bizi /Oier Gorosabel eta Ahots Lejardi

“Adarrak jartzeko aukera bikoitza daukagula? Hori buruan baduzu… next!

Dikotomiak apurtzea izan da BIZIko elkarrizketetan gehien errepikatu den ideietako bat. Eta, hara! Horretarako Lekeitioko bi lagun elkartu ditugu: Ahots Lejardi Plaza eta Oier Gorosabel Larrañaga.

Dikotomiak apurtzea izan da BIZIko elkarrizketetan gehien errepikatu den ideietako bat. Eta, hara! Horretarako Lekeitioko bi lagun elkartu ditugu: Ahots Lejardi Plaza eta Oier Gorosabel Larrañaga.                             

Bata gaztea da, bestea heldua; emakumea eta gizona; militantea eta militantzian parte hartzen ez duena; galderak eta zalantzak eguneroko ogi dituena eta gaurkoaren ostean galderak sortu zaizkiona; lotsatia eta irekia… Euskalduntasuna eta bisexualitatea, baina, bien definizioaren parte dira.                          

Lekeitioko erdigunean egin dugu hitzordua, asteazken buruzuri batean. Oso modu lanbroan, baina elkar ezagutzen dute Ahotsek eta Oierrek; herrian ia denak dira ezagunak. Autoan sartu eta Ahotsen familiaren baserrirainoko bidean elkarren arteko loturak egin dituzte. Zergatik zaien bestea ezagun. Gaur gehiago ezagutu dute elkar, elkarrizketa dikotomiko honetan. 

Itsasoa parez pare daukagu. Hotz egiten du eta iluntzen ari da, baina babesean gaude. Baserri ederreko sukaldetik ari gara sentitzen kresala. Beheko sua piztuta, batzen dituztenez eta horren gertukoak ez dituztenez hitz egin dute. Ohartzerako, ilundu egin du eta beltza da itsasoa. Ikusi ez, baina entzun, entzuten da. 

Nola definituko zinatekete?

Oier Gorosabel: Pentsatu egin behar dut…

Ahots Lejardi: Transfeminista, lodia, euskalduna, bibollera, lotsatia… Gauza asko naiz eta ez beti berdina. Bihar beste era batera definituko naiz ziur aski. Potxuak Martxan talde feministan militatu dut eta Armahiru Transmaribibollo taldean eta Ezin Kabitun ere banabil. Aurreko guztia soinean dudala, lanbidez irakaslea naiz; beste garai batean hori esango nuke lehendabizi, baina orain ez.

O.Gorosabel: Fisioterapeuta naiz ogibidez. Bizimodu ohikoa daramat: ezkonduta nago emakume batekin eta bi ume dauzkagu elkarrekin. Ez dut bizitza sozial handia egiten bisexualitateari lotua.

Eta definizio horretan, nola zeharkatzen zaituzte bisexualitateak? Zein leku dauka?

O.Gorosabel: Nire kasuan, leku diskretua. Ez naiz aldarrikatzen ibiltzen, baina ezkutatu ere ez dut egiten. Aurreko batean, etxekoekin hizketan, nire aintzinako neska-lagunak zeintzuk ziren galdetu zidaten. Zerrendatu egin nituen bikotekide ohiak eta baten izena mutil izena zen. Harrituta gelditu ziren, baina natural jarraitu genuen hizketan. Ez diot hori baino garrantzia gehiago ematen. Ni ez naiz ibiltzen nire rolloen inguruko detaileak ematen; ez emakumeenak, ezta gizonezkoenak ere.

A.Lejardi: Nik orain dela gutxi egin dut bat izendapen horrekin. Oraintsu arte bollera bezala izendatu naiz hautu kontziente, politiko eta identitario moduan, baina, era berean, bi identitatea ere besarkatu dut, batak besteari lekua kendu gabe. Errealitate berriak, generoa bizitzeko modu berriak eta harremanak eraikitzeko modu berriak ezagutu ditudan heinean, nire burua horietan islatuta ikusi dut edo ikusteko nahia izan dut. Sistema bitarra bera, eta horren baitan nire burua zalantzan jartzeko modu bat izan da, eta zalantza horietatik nor naizen birpentsatu eta hazteko modua bat; zalantza bera ere positiboa izan daitekeela onartuz. Nire identitatea aldakorra izan daitekeela eta izan behar dela ulertzeko bidea izan da; aldakorra naiz, eta eskerrak, bestela heteroa izango nintzateke, besteak beste. Bi izatea nire esperientzia propioaren gainean eraikitzearekin lotzen dut, eraldaketarekin.

