestean posizionatu behar hori… Hein batean, espero nituen, zeren pertsona horiek guztiak zis-heteroak ziren. Gehien mintzen nauen bifobia kolektiboan bertan jasandakoa da.

Hor ere bizi duzu?

Bai. Batez ere ezabapena dela esango nuke. Urte honetako harrotasun egunean, esaterako, oso deseroso sentitu nintzen, ezleku batean bezala. “Ika, ika, ika, trans-bollo-marika” oihukatzen zuten. Eta pentsatzen nuen, “nik zer egiten dut hemen?” Horrelakoetan deserosotasuna edo desadostasuna adierazi izan dut –edo kideek, zenbait kasutan–, eta erantzun izan digute gu bollera edo marika terminoen barnean gaudela errepresentatuak.

Eta horrela al da?

Ez dakit pertsona bisexual guztiak identifikatzen diren marika eta bollera bezala. Agian ez daude ados; ni, behintzat, ez nago eroso. Ez naiz etiketa horrekin identifikatzen. Marikekin, eta bollerekin, gauza komun batzuk eduki ditzakegu, baina ez guztiak. Zeharkatzen gaituzten zapalkuntzak ere antzekoak dira, baina ez berdinak. Errealitateak ez dira igualak. Beraz, dagoeneko ezabatuak bagaude, zergatik ezabatzen gaituzte gehiago?

Zergatik?

Entzun izan dut marika eta bollera etiketa politikoak direla, lesbiana eta gay ez, eta bisexuala ere ez. 

Ados zaude horrekin?

Inolaz ere ez.

Zuk identitate politiko moduan sentitzen duzu bisexualitatea?

Niretzat identitate politiko bat da. Nola ez da izango, definitzen banau? Pisu handia du nigan: nola harremantzen naizen, nola ulertzen dudan generoa…

Eta nola ulertzen duzu? Geroz eta zalantza gehiago dituzu binarismoarekin, ezta?

Nola ulertuko dut zein den nire generoa autista eta bisexuala banaiz? [barrez dio, elkarrizketaren sarreran aipatutako bromari tiraka]

Behin bisexualitatean kokatuta, zalantzan jartzen duzu guztia, baita generoa bera ere. Zeren, bisexualitatean, horrekin hausten dugu. Erakarpenaren aldetik edo harremanak eraikitzeko garaian, generoa ez da muga. Hortaz, momentu horretan, erraza da gure generoa zalantzan jartzea, generoak -nolabait- garrantzia galtzen baitu.

Hitzaldi batean izan nintzen eta hain justu gai hau aipatu zuten. Eta nik momentu horretan onarpena sentitu nuen. Ordura arte zalantzan jartzen nuen nire generoa, baina ez nuen inongo lanketarik egin. Gainera, niri jendeak gizonezko bezala irakurtzen nau, argi eta garbi. Galdetzen nion neure buruari: “Orduan ez daukat eskubiderik, ezta?” Nire generoa zalantzan jartzeko edo gizona ez naizela esateko zilegitasunik ez nuen sentitzen. Baina hitzaldi horretan ikusi nuen bisexual gehiagori ere gertatzen zitzaiela, ohikoa dela, eta horrek asko lagundu ninduen.

Lagundu, ez-binario moduan aitortzen zure burua?

Zalantza bera aitortzeko, hasteko. Badakit gizontasunarekin ez nagoela eroso. Baina ez dakit zerk deserosotzen nauen gehien: gizontasun hori nirekin lotzeak, gizon etiketak… 

Azkenean, autista nintzela jakin nuenean eta diagnostikoa jaso nuenean ere antzeko gauza bat gertatu zitzaidan, nire bizitzako gauza asko ulertu nituen horri esker. 

Gizontasunak deserosotzen zaituela argi duzu…

Eremu militatean, gizontzat hartzen nindutenean, ez nintzen eroso sentitzen. Baina behin, ordea, Galiziako lagun batek izenordain neutroak erabili zituen nirekin, ez baitzekien zein erabiltzen nituen. “Jo, ondo dago!” Eroso sentitu nintzen.

Hausnartzen eta lantzen zabiltzan gaia da, orduan…

Lantzen edo lanketa atzeratzen [barreak]. Azkenean horri heltzeak ere beldurra ematen du. Baina bai, nahiko argi dut dagoeneko gizona ez naizela eta gehiago identifikatzen naizela ez-bitar identitatearekin.

