EVA PÉREZ-PONS

EVA PÉREZ-PONS

EVA PÉREZ-PONS

Eva Perez-Pons Andrade (Lemoa, Bizkaia, 1996) bizkaitar poeta eta ingeniaria dela nabarmentzen du Wikipediak, baina esan digu ez dela ez bata ez bestea kontsideratzen. Mugimendu feministan, antimilitaristan eta LGTB mugimenduan ibilia dela nahiago du azpimarratu. Klitto atari digitalean kolaboratzaile aritu izan da. 

2020an argitaratu zuen bere lehen liburua, Zaharkitze programatua. Sinopsia: “Zaurgarritasunak ekartzen dituen kontraesanekin egingo du topo irakurleak poesia bilduma honen bertso lerroetako askotan. Izan ere, gorputza oso presente dago liburu guztian zehar; gorputzak sistemak dakartzan biolentziekin talka egitean hartzen dituen formak, gorputzen arteko eta gorputz propioarekiko erotismoa, isiltasunen presentzia, gorputzaren suspertzea…”

HORMA

Gonarekin jostatu ezinda
iltzatu zitzaidan lehen harria
txikia zen,
baina hain sakon sartu zitzaidan,
ezin izan bainuen sekula ere
barnetik atera.

Margo arrosak eta panpina panpoxak,
irri egiteko aginduak
eta nire lotsak.
Piztu zitzaidan nire kontra egingo zuen gorrotoa.
Puztu zitzaidan harritxoa.

Behin eta berriz egin nuen harekin estropezu,
baina malkorik ez,
hala agintzen zuen ustez aukeratutako motxilak.

Erortzeko beldurrez,
bidetik aurkitu nituen harri guztiak
zamatu nituen nire gain motxila higatu horretan,
eta gehiago ezin izan nuenean,
horma bat eraiki nuen harri haiekin guztiekin,
eta babes bila,
haren atzean ezkutatu nintzen.
Eta babes bila
horma zati bilakatu nintzen.


ELDARNIO HETEROSEXUALA

Gaizkiaren gizaseme hori,
askatasunaren izenean
desio ororen exekuziorako
eskubidea duzula uste duzu.

Liberal madarikatua,
zure tolerantziak urdaileko bihotzerrea eragiten dit,
berdin dizu
gutxiengo baten kontrako neurri murriztailea
edo kausa soziala den
zuri gustatzen zaizuna
estatu hierarkia garbitzea dela.

Eskubideak balira bezala
saltzen dizkidazu betebeharrak:
«Ezkondu zaitez, izan itzazu umeak»,
(hetero)araua gailentzen den
zure eskeman leku egiteko.
Baina, zer espero duzu?
Ea ohartzen zaren, bollerak garela,
lanaldi osokoak gainera!
Aliatu plantak egin arren,
ez natzaizu proletargoaz erdituko,
gurea politikoa da!

Eta orain esaten dizut
metamorfosi introspektibo prozesu betean
etengabeko autoebaluazioak egiten
birdefinitzen naizen honetan. Badakizu zer?
Aspertzen nauzula
zure egokitasunarekin, dena suntsitzen duzu;
pena da ez zarela
zaharkitze programatua duen
trastea.

Joder, ahizpa,
zelan behar dudan sarea.


SEX-ZU

Jakin-minaren kontradantzarik himnotikoenean
oinutsik
lurreratu naiz berriro
zure altzora.

Epel dago lurra.
Hizkuntzarik xamurrena topatzeko
hamaika aurpegiren olgeta didaktikoa:

Ekilibrista
zure aldaketan zehar.
Esploratzaile
zure dunetan barrena.
Astronomo
zure unibertsoko izar distiratsuenari so.
Homeopata
zure gorputzaren mugimendu sismiko plazeboenean.

Epeldu zaigu arnasa
bata bestearen kontra.
Erditu gara hitzez.

Zalantzek ez dute lekurik izan
gona erantzi duzunean,
bertan hasi baita
trasgresiorik garratzena,hondamendirik ederrena,
hizkuntzarik erradikalena


LENGUAIA KONPUTAZIONALA

Baten eta zeroen aro bitarrean,
marruskadurarik gabeko
(gain)azalen aldeko apustu
hauek ez baitute erresistentziarik egiten,
fin eta leun,
makina (erre)produktibo
distiratsu,
atsegingarri,
inpertsonalak,
beren buruak soilik ikusteko kapazak.

Dikotomiaz beteriko gorputzen artean
topatu du bere isla telefono mugikor, leiho zein ispilu batean
harrapatuta;
besteentzat iritzirako koadro dena
berarentzat autoestimuaren sinonimo dela
ulertu du finean.

Gizadi hedonistaren jokoa utzi egin du,
esaldi laburren
norgehiagoka erreza.

Ulertu du finean
egoa laztan birtualez elikatu duela,
begiradak gordetzen zuen distantzia
ukimenak desagerrarazi duela arodistiratsu,
atsegingarri,
inpertsonal
honetan, bere azalaren marruskadura koefizienteak
fintasuna marratzen duela.

Ulertu du finean
emoziorik gabe
ekintzarik ez dagoela