Elisa Collek aipatzen du berandu identifikatzen dugula gure burua bisexual moduan beste identitateekin alderatuz gero. Zuen kasua izan al da?

O.Gorosabel:  Bai. 51 urte ditut eta orain dela gutxi arte, ez naiz bisexual moduan izendatu, ez diodalako garrantziarik eman definitzeari. Dakidana da bizitzan zehar gustatu izan zaizkidala emakumeak, gizonezkoak… 14-15 urterekin maitemindu nintzen mutil batekin (mutil batekin maitemindu nitzen), baina artean ez nuke hori horrela esplikatuko. Gerora, historiaren (istorio) bat izan dut mutilen batekin. Niretzat ez da drama bat izan; gauza normala izan da. Baina ez dut definitzeko premiarik sentitu duela hiru-lau urtera arte.

Zer gertatu zen orduan, bada?

O.Gorosabel: Erreferente gay eta lesbiana batzuk izan ditut, baina beste identitateak ez ziren nire munduan existitzen (ez ziren existitzen nire munduan), ez gizonik eta ez emakumerik. Imajinatzen dut sare sozialetan edo, ezagunen bati entzungo niola horren inguruan hizketan. Eta, orduan, islatuta sentitu nintzen. 

Eta zure kasuan, Ahots?

A.Lejardi: Nire kasuan ere hala izan da. Bi faktorek eragin dute nire identifikazio prozesu berantiarrean. Batetik, nire identitatearen eraikuntza prozesua oso modu disoziatuan bizi izan dudala. Iraganean ez naiz oso konektatua egon nire buru eta gorputzarekin. Ziurrenik hainbat arrazoirengatik: lodia izateagatik edo honek gizartean duen esanahiagatik, neuronormaren barruan ez egoteagatik, heteroarauaren barruan ez egoteagatik… Orduan, asko kostatu zait ni neu ulertu, onartu eta batez ere nire izateaz gozatzeko lanketa egitea, zailtasun eta oztopo asko aurkitu ditut, eta ez diot sexualitatearen arloan bakarrik, baizik eta orokorrean. Horregatik, gauza asko galdu ditut nire gaztarotik hasi eta gaurdaino; nire iraganean presenteago egotea gustatuko litzaidake. Bestetik, bisexualitatea orientazio soil baten moduan ikusten nuen oraintsu arte, karga politikorik gabekoa, eta beraz, ez nintzen identifikatuta sentitzen. Gerora egin dut neure: eredu batzuk ezagutu ditudanean eta mamia ikusi diodanean.

Zein mami?

A.Lejardi: Ez dela orientazio kontu soil bat, emakumeak eta gizonak gustatzen zaizkizun logikarekin ez duela bat egiten, ez dela hori. Aukera horiek bakarrik ez daudela jakitea, zure generoa eta gainerako guztiak izan daitezkeela zure harremanak, sareak eta zure izatea bera eraikitzeko bidea, eta bide hori, sistema bitarretik at egin dezakezula aitortzea izan da bisexualitateari ikusi diodan mamia. 

Adibidez, momentu honetan nik ez daukat interes askorik gizon zis-heteroekin harremanak izateko. Eta, sorpresa! Bisexuala naiz berdin-berdin. Etorkizunean ez dakit zer gertatuko den, baina hain zuzen ere dinamikoa izan naitekeela ulertu dudanean izendatu naiz bisexual edo bibollo moduan. Hori da, baita ere, bi izateari ikusten diodan indargunea, identitatea zeozer transformatiboa bezala bizitzeko aukera ematen duela, mutantea. 

