“Bollojabetza eta ahobizi bromak izan ziren eta hor geratu dira”. B.A.L.A

“Bollojabetza eta ahobizi bromak izan ziren eta hor geratu dira”. B.A.L.A

“Bollojabetza eta ahobizi bromak izan ziren eta hor geratu dira”

B.A.L.A. taldearen izenak hizkera belikoa dakar, izan ere, borrokarako prest dauden Bollera, Arepera eta Lesbianen Aliantza da sigla horien atzean dagoena. Mugimendu feminista eta okuparen artean zebiltzan bollerak dira eta haientzat hitzak eta irudiak ezinbesteko baliabideak izan dira diskurtso eta praktika politikoa sortzeko. 

Durangoko jardunaldi feministetan ezagutu genituen gutako askok haien ponentzia irakurri zutenean, bollojabetza terminoa aldarrikatuz. Ingelesetik, gaztelaniatik eta euskaratik jasotzen dituzten kontzeptuak haien egunerokora eta gorputzetara eramaten saiatzen dira zapalkuntza desberdinak agerian utziz eta kontzientziak pizteko helburuarekin. Honi guztiari buruz hitz egin dugu Irati Leonekin.

Nortzuk zarete B.A.L.A.? Nola sortu zen taldea?

2018ko apirilaren 26an sortu zela esango nuke. Aurretik biltzen ibili ginen eta Gasteizko bolloen sare moduan sortu zen, espazio propio bat izateko beharra ikusten genuelako. Justu orduan sortu zen Talka, beraz, bat egin zuten espazio fisiko baten beharrak eta antolatzeko espazio baten beharrak. 

Iruditzen zitzaigun ez genuela erreleboa jaso aurretiko talde lesbofeministengandik. Bagenekien hor zeudela, baina gu hasi ginen antolatzen eta elkar ezagutzen mugimendu feministan eta okupazio mugimenduan: Errekaleor, Gasteizko Gaztetxea, herri mugimendua, eta gehienbat mugimendu feminista. Ikusten genuen beste talde feministek ez zituztela gure behar, gure agenda, gure eztabaidentzako lekurik ematen, eta lekua ematen bazuten, ez zen guk behar genuen bezainbestekoa. 

Horrez gain, ikusten genuen ekainak 28 sarean edo LGTB edo transmaribollo mugimenduan bollerismoak ez zeukala indar handirik, mariken proposamenen itzalean geundela nagusiki. Azkenean erdibideko leku batean geunden: mugimendu feministan geunden baina bollera moduan subjektu bezala borrokatzeko aukerarik ez genuen, eta LGTB sarean ez genuen ere aukera handirik. Orduan pentsatu genuen bi horien arteko posizio bat hartzea. Taldea sortu genuen, hausnarketa saioak egin genituen eta kolektiboaren nahiak eta beharrak definitu ostean publiko egin genuen B.A.L.A. 

Durangoko jardunaldi feministetan 2019ko abenduan ponentzia irakurri genuen. Batzuk joan eta beste batzuk etorri dira baina mantendu gara gehienak; bost eta hamar kide artean izan gara taldean. Gure hasierako helburuak ziren: mugimendu feministan irakurketa transfeminista txertatzea, diskurtso bat sortzea identitatea eta orientazioari begira, eta bollerismoa kokatzea paradigma politiko eta konbatibo batean. Azkenean argi utzi nahi genuen ez ginela bollerak emakumeekin oheratzen ginelako, baizik eta posizionamendu politiko, ez-binario, anti-heteronormatiboa zela gurea. Heterosexualitatearen sistemaren kontrako mugimendua. 

Horrekin batera, emakumetasunaren disidentzia desberdinekin estrategiak eta aliantzak eraikitzea erabaki genuen. Izan ere, gu kokatzen gara heterosexualitatearen disidentzia bezala, baina baita emakumetasunaren disidentzia bezala ere, zaila zaigulako bata bestea gabe ulertzea. Hortaz hasierako erronka hori zen: ahots propioa izatea eta diskurtsoa sortzea. Horregatik egiten genituen hainbeste testu, irakurketa, eta kartel egun puntualetan. Indar handia eman genion diskurtsoa eta iruditeria sortzeari, jendeak buruan klik hori egin zezan. Uste dut erronka horri erantzun geniola eta orain beste puntu batean gaude.   

