“OihuK-n indartu genuen borroka bolleroaren zilegitasuna” Nahia Urdanpileta eta Batirtze Lertxundi

“OihuK-n indartu genuen borroka bolleroaren zilegitasuna” Nahia Urdanpileta eta Batirtze Lertxundi

“OihuK-n indartu genuen borroka bolleroaren zilegitasuna”

Nahia 13 urterekin hasi zen Algortako mugimendu feministan militatzen. Han ezagutu zuen Batirtze, pixka bat nagusiagoa dena, eta horri gehi bere familiako lagunak diren lesbianei esker, gaztetatik izan ditu erreferente bollera euskaldunak. Gerora, OihuK-n, bollera, trans eta emakumeek okupatutako Errekaldeko (Bilbo) lantegian bizi izan zuten elkarrekin militantzia intentsoa. Han indartu zuten bollera identitatea; euskararen erabilera hankamotz geratu zen, aniztasunaren mesedetan. Nahia Rodríguez Urdanpiletak eta Batirtz Lertxundi Pereak amankomunean daukate, halaber, ezker abertzalearekin eta presoen aldeko borrokarekin gertutasuna. Haien azken urrats geografikoetan ere bat egin dute: egun, Batirtze Morgan bizi da, eta Nahia aldameneko herrian, Larrabetzun. Zutunik! talde feministan militatzen du, euskaraz.

Izaskun Aranbarrik esan digu berarentzat euskara eta lesbianismoa olioa eta ura bezala bizi izan zituela urte luzez, Bilbon giro lesbikoa erdalduna zelako eta giro euskaltzalea, heteroa. 

Batirtze: Ados egon naiteke.

Nahia: Ulertu dezaket, baina ez da nire bizipena izan. 13 urte nituenean ezagutu nuen Batir, talde feministan militatzen hasi nintzenean. Euskaldun bollera erreferentea izan zen niretzat. Gainera, nire izekoren lagunak, 60-65 urte dituztenak, bollera euskaldunak dira. 

B: Oso herri matxistan jaio izan gara; zailagoa izan da niretzat feminista izatea bollera izatea baino. Beti militatu dut euskaraz, Euskal Herria marko zuten erakundeetan, hortaz, euskararen aldetik ez dut arazorik izan. Bollera izateagatik ere ez dut arazorik sumatu, agian nire atzetik esaten zituzten gauzak. Askoz gehiago borrokatu behar izan dut feminista bezala, hizkeragatik, jarrera matxistengatik…

N: OihuK-n ere auzi nagusia ez zen aniztasun sexuala, ez-mistotasuna baizik. Hasi ginenean, Alde Zaharrean esaten zen OihuK-ko denok bollerak ginela eta gure artean enroilatzen ginela. Eta nik pentsatzen nuen: “Oxala!” (Barreak) Hasieran bollera izendatzen ginenok ez ginen hainbeste; gerora jende gehiago batu zen eta beste identitate batzuk ere landu genituen. Hetero sartu ziren askok, gerora bestelako ibilbideak izan zituzten. Niri, euskal bollera bezala (hau da, lesbiana politizatu bezala) batzuetan hurbiltasun edo erosotasun gehiago eman dit Mostoleseko bollera batek, bere identitatea auzian jarri ez duen euskaldun batek baino.

Batirtze, orduan arazorik ez militantzian bollera izateagatik. Baina erreferenteak izan dituzu?

B: Beti bilatu izan ditut, bizirauteko beharrezkoak direlako. Herrian egon dira emakume jaio eta emakumeekin harremanak zituztenen pertsonak. Baina trans identifikatu dira, ez bollera.  

Zein esparrutan bizi izan duzue zuen lesbianismoa euskaraz eta zeintzuetan ez duzue lortu?

B: Ezker abertzaleko militantzian, bollerismoa ez dut bizi izan. Ez didate erasotu, baina ez dut horregatik borrokatu. Ha sido como inexistente. Bollerismoa landu ahal izan dudanean, Bilgune Feministan izan da, euskaraz, eta ondoren OihuK-n. Baina OihuK-n euskara makur geratu zen, leku askotatik etorritako jendeak parte hartzen zuelako.

N: Sexu askapenen aldeko borroka presente egon da nire hasierako militantzia feministan, baina zilegitasun bolleroaren borroka, esplizituki, ez dut bizi izan OihuK-ra iritsi arte. 23 urterekin atera nintzen armairutik, beste herrialde batean bizi nintzela. Hori gerora oso esanguratsua iruditu zait; zergatik ez Algortan, nahiz eta erreferenteak nituen, nahiz eta nire familiako lagun asko lesbianak ziren, nahiz eta etxean espetxe munduaz ari ginela ere aipatzen zen… Hau da, gaia ez da arrotza izan, baina hala ere, atzerrian atera nintzen armairutik. Lehenengo borroka bolleroak, hortaz, ez nituen ez euskaraz ez gaztelaniaz bizi. Oso kañeroa eta polita izan zen. Bueltatu nintzenean, egunetara Oihuk-n sartuta nengoen! Feminismoan euskararen bultzada itzela lortu da azken urteotan. Baina ezin dut esan nahiko nukeen neurrian bizi dudala, ez dakit ezta posible ote den ere. Aitortu behar dut, esatea pena ematen badit ere, OihuK-n sortu zen magia agian ez zela posible izango euskaraz bakarrik egin izan bagenu; jende oso anitza batu ginen. Egia da, halaber, beste protagonismo bat merezi zuela euskarak, eta ez geniola eman. Batir, zure anekdota kontatu nahi duzu?