Harremanak eraikitzerako orduan zaila egiten zait gizon edo emakume kategorietara mugatzea nire hautua, aukeraketa binario hori oso mugatzailea eta transfoboa delako eta monosexismoan oinarritutako praktiketara bideratuta dagoelako. Agian jende queer transfeminista da gustatzen zaidana, inguruan izan nahi dudana eta nik neuk izan nahi dudana, edo halako zeozer; gizon eta emakume kategorietara baldintzatu beharrik gabe. Eta horregatik izendatzen naiz bisexual moduan, izendapen hau kontzienteki hartu nahi izan dut hori ikusgarri egiteko, niretzat garrantzitsua da. Eta baliteke nire kasuan bollera izendatzerakoan ere hau guztia barne hartzen egotea, bollera izatea ere identitate bat delako, orientazio bai baino gehiago, horregatik diot bollera ere banaizela (bibollo); baina izendapen honek ez dio mundu osoari niri bezala balio, hori kontuan hartzea garrantzitsua da; eta ikuspegi horretan beste pertsona batzuk ere beraien disidentzia politiko eta kolektiboa gauzatzeko eroso sentiaraztea izan da bisexualitateari ikusi diodan beste ekarpen bat.

Bisexualitatea ez-binario gisa ulertzeak eragina izan du, orduan.

A.Lejardi: Bai, gakoa izan da bitartasunetik at beste errealitate eta bizipen batzuk ezagutzea; trans ez-binarioena kasu, edo beste genero-espresio batzuk dituztenena, edota genero eredu ezerdinak dituzten beste kultura batzuetako pertsonena. Generoa eta identitatea bizitzeko modu hauek ezagutzeak lagundu dit ulertzen era anitzean eraiki eta bizi daitezkeela eta era horiek guztiak kontutan hartu behar ditudala besteekin harremanak eraikitzeko unean eta baita ere nire identitatea eraikitzeko unean, islatuta sentitu naitekeelako; horregatik izendatzen naiz bisexual moduan. Errealitate hauetara gerturatu ostean nire burua ere ez dakit non kokatzen dudan; momentu honetan zalantza asko ditut, baita generoari dagokionez ere. Bi izendatu naizenetik generoarekin lotutako gogoetetara ere heldu naiz, argi dago zeharkatzen diren gaiak direla, eta ez dakit noraino eramango nauen honek, baina gizon-emakume definitzen gaituzten muga horiek ere hautsi daitezkela jakiteak lasaitua ematen dit. Errealitate horiek ezagutzeak lagundu dit ikusten guztia ez dela beltza edo zuria, gris asko daudela. Horregatik ematen dit amorrua bi izatea binarioa dela esaten dutenean, justu alderantziz bizi baitut nik. 

Zuen burua izendatzeaz gain, egon da sozialki armairutik ateratze bat?

A.Lejardi: Ni ez naiz oso pertsona soziala; barrurakoa naiz, lotsatia. Beti izan naiz horrelakoa (ikusi behar zergatik, baina beno, hau beste kontu bat da). Hala ere, nire inguruan, normaltasunez azaltzen dut egoera suertatzen bada. Uste dut, dena den, kanpotik egiten den irakurketa dela gizonak eta emakumeak gustatzen zaizkidala, generoa binarioa izango balitz bezala eta bisexualitatea orientazio soil bat… Baina egiten den irakurketa hori ez dator bat nik bisexualitatea bizitzeko dudan moduarekin, oso irakurketa sinplista eta erredukzionista da, eta horrek frustratu egiten nau. Zeren beti ez daukat azalpenak emateko gogorik, aktibismoa egiteko indarrik… Ez da erraza izaten. 

O.Gorosabel:  Armairu baten barruan baino, izkina batean egon izan naiz ni akaso, txoko batean, zeinetan ez nauten ikusten. Inor etorriko balitz eta zelatan egingo balu, ikusiko ninduke. Baina ez datorrenez inor… Nire kuadrilla konbentzionala da guztiz, hortaz, ez dugu horretaz hitz egiten. Gaineratuko nuke, gaia aterako balitz, ziurrenik ez-entzunarena egingo luketela edo gaiari ihes egingo lieketela. Emaztearekin edo beste lagun emakumezkoekin elkarrizketa horiek nahiko modu naturalean ateratzen dira. Gizonezkoekin ez. 