Gogoan dut zuen logoa. Bi atzamar busti victoria keinua egiten eskuarekin. Eta zuen taldearen izena sigla batzuk dira, ezta?

B.A.L.A. gara; Bollera, Arepera eta Lesbianen Aliantza dago sigla horien atzean. Azkenean adierazi nahi genuena zen kolektiboan oso identitate desberdinak zeudela baina denak batzen gintuena bollerismoa zela. Bertan marimutilak daude, pertsona lodiak, pertsona migratuak, maketoak, gaixoak… Beraz, gure disidentzia antolatzeko identitatea bollerismoa da. Identitateak kolektiboa eta estrategikoa izan behar da. Batetik guk parte hartzen genuen herri mugimenduan diskurtso hegemonikoarekiko haustura bat egiteko, bestetik oso despolitizatuta zeuden sektore batzuetan ere txertatu nahi genuen transfeminismoa. Lesbiana horiei edo datozen belaunaldiei eskaini nahi genizkien tresnak irakurketa estruktural eta politikoak egiteko.

Zergatik aukeratu zenituzten hiru izen horiek (bollera, arepera, lesbiana)? Nola erabaki zenuten nola izendatu zuen buruak?

Gu bollerarekin identifikatzen gara, baina lesbiana presente dugu duen traiektoria historikoagatik. Lesbiana terminoa beste kontu batzuekin lotzen da gaur egun: “aske bizi, aske maite”, kapitalismoaren eremuan, eta bollera terminoak horrekiko haustura adierazten du, kontzientzia antolatua. Guk transfeminismoan kokatuta dagoen lesbiana bat bollera kontzeptuan kokatzen dugu. Hasierako bileretan Kolonbiako bollera bat zegoen eta berak arepera erabiltzen zuela esan zigun eta horregatik erabaki genuen hori ere sartzea. Gure ustez oso garrantzitsua da lokalean eragitea eta ikusten genuen LGTBtik diskurtso oso anglo eta kolonialak heltzen ari zirela. Ematen du orain disidentziakoa izateko ez dakit zenbat termino ingeles ezagutu behar dituzula. Horrek diskurtso unifikatu eta unibertsal bat dakar eta espazio gutxi uzten die tokian tokiko aliantzei. Beraz hor ikusi genuen bazela ofentsiba bat, hizkuntzaren bidez ailegatzen zena, baina atzean gauza askoz gehiago zekartzana. Guk erabiltzen duguna bollera da, termino espainola, baina lokalean garrantzia eta presentzia duena. Etiketen berrapropiazioa egiten jarraitzeko beharra ikusi genuen politikoki zuzena izan behar den garai honetan. Ez dugu inoiz eztabaidatu euskaraz nola izendatu bollera, bollera erabili dugu eta listo, baina gure borroka beti izan da oso lokala.

 

Eta nola egiten duzue lanketa lokal hori?

LGTB diskurtso mainstreamei muga ipiniz eta gure gorputzetatik diskurtsoa eraikiz. Adibidez, pinkwashingari edo homonazionalismoari buruz hitz egiten dugunean Gasteizen Marotorekin gertatu zena ipintzen dugu adibidetzat. Edo Gasteizen gertatu diren azken bi erasoak: arrazializatutako bi gazte epaitu zituzten erasotzaile gisa eta hortik sortu ziren diskurtsoak, edo zenbait partidu politikok hartu zuten jarrera eraso homofoboaren aurrean. Horrekin batera, herri mugimenduko espazio diferenteetan parte hartzen ari gara: Bira Zapatistan sexualitateari buruzko mahai-ingurua egin dugu, Askapenak antolatutako hitzaldi zikloan disidentziak tokian antolatzeko beharraz aritu ginen, inondik inportatu gabe, egunerokoan gure diskurtsoa txertatzen saiatzen gara. Gure herri eta auzoetan, gure gorputzetan zer gertatzen ari zaigun begiratzen dugu eta hortik antolatzen gara.

 

Zuen taldean denek ulertzen dute euskara?