Identitate politikorako, mamiz janzteko bisexualitatea, garrantzitsua iruditzen zaizu ez-binarismoaren afera?

Bai. Dena zalantzan jartzeak berak indar politikoa ematen diola esango nuke. Iraultzeko kapazitatea handia du horrek. 

Zalantzan jartzea generoa… zer gehiago?

Harremanak ere, esaterako. Uste dut ez dugula eredu zurrun baten alde egin behar, hain justu norma den hori zalantzan jartzeak duela indarra. Eta edozein harreman motetan, noski: bikote-hirukote edo dena delako harremanetan, lagun artean, familian…

Hala ere, uste dut ez dugula inor behartu behar harreman mota zehatz bat izatera. Ez nuke inor derrigortu nahi ez den zerbait izatera edo nahi ez duen zerbait egitera. Lanketa egitera eta hausnartzera, baina, guztiak animatuko nituzke.

Aipatu ditut niretzat indarguneak diren hainbat alor, baina lehengo harira bueltatuta, identitate politikoena… Esan nahi dut ulertzen dudala zergatik dioten bisexualitateak ez duela pisu nahikoa identitate politikoa izateko, zergatik dioten bollera identitate politikoa dela eta lesbiana ez –berdin marikekin–. 

Bollera edo marika konfrontatiboak direla diote, eta bisexuala ez…

Nire ustez bada. Ni orain emakume batekin hasten banaiz harreman batean, gizarteak eta kolektiboak heterosexualtzat hartuko nau. Etengabe armairutik ateratzen egon beharko naiz. Denbora guztian armairutik ateratzean ez al dago konfrontaziorik? Besteen eskemetatik kanpo kokatzea ere konfrontazioa da eta patriarkatuarentzat arriskutsua da. 

Baina aurrez esandakori eutsiz, egia da, adibidez, “Gora borroka transmaribibolloa!”-k izugarrizko indarra duela eta “Gora LGBT borroka!”-k ez hainbeste. Egia da. Baina, dena den, ez nago ados ordezkapen horrekin. 

Zergatik?

Zeren gerta daiteke norbaitek bat ez egitea etiketa horiekin eta gay hitza aukeratzea. Eta horrek ez du esan nahi zure identitatea desirara bakarrik mugatzen dela edo borroka politikorik egin nahi ez duzula… 

Izate hutsa, nire ustez, politikoa da, nahiz eta gero batzuek ez duten politizatzen. Eta, tira, haien eskubidean ere badaude… Nahikoa dugu jasaten dugunarekin; beraz, nik ez diot inori leporatuko ez politizatzea.

Bisexualitatea bifobiatik aztertzen du Elisa Coll-ek. Hori egiten, argi uzten duzu identitate politikoa dela, ez dela desira hutsa. Ez diozu inori leporatuko, baina zuk politizatu duzu… 

Lehen esan dudan moduan, ni politizatzeko atea izan da bisexualitatea.  Adibidez, ezker abertzalean sartu banintzen, bisexuala naizelako da. 

Eta zer topatu zenuen ezker abertzalean? Zein da egoera?

Ezker abertzalean berandu sartu nintzen militatzen. Zergatik? Armairutik berandu atera nintzelako. Gizontasunez betetako gizon zis-hetero “matxito” mordoa zegoen hasi nintzenean. Giroa arrotza da.  Baina esango nuke ez soilik Ezker Abertzalean, baizik eta Euskal Herriko ia mugimendu militante guztietan. Halere, pixkanaka, aurrerapausoak ematen ari dira. Feminismoari dagokionez bereziki, esango nuke. Aspalditik ari dira horretan. 

Espazio seguruak aurkitu ditut, noski, eta nire profila eskertzen zuen jendea –ez kupoa betetzeko, baizik eta bestelako ikuspuntuak izateko–; baina, zoritxarrez, esperientzia txarrak ere bizi izan ditut, bortitzak, baita erasoak ere.

Eta zer nolako presentzia, garrantzia, ematen zaio edukietan sexu-genero disidentziari? Bisexualitateari?

LGBT eta bisexualitatea nahiko itzalean egon dira ezker abertzalean.

Eta nola eragiten zaitu horrek?