B: Elkarrizketa hau proposatu zenidatenean, burura etorri zitzaidan behin beste herri bateko kide bat etorri zela OihuK-ra militatzera. Asanblada baten ondoren, zera galdetu nion: “Nola bukatu duzu hemen?” Esan zidan: “Beitu, feminismoan militatzeko talderen baten bila nenbilen eta askok euskaraz egiten zuten lan. Galdetu nuen erdaraz lan egiten zuen talde bati buruz, eta OihuK gomendatu zidaten”. Bihotza apurtu ninduen arrazoi horrekin! Gogorra egin zitzaidan, euskara oso hankamotz ibili bada ere, gu saiatzen ginelako asanbladetan erabiltzen, itzultzen eta. 

N: Okupazio proiektu intentsoa zen, 24 orduko militantzia. Beti polizia inguruan, eraikina erortzear zegoen… Garai batean 50 pertsona egon ginen hor sartuta. Ez dut aitzaikiarik jarri nahi, argi dago ez genuela euskara aurrejarri. Baina lasaiago geundenean, euskarazko gauzak antolatu genituen. Gutxi batzuk. Gaztelaniazko gauza potente asko ere egin genituen, esaterako, Magda Piñeyroren Stop gordofobia liburuaren aurkezpena. Gure giro euskaltzale edo abertzaleko lagun asko ez ziren hurbiltzen. Ez dut uste euskararekin zerikusia zeukanik, baizik eta esparru diferente bat zelako, erdaldunagoa, beste guneetan topatzen ez genituen jendez osatuta… Bilbora ikastera etortzen ziren gazteak batzen zitzaizkigun. Batzuk gure konpak bihurtu ziren: Suitzako bat, Bartzelonako bat… Baina asko OihuK-n sartu ziren testuinguru lokala ondo ezagutu barik, eta euskararen kontrako kritikak jaurti zituzten: ez zutela ulertzen zergatik hizkuntza batek zuen horrenbesteko garrantzia, haien minak eta zapalkuntzak aurrejartzen zituzten… Hogei pertsonetako asanbladetan, batzutan hiru ginen behar hori genuenok.

Euskara ulertzen zutenak gehiengoak ziren, nahiz eta behar hori ez ikusi?

B: Ez. Ez nago ados “Hizkuntza bat ez da galtzen ez dakitenek ez dakitelako, dakitenak erabiltzen ez dutelako baizik” aipuarekin. Nire eguneroko bizitzan, askotan ez naiz euskara erabiltzeko gai, ingurukoek ez dakitelako. 

N: Ni orain giro euskaldun batean bizi naiz, nire hamar auzokoak euskaldunak dira!

Barne-komunikazioan euskara hankamotz geratzen zen. Eta kanpora begira?

N: Esango nuke hobeto egin genuela. Bolada batean, egunero gonbidatzen gintuzten hitzaldietara, elkarrizketetara edo jardunaldietara; horietan beti saiatzen ginen euskaraz egingo zuen lagun bat joaten, erdaraz egingo zuen beste batekin batera. Auzokideei gutunak ere euskaraz eta erdaraz bidaltzen genizkien. 

B: Eta baloratu genuen euskara hutsean bidaltzea… Hor gehiago landu dugu, egia da. 

Eztabaida esplizituak izan dituzue asanbladetan hizkuntza politikari buruz?

B: Bai, atera da behar hori. 

N: Gogoratzen dut zuk eta beste kide batek asanbladak askotan euskaraz hasi dituzuela, jarraitu duzuela euskaraz erantzuten, baina hain nekagarria zen… Behin kide batek argi eta garbi esan zuen txarto iruditzen zitzaiola batzuk euskaraz hitz egiten genbilela. Baina behin gertatu zen, lau urtetan. 

B: Nik gogoratzen dut jendeak esaten zuela euskara pribilegio bat dela. 

N: Ba OihuK-n egon dira preso ohiak, torturatu ohiak eta langile-klaseko euskaldunak ere. 

Xurxurlariak erabiltzen zenituzten?

B: Bai, ni saiatu naiz itzultzen, baina oso paketea nintzen! 

N: Agian ez da oso eraginkorra izan epe luzera. Baina OihuK-ren egunerokoa telenobela moduko bat zen. Abokatua astero etortzen zitzaigun mobida batekin. 

Esan duzue OihuK-n ahaldundu zinetela bollera bezala.

N: Bai, nire identitatea gehien indartu duen esparru, garai edo esperientzia izan da, argi eta garbi. 