Hasieran ez, eta itzulpena egiten genuen (xuxurlarien teknika erabiliz). Gero denak euskaldunak ginen, baina batzuek hitz egiteko zailtasun gehiago dituzte. Denborarekin euskaraz eroso sentitzen ez zirenak eroso sentitzea lortu dugu. Batzuetan erdarara jo izan dugu hizketan, adibidez eztabaida batzuk erosoago egiteko, zapatistekin, edo Kataluniatik lesbofeminismoari buruzko dokumentala ekarri genuenean (hor erdaraz eta euskaraz egin genuen eta zeinu hizkuntzako interprete bat ere egon zen), baina idazten genuenean zerbait edo karteletan eta irudietan bi hizkuntzatan egiten genuen eta euskarari lehentasuna ematen genion. Ez dugu inoiz eztabaida bat izan honen inguruan baina taldearen lehen hizkuntza euskara zela argi izan dugu. Nahiz eta bagenekien beste profil batera heltzeko erdara erabili beharko genukeela. Beste batean, konfinamenduan bideo bat euskaraz bidali genuen Bartzelonara, euskaraz eta katalaneko azpitituluekin.

 

Taldean inoiz hitz egin duzue feminista arrazializatuen eta euskararen arteko artikulazioez eta batzuetan horren inguruan sor daitezkeen gatazkez?

Ez dugu hitz egin horretaz baina bai saiatzen gara ahalik eta proposamen inklusiboen eta anitzenak egiten jende desberdinarengana heltzeko. Euskara lehenetsi, gaztelaniaren presentzia bermatu eta iruditeriarekin lan handia egiten dugu. Hasieran pala, futbol, saskibaloi eta rugby torneo bolleroak egin genituen, arrakastarik izan ez zutenak, Gasteizko espazio desberdinetan. Beste profil batera heltzeko edo saretzeko ziren. Ez du zerikusi zuzenik hizkuntzarekin baina bai erantzuten dio egiteko modu bati: proposamen ahalik eta irekienak egitea, betiko militantzia ereduetatik ateratzea. Eta ildo horretatik, gure komunikazio osoa egiten genuen zabaltzeko ikuspuntu horretatik eskaintzen genituen irudien bidez. Orduan euskaraz egin izan dugunean deialdia, jende bati ez zaio iritsi, horregatik joan gara gauzak bi hizkuntzatan egiteko ohitura hartzen. Ez da bakarrik emakume migratu eta arrazializatuengana heltzeko, Gasteizen euskarak, gure konfort eremutik aterata, ez duelako presentzia handirik. Gugandik distantzia batera eta antolatu gabe daude lesbiana batzuk, egoera prekarioetan daudenak, eta haiekin aliantzak egitea garrantzitsua dela uste dugu.

 

Nolako harremana edo elkar ezagutza duzue Araban eta Gasteizen zuen aurretik egon diren talde lesbofeministekin?

Guk hasieran nabaritu genuen hutsune bat, ez zela errelebo generazionalik egon. Orduan 25 urtetik beherakoak ginen guztiak. Intergenerazionalitateari garrantzia ematen genion, baina errealitatea bestelakoa zen. Historikoki gatazkak egon dira bollera eta mariken artean, mugimendu feministaren eta bolleren artean. Gu mugimendu feministan hasi ginen eta elkarrekin topo egin genuen eta taldea sortu. Orduan ez genituen erreferente horiek edo urrun geratzen zitzaizkigun. Guk beharra izan genuenean, haiek ez zeuden antolakuntza puntu horretan. Sukubo zegoen baina ez zen guretzat guztiz espazio erosoa. 

Behin gogoratzen dut Ekainak 28 antolatu genuela mugimendu feministatik eta denak ginen bollerak. Hori puntazo bat izan zen. Kritikak ere jaso izan ditugu, ea zergatik mugimendu feministak antolatzen duen Ekainaren 28 bat, baina ez genuen izan erreleborik hor. Justu konfinamenduaren aurretik Bide zuzenak ibilbide okerrak bideo proiekzioa adostuta genuen 7menos20 taldekoekin eta bide batez elkarrekin hitz egiteko asmoa genuen. Pentsionistekin ere bilkura bat egin behar genuen garai horretan: “Viejas y bolleras”. 