Broma homofoboak entzuten dituzunean, lagun artean, ez duzu sentitzen aurre egiteko beharra?

O.Gorosabel: Broma homofoboez gain, emakumeenganako broma degradanteak ere egiten dituzte. Giro hori izan da betidanik ezagutu dudana, normaltasuna. Beraz, ikasi dut egoera horretan igeri egiten eta bizirauten. Ni ez naiz “El Cid Campeador”; ez daukat asmorik ezpatarekin lehiatzen hasteko. Ez diet kasurik egiten, eta kitto. 

Emaztea izateagatik hetero moduan irakurria izateak ezinegona eragiten dizu? Nola bizi duzu hori?

O.Gorosabel: Ez nau frustratzen horrela irakurria izateak, niri emakumeek eta gizonek ez nautelako berdin erakartzen; emakumeek askoz ere gehiago erakartzen naute. Izandako harremanetan ere ikusten da hori.

Gizonezkoekin ere izan dituzu bikote harremanak, edo soilik harreman puntualak?

O.Gorosabel: Behin bakarrik, lau hilabete ingurukoa. Horregatik ez zait gatazkarik agertzen, ez dut antzerkirik egin beharrik. Bere garaian, gizonezko horrekin ibili nintzenean, natural aritzen ginen, ezkutatu gabe.

Emakumeekin egoteak ematen dizun diskrekzio hori pribilegioa edo zapalkuntza da zuretzat? 

O.Gorosabel: Egoeraren arabera… Batzuetan aldeko bezala aprobetxatzen dut. 

Elkarrizketa askotan atera da bisexualok monogamia zalantzan jartzeko joera dugula, ez ditugulako molde zurrunak gustoko.

A.Lejardi: Izan daiteke, niri gertatu zait behintzat. Beharbada ez da izango bisexuala naizelako bakarrik, beste identitate batzuk ere zeharkatzen naute eta aktibismo espazio desberdinek eragingo zuten praktika normatiboak zalantzan jartzeko prozesu honetan, noski. Baina egia da bi izendatu naizenetik zurruntasunek askosaz ere deserosoago sentiarazi nautela, hausnarketa asko jarri zaizkidala mahai gainean eta horiei esker gauza asko jarri ditudala zalantzan. Besteak beste, harremanak eraiki eta bizitzeko moduak. Hori bai, teoria gauza bat da, eta praktikan jartzea beste gauza bat; askoz ere zailagoa baita behin lurrera ekarrita, eta are gehiago gorputz lodi baten jabe zarenean. Baina egia da ate pila bat zabaldu zaizkidala, eta argi daukat nire harremanak eraldatu egin direla honi esker; eta ez naiz bikote harremanez soilik ari. Binarismoaren barruan gaude beti; eta bi aukera soilik daudela ematen du zentzu honetan ere, edo bikotean zaude edo bakarrik. Baina behin hortik aterata ikusten duzu askoz ere aukera edo modu gehiago daudela harremanak eraiki eta bizitzeko, eta zuretzat xamurrak badira, balekoak direla. Bi izendatzeak, kontrakoa badirudi ere, binarismoekin apurtzen lagundu dit zentzu guztietan, honetan ere bai. Eta praktika heteropatriarkal hauek lehendik kuestionatzen banituen ere, ez diot eman nire buruari baimenik niretzako osasuntsuagoak eta goxoak diren bestelako praktikak gorpuzteko oraintsu arte.

O.Gorosabel: Egia da egon daitekeela erraztasuna paralelismo hori emateko, eta batak beste ekar dezakeela, baina ez beti. Ez dut uste derrigor lotuta daudenik. 

Komunitatea falta dela uste duzue? Hutsune horrek ekar dezake jendea ez identifikatzea bisexual moduan?