Hasieratik planteatu zen horrela ala elkarrekin egin zenuten bidea? Hau da, OihuK bollerizatu zen denborarekin?

N: Espazio ez-misto bat zen abiapuntua. 

B: Denborarekin, jendearen etorrerarekin…

N: Egia da hasieratik ez zegoela hetero zorrotz asko. Ez dut uste kasualitatea denik. Ez-mistoa bilatzen dugu giroa behar dugunok. Kanpotik hurbiltzen zirenen identitate eta orientazioak ez ziren zisheteroak. 

Euskal Herriko mugimendu lesbofeminista oso erdalduna zen hasieran eta denborarekin euskalduntzen joan da. Ados al zaudete baieztapen honekin?

N: Esan bezala, nik ezagutu ditudan lehenengo bollerak, orain 60 urte dituztenak, euskaldunak eta militanteak ziren. Baina identitate abertzaleak dituzten bollera horiek ez dira aritu borroka lesbofeministan, borroka abertzalean baizik. Feministekin eta ekologistekin berdina gertatu da; barnebildu ziren borroka zabalago eta homogeneoago batean, herri askatasuna helburua zuena. 

B: Eta bidean konturatu gara beste borroka batzuk ere badaudela eta uztartu behar ditugula. Ikusgai egin behar direla. 

Dom Campistron irudigileak esan digu, Iparraldeko testuinguruan, gustura sentitzen dela abertzale munduetan bere sexualitatearekin, irekidura eta elkar ulertze bat aurkitzen duealako. Idealizatu barik, lotura positibo hori egon daiteke?

B: Giro negatiboa ez da egon. Gehiago izan da inbisibilizazioa. 

N: Gu gazteak ginenetik asko aldatu da, gainera. 

Euskara egoera diglosiko batean dago eta globalizazio testuinguru batean bizi garela kontuan hartuta, euskarazko hitzak bilatzearen aldekoa zara? 

B: Primeran ikusten dut. Jendarteak aurrera egiten duen neurrian, kontzeptu berriak sortu behar dira. Aldaketa hortik hasten da. Ez daukat arazorik maileguekin, baina denborarekin hitza eman behar zaie errealitate berriei. 

N: Oso ekimen polita iruditzen zait, baina praktikotasunaren izenean, batzuetan maileguak lagungarriak dira, diskurtsoa jende gehiagok ulertu dezan. Helburua zein den arabera: proiektu konkretu bat bada, aberastasuna sustatzeko, ederra iruditzen zait, baina ahalik eta urrun iritsi nahi badugu, agian hitz berri asko asmatzeak komunikazio galera ekar dezake. Dena den, aitortu behar dut hitz bat berehala ezagutzen ez badut arrotza iruditzen zaidala, edo guayismoarekin lotzen dudala. Badirudi dena euskaraz esan behar dugula, eta horretarako asmatu dezakedala kriston  hitz arraroa, euskaltzaleenak ere ezagutzen ez duena. Baina agian aurreiritzi hori landu behar dut.

EHGAMeko bollerek piperopila asmatu zuten eta Katalinak Bizikletan taldekoek soropila.

N: Niri bollera gustatzen zait, ez datorrelako opiletik, baizik. 

B: Viene de bueyera.

N: Bai, bueyerak ziren aintzinako Greziakoak. Tiraban de los bueyes, de pueblo en pueblo. Eran curanderas. 

B: Eran monjas, ¿no?

N: Gustatzen zait hain aintzinakoa izatea. Ez dator gaztelaniatik eta kitto. 

Sumatzen duzue euskarazko hitzen falta alorren batean, esaterako, sexualitatean?

B: Ez dakit falta diren edo nik ez ditudan ezagutzen.

N: Nik ez ditut faltan bota, agian zuzenean bota ditudalako ingelesezko edo gaztelaniazko hitzak. Ez naiz oso kontziente izan. Agian ez dut horrenbeste hitz egin sexualitate bolleroari buruz euskaraz, agian gehiago hitz egin dut maitasunaren inguruan. Lagunekin, bikotearekin, maitalearekin… azkenean ez duzu hiztegi tekniko gehiegirik erabiltzen. 

Ez da kasualitatea. 2005. urtean, Txalapartak Gay hiztegia argitaratu zuen, oso dibertigarria da, hitz lizunak agertzen dira barra-barra! Esango nuke bolleroei askoz gehiago kostatzen zaigula sexualitateaz hitz egitea lotsa barik. 

B: Txortan egin ez zait asko gustatzen, historia dakidalako, short time. Los emigrantes vascos que pagaban ese servicio a las prostitutas. 

N: Nik uste nuen jatorria zela txort! Eiakulazio maskulinoa! 

Hitz gehiago erabiltzen dituzue?

N: Alua jan… Iruditzen zait esapide sinpleak erabiltzen ditudala. 

B: Nik ingelesera jotzen dut. Fisting, squirting… 

Gay hiztegiatik ahigardena hartu genuen squirting esateko! Eskerrik asko bioi!