Durangoko jardunaldiak eta gero B.A.L.A.k presentzia handia hartu zuen, eta kolektiboa forma hartzen hasita zegoenean, COVIDa etorri zen. Euskal Herri mailan kokatuta geunden eta Gasteiz mailan aliantzak egiten hasi nahi genuen. Pandemia hasi zenetik energia minimoekin ibili gara eta hibernazio fase batean sartzea erabaki dugu, diskurtsoari baino behar materialei garrantzi handiagoa emanez. Bai uste dut hutsune batetik jaio ginela: gauza on eta txarrak ditu horrek, freskura eta energia ekarri zituen, adibidez

Feministok prest eta geroko grebek gorakada bat ekarri zuten,  baina traiektoria batean haustura bat egon zen eta hori ebidentea da. BALAk eta Talkak egindako proposamenetara gu baino helduagoak diren eta gu baino gazteagoak diren bollerak etorri izan dira. Egiten genuen broma zen gu ginela petisuisak, eta gero zeudela jogur naturalak eta jogur griegoak. Orain gu ja pasatu gara jogur fasera eta petisuisak beste batzuk dira. Energia berriarekin datoz, zelako deskaroa duten!

 

Eta guzti hori hiru urtetan! Jarraituko dugu esaldi batekin, ea ados zaudeten ala ez: “Euskal Herriko mugimendu lesbofeminista erdalduna zen eta denborarekin euskalduntzen joan da”.

Hala dela uste dut, baina gai honek agendan garrantzia hartu duelako izan da, oro har. Mugimendu feminista bera ere euskaldundu egin da neurri batean. Orain gehiago gara, beraz, euskaldun gehiago daude. Orain ja ez gara lau katu, ikusgarritasun handia du honek. Orain mugimendu feministak trans eta bollera ikuspegiak ere txertatzen ditu. Transfeminismoa beste espazio batzuetan txertatzen joan dira eta horrek ekarri du mugimendua euskalduntzea. Nahiz eta militatzeko eredu likidoagoa duen multzo handi bat ere badagoen (Twitter etabar erabiltzen duena) eta hor logika erdaldunagoa da. Neoliberalismoaren eta globalizazioaren eragin nabaria da hori. Etorkizunera begira kezka puntu horrekin gaude.

 

Globalizazioak lehenago aipatutako termino batzuk ekarri dizkigu. Horiek erabiltzen dituzue? 

Bai, adibidez pinkwashing bai erabiltzen dugu. Homonazionalismoa ere erabiltzen dugu. Queer gutxiago baina batzuetan bai, aliantzak egiteko balio duelako. Horrelakoak erabiltzen ditugunean saiatzen gara testuinguruan kokatzen, hau da, esaten dugu zer den eta adibideak ipintzen ditugu. Adibidez lesbofobiari buruz hitz egitean erabiltzen genuen soporte bisuala zen Laboral Kutxako bi emakume guapisima, delgadisima, perfectisima irudikatu zituen iragarki bat, zuriz jantzita ezkontzen ari ziren, hipotekarekin nahi duzuna egin dezakezu jartzen zuen, edo nunca ha sido tan fácil ser libre, edo horrelako zerbait. 

Beste adibide bat da Euskaraldiko belarri prest eta aho bizirekin guk mingaina bi atzamarren artean atera genuenean: aho bizi pegatina. Hizkuntza erabili dugu eragiteko eta euskal bolleron artean kodigo propioak sortzeko. Badira nazioartean partekatzen ditugun kodigoak, eta euskal kodigo propioak sortzeko saiakera ere egon da. Termino angloak gure errealitatera moldatzen saiatzen gara eta hori ezin bada egin agian izango da ezin direlako gurera ekarri. LGTBekin egiten ari den merkantilizazioa EHtik harago doa eta termino zabalagoak erabiltzea beharrezkoa da, beti ere egungo errealitatearekin lotuz, beste borroka batzuei gure diskurtsoekin itzala egin gabe.  

 

Zein hitz erabiltzen dituzu militantziatik aparte, praktika edo eremu pribatuagoan, lesbianismoa izendatzeko? Glosategiko hitzen artean, adibidez, baten bat erabiltzen duzu?

Glosategiari begira lesbofeminismoa adibidez bai erabiltzen ditugu. Normalean hitz gehienak gaztelaniatik hartzen ditugu. Marimutila pixkanaka hasi gara erabiltzen. Polimaitasuna baino poliamor erabiltzen dugu gehiago edo harreman ez monogamoak zuzenean. Neskazale eta horrelakoak ez ditugu erabiltzen. Lesbiana ere ez. Eta termino sexualagoak erdaraz erabiltzen ditugula esango nuke. Edo igual euskaraz baina ez kodigoen bidez. Osea, euskal bollera kodigorik ez dugu. 