O.Gorosabel: Herri txiki batean bizi naiz. Ni ikusezina naizen modura, besteak ere hala izango dira. Beharbada, definizio faltak ikusezintasuna ekar dezake, ezin zaituztelako horren erraz sailkatu. Kode estetikoak, kulturalak… beste identitate batzuek badituzte. Gure kasuan ez. Eta ez dakit garatu behar ditugun ala ez, horren premia daukagun…  

A.Lejardi: Ni ez banaiz izendatu orain gutxira arte horregatik izan da, besteak beste; ez dudalako eduki erreferenterik edo heldulekurik. Orain badira gertu erreferente gutxi batzuk gaian zentratuta: Cris Lizarraga, Elisa Coll… Beste eremu batzuetan askoz erreferente gehiago egon dira (espazio antiarrazistetan, adibidez), eta akaso ez dugu zabaldu horraino begirada. Baina orain arte niretzako hurbilekoak izan diren testuinguruetan eta mugitzen naizen guneetan ez dut helduleku askorik aurkitu; nahiko bakarrik sentitu naiz, eta beharbada hori izan da hain berandu izendatu edo definitzeko arrazoietako bat. Horregatik eskertzen dut orain proiektu hau, komunitatea egin dugulako. 

Honi alderdi ona begiratzearren, batzuetan pentsatzen dut definitzeko zailtasuna izatea bera ere izan daitekeela indargune bat. Esan nahi duelako ez dagoela bisexuala izateko modu bat eta bakarra, modu asko daudela. Bisexuala izatea gauza asko da, bisexuala izateko era bakarra dagoela ez asumitzea da. Eta agian horiek dira bi izatearen indarguneak: aniztasuna eta malgutasuna.

O.Gorosabel: Sarean bati irakurri nion orain dela gutxi: “Beharbada, egunen batean, iritsiko gara une batera, zeinetan ez dugun zertan definitu”. Utopikoa da akaso, baina ederra izango litzateke. Ez dakit hori noiz izango den, oraingoz behintzat “berde” gaude horretan.

Eta “berde” gauden bitartean, akaso, komunitateak ulertuak eta babestuak sentiarazten gaitu, ezta?

A.Lejardi: Bai, eta zerbaiten parte. 

Zuk militatzen duzu, Ahots. Militantzia espazioetan zer nolako lekua du bisexualitateak?

A.Lejardi: Ni herri eta eskualde mailan mugitzen naiz eta oso modu xumean, baina esango nuke ez dudala leku askorik izan orain arte behintzat. Edo lehen aipatu dudan irakurketa binario eta sinplista egiten da, edo fase moduan ikusten da, edo ez zaio kutsu politiko eta eraldatzailea ikusten… Sarri bi sigla kendu egiten da izendapen eta aldarrietatik, ez delako ulertzen identitate politiko eta disidentzia bezala, gizon zis-heteroak kanpo utzita, patriarkatuaren aginduetatik at eta praktika normatiboetatik kanpo ulertu nahi direlako harremanak. Ados, baina apustu hori posible da bisexuala izanda ere! Are gehiago, bisexualitateak lausotu ere egiten ditu normak markatzen dituen marra zurrunak, kutxatxoetan banatzen gaituztenak eta sarritan LGTB mugimenduetan ere erreproduzitzen direnak. Hori guztia ulertu dudanean egin ditut bakeak nire buruarekin, bollera eta bisexuala izan naitekeela ulertu eta onartu dudalako: bibollo. Identitate anitza izatea posible da, identitatea ezin delako esandako kutxatxo horietan sartu, ez delako zerbait hermetiko eta estankoa. 

O.Gorosabel: Nik entzun izan dut, baina ez bizi, gay edo lesbianen espazioetan bisexualak gaizki ikusita daudela…

A.Lejardi: Txarto ikusita ez, beno, edo bai… Ni kolektiboaren parte naiz eta azaltzen dudanean bisexuala naizela ez zait aintzat hartzen, edo sinisten. Karneta erakutsi behar dut, ala?

Badugu karnetak egiteko ideia! [barreak] 

A.Lejardi: Min gehiago egiten du bifobia jasotzeak, hain justu ere babesa espero duzun lekuan.  Zeren, beste espazio askotan badakit zer dagoen, beraz, ez naiz sartzen. LGTB komunitatean suposatzen da jendea gaian jantzia dagoela, sentsibilitatea duela, ulerkorragoa dela… Eta, hala ere, oraindik ez da erraza izaten batzuetan. 

