“Edonon, edonoiz, kukuak euskaraz”. Argi Lertxundi

“Edonon, edonoiz, kukuak euskaraz”. Argi Lertxundi

“Edonon, edonoiz, kukuak euskaraz”

Argi Lertxundi bollera, euskalduna eta arrazializatua da. Pasaitarra da, baina kanpoaldera joan behar izan zuen bere subjektu politikoa eraikitzeko ekosistema egokia aurkitzeko, Granadan eta Katalunialdean topatu zuen, hain zuzen ere. Bertako mugimendu antiarrazista transfeminista eta okupetan militatu du. Zientzia politikoak ikasi ditu.

Berarentzat oso garrantzitsua da zapalketen arteko gurutzaketak egitea, nahiz eta askotan ez den erraza haien arteko oreka mantentzea: zenbait jenderekin bollera izaera aldarrikatzeko beharra sentitzen du eta beste egoera batzuetan euskararen alde jardutekoa. Hala ere, belaunaldi berriekin, gaurko gazteekin, Bollurria topaketen bidez, besteak beste, bollerak euskaraz elkartzen ari dira, elkarrekin gustura egoteko eta elkarrekin politikoki ekiteko, borrokak eta intersekzioak uztartuz. Hurrengo lerroetan, Argik bere pentsamoldea eta bizipenak partekatu ditu gurekin:

Euskararen erabilera, nortasun lesbikoarekin lotzen dugun neurrian, zapalkuntza desberdinak eta nortasun disidenteak borrokatzeko ibilgailu bilakatzen dugu. Ahots eta letra berriak eransten. Historian zehar zapaldutako hizkuntza bat, historian zehar desgaitutako harremanak eta praktikak izendatzeko ezinbesteko bitartekari bat bihurtu zaigu. Gure bizi logikak eta desirak despatriarkalizatzeko estrategia politiko bat. Amankomunean bizi izan daitezketen eta bizi beharko luketen borrokak.

Aspalditik, lesbianok gurea den errealitate euskalduna arnastu, hausnartu eta erraietatik sentitzeko behar kolektiboa daukagu. Horretarako bollera eta bollerazaleentzat bideratutako geroz eta espazio gehiago sortzea ezinbestekoa dirudi, bertan sukaldatzen den salda iraultzailea sekulako bilakaera eduki dezakeelako; edukitzen ari da. Bidea teorikoki erraza da; zapalkuntza historiko guztiak gordetzen dituen armairua euskaraz lehertarazten ari gara. Ahots eta letra berriak eransten. Bultzatu beharreko egitasmoetatik kanpo, euskaraz pentsatu, harremanak egin eta oheratu ahala, kosmobisio honi atxikitutako etimologia sortzen eta eraldatzen joango gara.

Gaur egun gutxiengoaren gutxiengoa izanda, identitate eta subjektu lesbiko anitzak geureganatzea ezinbestekoa egiten zait. Era guztietako zapalkuntzak ikusgai bihurtu eta aldarrikatzeko estrategia dual bat eraikitzen ari gara. Euskararen subjektu kolektiboa areagotu ahala subjektu desberdinak (lesbianok, transak, ez-bitarrak, arrazializatuak..) hizkuntzaren mugak eta erabilerak inklusiboak aniztuko direlakoan.

Behar afektibo eta emozionalekin lotutako hitzak, esamoldeak eta marko berriak eraikitzen gabiltza. Abertzaletasun eta kulturartekotasun arrazializatua ezagutzera ematen. Horretarako lesbianok behar dugu gure errealitateak, fantasiak eta afektibitatea islatzen/azaltzen dituen euskara bat, eta hori gure egunerokotasuneko garapen dialektikoarekin baino ez da etorriko. Kalean eta ohean, asanbladetan eta bollurrietan, kukuak euskaraz.

1.- Nire burua bollera politikatzat dudanetik, Euskal Herri mailan egunerokotasunean euskaraz izan ditut harremanak normaltasun osoz. Bollera izateko modu desberdinak dauden heinean, euskaraz bizitzeko eta jorratzeko modu anitzak daudela sinesten dut, nire bizitzan bien arteko batura edo gurutzaketa beharrezkoa iruditzen zaidan arren. Hitz eta adierazle berrietan murgildu baino gehiago, esango nuke nire inguruan lesbianok beste kode eta logika batzuen bitartez harremanak izaten saiatzen garela, emozioei sekulako garrantzia emanez; zaintzak, zaurgarritasunak, beldurrak eta intseguritateak erdigunean kokatzen ditugu. Halere, piku hitza, aluari erreferentzia egiten diona, ahoan daukagu etengabe.

2.- Bollurria: azkenengo bi urteetan urrian zehar Gizpuzkoa eta Iparralde inguruan antolatzen diren bollera topaketa kultural batzuk dira. Bertako helburua Euskal Herriko txoko guztietako bollerak elkartzea eta asialdian elkarrekin gozatzea da, izaera politiko eta euskaldunarekin. Autengo jardunaldiak Ereñozun, Azkainen, Oreretan eta Donostian egin ziren urriko asteburu bakoitzean.

3.- Feminismo intersekzionalak proposatutakoaren ildoa aprobetxatuz, nire egunerokotasunean jasaten ditudan zapalkuntzak modu horizontalean kokatzeko eta aldarrikatzeko beharra sentitzen det, espazioa eta beharraren arabera bata edo besteari indarra ematen diodan arren. Familia arrazializatu kontziente batean hezitua egonda, etxean nire lesbianitatea aldarrikatzeko beharra daukat, eta lagun artean berriz, nire nortasun arrazializatua erdian jartzeko beharra suertatzen zait batzuetan. Zapalkuntza desberdin horien arteko artikulazioak norabide eta denbora anitzak hartu ditzakeen arren, bide onean ari garela esango nuke, etengabeko hausnarketa eta berrikuspenean jarduteko ardurarekin jarraitzen badugu.

4.- Hitzei dagokionez, nire lehenengo inguru lesbikoetan kuku erabiltzen genuen, hasieran gure sexu joerak ez genituen politizatzen eta gure artean identifikatzeko besterik ez genuen erabiltzen. Gerora,  kolektiboaren talde izaera indartzeko eta bestelako konplizidadeak eraikitzeko tresna aparta zela ohartu ginen. Bestetik, batxilergoan, klasean, gremio hitza ikasi genuen. Esanahia gurera egokitu zitekeela aurreikusi eta zentzu generiko bat eman genion (tipx hau gremiokoa al da?). Erabilera nahiko errepikaria zen, eta gutxira hitza inguru lesbiko eta marika batzuetara zabaldu zela ikusi genuen.

Argi Lertxundi