Madrileko bollera batekin elkartzen bagara seguramente konpartituko ditugu termino guztiak. Egia da euskal lumari buruz hitz egin izan dugula, baina gaur egun ja ez. Guk erabiltzen dugu bollera moderna hori izendatzeko, camisa-pelo-corto bollera da guretzat moderna da. Testuingurua aldatu da. Gauza batzuk traiektoria historikotik jaso ditugun arren, ez dira gure errealitatean erabiltzen ditugunak. Butch, femme eta stonebutch ere pilo bat erabiltzen ditugu. Kapaza eta ulertu ez ditugu erabiltzen. ‘Kuir’ ere ez dugu gure egiten. Diskurtsorako, proposamen politikoetarako egiten dugu guk hizkuntzaren lanketa ez gure artean hitz egiteko. Bollojabetza eta ahobizi bromak izan ziren eta hor geratu dira. 

 

—-

 

ALFABETOAREN JOLASA:

 

ARMAIRUA: Eredu heteroa jarraitzen saiatzea. Intentar disimular.

BOLLO / BOLLERA: Beste perspektiba bat bizitzari begiratzeko.

DERRIGORREZKO HETEROSEXUALITATEA: Basura bat, etengabe presente dagoen zerbait. Pertsonen arteko harremanak eta norberarekiko harremana, espektatibak.

EKAINAREN 28a: Pereza ematen dit hitz horrek. Ikuspuntu historiko batetik puntazo bat da daukan historia eta aldarriak baina globofesta bat da, no hay dios que politice ese día, globoek jarraituko dute hor. Alderdi instituzionalak eta egun horren ingurukoek ematen didate pereza. Karrozak eta pride horiek Euskal Herritik kanpo daude, baina filosofia hori… Nik greba egingo nuke. LELOA: Francis zuek hil zenuten (polizia agertzean). Konbatiboak direnak gustatzen zaizkit. Detras de esa persiana hay una lesbiana ere gustatzen zait.

FEMINISMOA: Gero eta pereza gehiago ematen dit honek ere. FeminismoaK ateratzen zait lehenengo gauza. Baina orduan te vienen las abolos a hacerte un bloke, las terfas a decir que tambien son feministas y digo, pues es que aquí alguien no está entendiendo las cosas. Ta batzuetan da, igual soy yo la que no esta entendiendo las cosas. Orduan nik erabiltzen dut transfeminismoa.

GAY: Gay ere pereza. Guapoa hor izan zen marika eta gay arteko desberdintasuna ezagutzea. Bollera eta lesbiana bezala. Hor saltoa askoz abismalagoa da. Bisibilitate gehiago duenez merkantilizazio handiagoa du. Gay erabiltzen badut despektiboki da. Politizatu gabeko norbaiti esateko.

HIPERSEXUALIZAZIOA: horren inguruan hitz egitea beharrezkoa da, baina lesbianen profil oso konkretu bat da hipersexualizatzen dena. Disidentzia ez da hipersexualizatzen. Arautik urrun bazaude presioa txikiagoa da, beraz emakumeekin lotzen dut lesbianekin baino gehiago. 

IZENA DUENAK IZANA DU: Zenbait diskurtso eta termino kokatzea oso garrantzitsua da. Ikusgarritasunarekin arazoak izan ditugu taldean. Ez dugu ikusgarri izan nahi. Erreferentzialtasuna garrantzitsua da eta diskurtso batzuk mahai gainean jartzea, baina tokian tokikoa sortuz. 

JAIA: Hor gaizki ohituak gaude. Jaiak beste esanahi bat dauka bolleren artean. Orain urrian Bollurria izan da, Gipuzkoako bollerek antolatutakoa. Bollerismoaren baitan jaiek beste kutsu bat daukate. Ez dira betiko jaiak. Jaiak ze desberdinak diren non eta norekin egiten dituzun! Juerga bolleroak fantasia bat dira. 

KALEA: Oso presente egon da gure militantzian eta bada borrokatzeko eta bizitzeko modu bat. Baina B.A.L.A.n ere perspektiba diskapazitista batetik kalearen ideia replanteatzen ari gara. Oso termino jurru bat da oso gure egiten duguna. Baina nork, noiz eta nola egiten da kalea, eta borroka non egiten da? Zeinek dauka kale horretarako aukera?