Mahaigaineratu den beste eztabaida bat da estrategia interesgarriagoa ote den aktibismo bisexuala egitea ala mugimendu LGTBI bateratuan parte hartzea.

O.Gorosabel: Barruan egon beharko ginateke eta ez aparte. Dudarik gabe. 

A.Lejardi: Nik uste dut batak ez duela zertan bestea kendu. Elkartzen bagara bisexual moduan, orain proiektu honetan bezalaxe, izango da kezka batzuk partekatzen ditugulako,  zeharkatzen gaituzten gai asko berdintsuak direlako edo bizi ditugun zapalkuntzak antzekoak direlako eta kolektibizatu nahi digulako… Baina horrek ez du esan nahi aliantzak egin behar ez ditugunik, alderantziz. Azken finean, disidentzia guztiok bat egiten dugu hainbat gauzetan eta gure etsaiek izen bera dute; pertsona guztion ongizate eta autodeterminazioa izan beharko litzateke helburua, eta ez norberaren liberazioa modu indibidualean. Kostatzen zait militantzia hain modu bananduan imaginatzea; nire askotariko kide desbideratuak ondoan nahi eta behar ditut elkarrekin sistema iraultzeko. 

O.Gorosabel: Hori ere hala da, bai. 

Diotenez, bisexualitatea da LGTBI+ kolektiboan orientazio nagusia, bollera, marika, pertsona trans eta intersex askok praktika edota desira bisexualak ditugulako.

O.Gorosabel: Askotan esan da pertsona guztiok garela bisexualak. Ez dakit tabernako komentario bat den edo zein oinarri duen, baina ez nau harritzen. 

A.Lejardi: Oierrek dioen horrek B aldea ere izan dezake, argudio hori era hutsalean erabiltzen bada behintzat: ikusezin egitea. Denok bagara bisexualak, ez gara inor. 

Luma bisexuala existitzen da? Ikusgai egiteko balio dezake?

A.Lejardi: Luma osagai identitario bat da, kolektibizatzeko era bat izan daiteke. Gure artean konplizitatea topatzeko balio dezake. Kontzienteki edo inkontzeinteki, baina bai… Argi dago ez dagoela luma adierazteko era bakarra, baina identitate gisa bizi dugun unetik ziurrenik ikusgarri egiteko moduak bilatzen ditugu. Bi garenok, beste edonork bezala, ez diogu inori ezer zor, ez anbiguotasunik, ez feminitaterik, ez beste ezer, baina kasu askotan, ziurrenik mezu bat eman nahi dugu gure espresioarekin. Gure artean ikusten da, ezta? [Barreak]

O.Gorosabel: Bai? Ni ikastera etorri naiz…

A.Lejardi: Begiratu gure artean: septuma, queer aire bat, ilea laburra edo rapatuta, feminitate eta maskulinitatearen arteko nahasketa… 

O.Gorosabel: Hara! Orain arte ez nuke esango…

Zuk ez duzu lumarik?

O.Gorosabel: Ez…

Ezta mutilekin ligatzeko orduan ere?

O.Gorosabel: Ez…

Eta zuk, Ahots? Disidentzia hori ikustarazteko zer edo zer egiten al duzu?

A.Lejardi: Gaur daramadan arropa, esaterako, ez dut erosi kasualitatez [Birak Orbitaren “Hartu arnasa” sudadera, galtza bakero ilunak eta kamiseta beltza]. Ile laburra izatea ere erabaki bat da. Septuma identifikazio ikur bat da beharbada, tattooak nire gorputz lodia goratu nahi dute. Nahita edo nahi gabe, ziurrenik zerbait esan nahian nabil nire gorputz adierazpenarekin, nahiz eta muga asko aurkitzen ditudan nahi gisara jantzi eta espresatzeko gizartean dagoen lodifobiagatik. Alabaina, sistemaren parte izanik ere, nire bizitza osoan etengabe ibili naiz depilatzen, argaltzen… heteronorman sartzeko (itogarria egin zait hau). Eta, aldi beren, norma horretatik ateratzeko beste seinale batzuk ematen. Nire gorputzak sistemaren ziurtasun asko kolokan jarri ditu sarritan, eta iraganean asko sufritu badut honekin ere, orain justu hori, bilatu ere egiten dut batzuetan (autoestimak baimentzen didanean).  

