Venusiar Kuiar
Ainhoa Güemes (artista)
Venusiar kuiarrok garela esatea, “ez garela mundu honetakoak” baieztatzea da.
Iraganera begira jartzen banaiz, eta ez bakarrik iragan urrun bateko bizipenetan, baizik eta azken hamarkada honetako esperientzian arreta jartzen badut, poz handia ematen dit baieztatzeak jirabira, desbideratze, jauzi guzti guztiek: bai igoera heroiko eta gozagarriek, bai erorketa zentzugabe eta basatiek, hilgarriek, pertsona “abiektu” gisa konformatu nauten bitartean neure burua asmatzen ere lagundu didatela. Egia esan, lekuz kanpo egon naiz askotan, errealitatetik at sarritan, edozein identitate-konbentzioren antipodetan kontent galdua ibili naiz.
Geldirik egon gabe, neure burua birsortzen jarraitzen dut, izatearen eta ez izatearen joko maltzur eta fantastiko honetan buru-belarri, beti ere normaltasunetik ihes egiteko eta tolesturan bizitzeko irrikan. Venus baita existentziarik ezaren tolestura, pirata libertarioak iristen diren irla, eta oasi bat.
Gero eta gehiago gustatzen zait ezkutatzea, inork ez dezan jakin nor naizen orain, ez zein gorputzekin gozatzen dudan, ez zein bidaiatan ontziratzen naizen. Argi daukat “mundu honetakoak ez garenok ez garela mundu honetakoak”, eta kitto!, ez dago azaldu beharrik, begien bistan baitago: izaki estralurtarrok, Venusiar kuiarrok hain arraroak, desegokiak eta moldakaitzak al gara, non jada ez baikara sartzen ezein definiziotan? Askoz hobe!
Zalantzarik gabe, hizkuntza dugu aurretik, baina materia hizkuntzaren aurretik doa, eta isiltasunak (materiaren aurretik doanak) gero eta ozenago eta inkoherentzia handiagoz egiten du oihu. Agian besteei utzi behar diegu lasai eta haien kabuz izaten, gu geuk geure buruari norbera izaten uzten diogun heinean, eta bakean egon, ez gerran, nomenklaturarik gabe, blindajerik gabe, bi ahoko armarik gabe, puntu etenen arteko txistu isil eta adierazgarria besterik ez delarik, marrubi bat, lore sorta bat edo triku bat izanik.
Atzetik datozenei arrastoa, lekukotza utzi edota sonoritatea eman behar badiot izatearen eta azken finean ezer edo inor ez izatera iristearen gai konplexu honi, esan beharra dut, bollera politikoa, bisexual praktikantea, transfeminista autista eta euskalduna adopzioz izan baino lehen, Euskal Herrira migratu zuten emakume andaluziarren biloba eta alaba naizela; nire familiako lehen euskalduna izanik.
Ez litzaidake inportako den dena galtzea eta neure burua berriro asmatzera behartua egotea, ez diet beldurrik hastapen eta amaiera erradikalenei.
Dena den, errugabetasuna da galtzeko prest ez nagoen altxor bizi-bizi, eder eta zaurgarri hori. Gure amona sevillarrak erakutsi zidan, bere inozentziarik politenarekin, hobekien maitatzen dakidan guztia; bere lagunak Bilboko alde zaharreko putak eta ijitoak ziren, eta haien artean hazi nintzen haurtzaroan. Lehen aldiz esan nionean emakume batekin maitemindua nengoela, amamak segidan erantzun zidan: “Zure aitite ere marikoia zen”. Eta bai noski, nire aitite garai batean txapero izan zen, beraz, gure amamari ez zitzaion arrazoia falta!