LGTBIAQ+: Pereza máxima. Aliantzarako espazio bat definitzen dute, baina sigla horien artean ez dago zerikusirik. Errealitate desberdinak daude. Bollera ez dago, bisexual nik ez dut hor kokatzen eta batzuetan heterosexualitatearen h-a ere sartzen dute. Kajondesastre bat da. Ipintzen duzu hori y te quitas de jaleos. Guk erabili izan dugu beharrezkoa izan delako baina nahiago dut transmaribollo sarea erabiltzea. Baina aldi berean zaila da noraino egin ahal zaion kritika mugimendu bati hain estigmatizatuta dagoenean. 

MARIMUTILA: Eragin nabaria izan du Katakrakek hor, horrelako liburu bat itzultzeak suposatzen duena komunitate bollerorako, baina termino ezagunenak marichico edo marimacho dira, marimutil ez delako nire inguruan erabiltzen. Guk normalean butchekin gehiago identifikatzen gara.

NORMALIZAZIOA: Horrek ere pereza. Normalizazio prozesu asko ematen ari dira baina azkenean erdiguneko posizio bat hartzeko bidean dagoen jendea da. Superbibentzia estrategia bezala ados, baina estrategia politiko gisa kontra nago.

ORIENTAZIO SEXUALA: Hasieran pereza, ez genuen erabiltzen, zerbait oso mugatua zen. Zeinekin oheratzen naiz. Baina pixkanaka zabaltzen joan gara eta pasa gara ez erabiltzetik gure eslogan printzipala izatera kasik. Gauza askoz gehiago da. Esanahia oso potentea da: norantz zaude orientatuta, norantz nahi duzu jo. Gaur egun asko gustatzen zait eta oso ondo deskribatzen du bollerismoa guretzat zer den. Ez da orientazioa, baina bada identitate sexu-generoa ardatz duena baina gauza gehiago dira, bizitzeko modu bat.

POLIMAITASUNA: Pixkat pereza. Alde batetik oso zaila da zer den esatea. Identifikatuago sentitzen naiz ‘harreman eredu ez monogamo’en terminoarekin. Horrekin ez gaude bikoteei buruz hitz egiten eta laguntasuna ere sar daiteke. Polimaitasuna batzuetan asko zentratzen da bikoteengan. Harreman eredu ez monogamoak badakar bestelako kritika bat. Despolitizatzen ari den termino bat da polimaitasuna. Indarra hartzen ari da eta deskafeinatzen hasi da, beti gertatzen den moduan. Netflixeko serieak mila daude tematika horrekin.

RADARRA: Fiablea da, fallatzen du, baina orokorrean todas son bolleras hasta que se demuestre lo contrario. Tresna bat da, kodigoak identifikatzeko. Fallatzen badu, la ilusión no te la quita nadie. Lagunekin jolasteko ondo dago. Elkarri bromak egiteko: radarra apurtu zaizu!

SEXILIOA: Guri ez zaigu hainbeste tokatu. Ni herri batetik etorri naiz eta 4 urte beranduago bueltatu naiz eta bueno… Gure sexilioa dira gure antolakuntza espazioak eta gure saretzeak. Hori gure belaunaldiaren perspektibatik. Kanpora joango bagina beste kutsu bat izango luke. Baina guk kanpora joan gabe lortu dugu sexilio batzuk sortzea.

TRAUMA: Motxilarekin lotzen dut asko eta desioaren gatazkarekin. Gure desioa ukatua izanagatik gaur egun beldur eta inseguritatea nabaritzen ditugu. Bollodramak potenteak dira, bolloen arteko binkuloak potenteak direlako, baina ez dira traumara heltzen, afektuarekin lotuko nuke gehiago. 

ULERTZEN DUZU? Horrek ez dit ezer esaten. Badakit zer den baina sekula ez dut erabili. 

ZORIONTASUNA: Bollurria. Zerbait iristen dena eta aprobetxatu behar da laster bukatzen delako. Zoriontsua izatea zer den ez dakit oso ondo. Bollera izateak klabe batzuk ematen dizkizu eta barne bake bat ematen dizu; tresnak autoezagutzarako eta ezagutza kolektiborako. Tresna hauek zoriontasuna eskaintzen dizute neurri batean.