Ni oso kritikoa izan naiz beti. Beti atzetik ibili naiz, ekarpenak egiten, bisexualitatea ikusgai egin nahian. Belarritik ere tira egin didate [barreak], pasa naizelako-edo. Akaso da autista naizelako eta arau sozialak ondo ulertzen ez ditudalako [barre gehiago], baina, nire ustez, hori egin beharra daukat. Borrokan.

Eta balio izan du zerbaitetarako?

LGBT kontuak feminismotik lantzeko asmoa zegoen. Orduan, bakarrik eremu horretara mugatzeko arriskua dago: feministek lantzekoa, feministentzat. Ezker abertzalea bera blaitzeko, harago joan beharra dago. Bestela, beti izango dira LGBT gaiak ertzekoak eta zentroa beste gai batzuek hartuko dute: gizon zis-heteroek eta gizon zis-heteroen gaiek.

Horrela gertatzen da?

Gaur egun ezetz esango nuke, zorionez, ez horrenbeste behintzat. Orain feminismoan, adibidez, gizonezkoek lanketa propioa daukate. 

Lanketa horietan, nola sentitu ohi zara?

Egoera oso deserosoak bizi izan ditut. Sentitzen dut LGBT militanteok badugula beste oinarri bat, zeharkatzen gaituzten zapalkuntzengatik hain zuzen ere, gainontzeko gizonek ez dutena, edota asumitzen dela gizon irakurtzen den orok boterea duela. Gainera, gizon askok ez dute batere formaziorik, eta hori erakunde feminista dela… Zorionez, hori ere aldatzen ari da. Gizonezkoak gehiago inplikatzen ari dira eta, gainera, ohartu dira LGBT gaiak lanketa propioa behar duela. Ernai horretan hasi da. 

Eta lanketa horretan zein leku izan du bisexualitateak?

Oso leku txikia, leku guztietan bezala. Baina espero dut hori ere aldatzea. Nik dagoeneko ez dut Ernain jarraitzen, baina segiko dut txori txiki baten moduan, txio-txioka, bisexualitateari ere lekua aitortzeko eskatzen, ezker abertzalean eta jendartearen beste esparruetan. Hala ere, LGBT militanteak eta bisexualak ere badaude, jakina, eta pentsatzen dut ondo bideratuko dutela. 

Kanpo lanketa eta barne lanketa, biak behar dira. Barrutik kanpora aritu ordez, sarri, kanpoan lehendabizi eta gero barruan aritzen gara. 

Feminismoan, esaterako, barne lanketari garrantzi handia ematen zaio. Honi… emango zaio. Denbora behar du, askorentzat nahiko berria da.

Oraindik ez zaio ematen, beraz.

Ez zaio garrantzia handirik ematen, ez. Adibidez, kezkagarria da espazio militanteetan eraso LGBTfobikoak gertatzea, baina are kezkagarriagoa deritzot eraso horiei garrantzia kentzeari, eta hori oraindik gertatzen da. Beste adibide bat jartzearren, iaz kokapen saio bat jarri zuten harrotasunaren egunean, maniaren ordu berean. Oso larria iruditzen zait.

Lehentasunak…

Bai. 

Ezker abertzalean aritu zara, baina militatzeko espazio bisexualak bere horretan… ezagutzen dituzu? Aritzen zara?

Iruñean izan nintzen Elisa Collen Resistencia bisexual liburuaren aurkezpenean. Elisa Coll-ek aldarrikatzen zuen aktibismo bisexuala, eta bertaratu ziren iruindarrek izugarrizko inbidia eman zidaten, talde bat sortu zutelako. Guk hemen ez dugu horrelakorik.

Bide batez, liburu hori kalean edo garraio publikoan irakurtzeak izugarrizko indarra eman zidan, eta nire gertuko beste askori ere bai. Azalean bandera bisexuala du, eta bisexuala garela oihukatzea bezalakoa izan zen.

Beste gomendiorik?

Fikziozko drama erromantiko bat irakurri nuen udan, arnasa hartzeko, askotan nabilelako saiakerak edo teorikoak diren liburuak irakurtzen. Liburu horretan, protagonistak argi eta garbi esaten zuen bisexuala zela. 

Izenburua?

Rojo, blanco y sangre azul, Casey MacQuistonena. [barreak].