Izan ere, emakume bisexualen iruditeria oso femeninoa eta hipersexualizatua da; gizonezkoen desirari bideratua…

A.Lejardi: Zoritxarrez hala da. Beste bifobia adibide bat. Nire kasuan, baina, hori ere ez dut bizi izan. Ukatu egin zait sexualitatea libreki bizitzeko eskubidea bera ere, hain justu pertsona lodia naizelako. Desirarekin lotutako nire esperientziak orain gutxira arte oso mugatuak izan dira edo ez dira izan osasuntsuak; pertsona lodiak ez omen gara desiragarriak, desiratuak eta desiratzaileak eta… 

Nire inguruko pertsona bisexual asko oso kanonikoak dira, eta oso onartuta daude. Ematen du horrek balio gehiago duela eta oso modernoa eta guaya dela. Baina nik feminitatearekin oso harreman txarra izan dut, beti nenbilelako kabitzen ez nintzen tokietan sartu nahian. Horrekin apurtzea ondo dagoela sinisteak izugarriko lasaitua eman dit, eta horrela izan bada, heteroaraua eta honen exijentziekin zein binarismoekin hausten duten erreferente berriei esker izan da. Lodi-aktibismoak, esaterako, asko lagundu nau, eta espazio hauetan, kasualidadez (edo ez) kide bibollo asko aurkitu ditut.

Bisexualitatea promiskuitatearekin ere lotzen da. Irauli edo apropiatu dezakegun mitoa da. Baina promiskuitatea pribilegio bat da, ezta? 

A.Lejardi: Izan daiteke. Nire kasuan, zorionez edo zoritxarrez, argi dago mito honekin ez dudala bat egingo, ziurrenik nire gorpuzkeragatik. Nork du aukera ligatzeko? Nik asko ez! 

Edozelan ere, mito hau, beste guztiak bezala, gure sexualitatea autonomiaz bizitzen ez uzteko sistemaren beste kontrol era bat da. Edozelan ere, mito hau beste kontrol era bat da

gure sexualitatea autonomiaz bizitzen ez uzteko. Niretzako ez da hain garrantzitsua zenbat pertsonekin ditugun harremanak, horrekin lotzen bada promiskua izatea behintzat… Bai ordea, harremanok elkar zaintzan oinarrituta egotea, edozenbat eta edozelakoak izanda ere.

O.Gorosabel: Emakumea kontsumo objektu bat da gizartean. Jendeak, beraz, bere iritzia ematen du: nor den desiragarria eta nor ez. Gizonok ez garenez objektu, inork ez digu kasu handirik egiten zentzu horretan.

Erreakzio okerrak jaso dituzue noizbait bikote edo maitale bati aipatu diozuenean genero desberdinetako pertsonak desiratzen dituzuela?

O.Gorosabel: Ez, egia esan. Harremanak izan ditudan jendea, gustuko dudana, irekia izaten da.

Zorteduna izan zara!

O.Gorosabel: Zergatik diozu hori?

Pertsona askorentzat harremana duen pertsona bi dela jakitea mamu modukoa zerbait da, ezinegona sortzen du. Lesbianen kasuan, patriarkatuaren erruz, gizonen aurrean zaurgarri sentitzeagatik. Emakume heteroek jarrera homofoboak izan ditzakete, eta gayek misoginoak… 

A.Lejardi: Askotan entzun izan ditugun komentarioak dira, bai. 

O.Gorosabel: Adarrak jartzeko aukera bikoitza daukagula, alegia? Hori baduzu buruan harreman bat hasterakoan… jai daukazu!

A.Lejardi: Bai, next! Asko begiratzen da harremanak norekin edo zenbatekin eraikitzen ditugun. Baina beharbada hobeto genuke nola eraikitzen ditugun gehiago erreparatzea. Bi izendatu naizenetik asko ikasi dut honetaz.