ANA JAKA

ANA JAKA

Ana Jaka

Ana Jaka idazlea Andoainen jaio eta hazi zen. Nafarroako Unibertsitatean Kazetaritza ikasketak egin zituen eta, geroztik, Iruñean bizi da. 

Gaztelaniazko poesia landuz hasi zen literatur munduan. Sole, zer duzu Sole?  euskaraz idatzi zuen lehen narrazioak accesita lortu zuen Egile Berrientzako Literatur Lehiaketan (Iruñeko Udala), 2002an. 2014an Ez zen diruagatik, nobela argitaratu zuen Elkar argitaletxearekin. Ondoren, haurrentzat ere hasi zen idazten: Marimutila naiz eta zer?, «Ixon» eta Loaren inbasio isila liburuak argitaratuz. Aldi berean, Marimatrakak pertsonaien istorioak idazteari ekin zion Irria aldizkarian, eta, gero, hauen liburu-bilduma, Elkar argitaletxearen eskutik. Hezkuntza proiektuen sustapena du ogibide. 

Lumatza talde lesbofeministan militatu du. Josune Ortiz militantzia kidearekin elkarrizketa aurkituko duzue webgune honetako “Bizipenak” atalean.

Bi emakumeren arteko intimitatea

Lokaletik irtetzean,

azkenik bakarrik kale erdian,

ausartu dira.

Dagoneko ez dira

gelditzeko kapaz.

 

Ahoak elkartzen dituzten bakoitzean

auzoa garbitu behar dela

oihukatzen die tipo batek.

 

Hauteman ezin den modu batez

-besarkada estutuz, larritzerik gabe

begiratuz elkarri-

direnean bata bestearen 

babes, 

era honetan ere, intimitate

nahikoa daukate.

  •     bi emakume

Norbaitek, beste behin

Neska hori du gustuko

eta gauzak aldatu egin dira.

Denek badakite

neskak gustuko dituela.

Neska horrek ere,

besoa heltzen dion neska eder horrek.

Eskuak nahasten,

ezpainak hurbiltzen ahal dituen

pentsatzen du. Beti du

pentsatzen,

ekintza aurreko erreflexua lez.

Baina agian gauzak

aldatuko dira, agian aldatzen

jarraituko dute

eta norbaitek mamu bat

ezabatuko du,

norbaitek,

beste behin.

  •     NORBAITEK2

Eskuzko gozamenak

Egun osoan hatz-koskorrak usaintzen…

Hortxe da, tolestura horiek,

malguki txikiak balira bezala,

gehiago harrapatzen dutelako agian

edo ez direlako

beste edozein gauza ukitzeko

bezain promiskuoak.

Hor irauten dute gutxienez

hurrengo egun batez

ia asmatutakoa den

memoria baino benetakoago

eta gozoago diren aztarnek.

Hori egiten ikusten banauzu

ez galdetu, orain badakizu:

horraino iritsi den atsegina eman dit

emakume batek.

  •     eskuzko