bizi / Leire Estévez del Palacio

"Identitateak malgu sentitu behar ditut nire barruan"

Hiru osagai aipatu ditu Leire Estevez del Palaciok bere burua aurkezteko. Gizarte hezitzailea da, euskalduna eta jatorri desberdinetako arbasoak ditu: Galizia, Extremadura, Asturias eta Zamora. “Horren guztiaren alaba naiz ni. Ez zait ateratzen esatea: ‘Leire naiz eta bisexuala naiz’. Agian hor badago zer hausnartu”.

Hausnartzeko gogoarekin heldu da Bilboko Martzana kaira arratsalde sargori batean, etxebizitza aldaketak libre utzi dion tarte batean. Aldaketak aldarrikatu ditu, hain zuzen ere: “Batek daki nola definituko dudan nire burua hogei urte barru!”. Identitate malguak behar ditu eta, aldi berean, premiazkoa deritzo bisexualitatearen berezitasunak eta zapalkuntzak izendatzeari, baita gune seguruak sortzeari ere.

Gogotsu bezain urduri eta zuhur agertu da elkarrizketan. Esan nahi dituenak idatzita ekarri ditu etxetik eta isilune luzeak hartu ditu hitzak ondo neurtzeko. Gogoeta interesgarri bat ekarri digu galderekin hasi aurretik: “LGTBIQ+ militantzietan bereziki zaurgarri agertzen gara, ari garelako hitz egiten harremanak izateko gure moduez, gure identitateez, gure gorputzez, nor maite dugun, nor desiratzen dugun…” ”intimitate” deitzen dugun horretaz, nolabait esateko.

Oso presente dauka armairutik ateratzea pribilegio bat izan daitekeela, hots, pertsona askok ezin izango dutela BiZi proiektuan parte hartu, egoera sozial edo familiarren erruz. “Dena den, pribilegioa izan arren, mugitzen nau sozializatze horrek. Elkarrizketa egiteko moduan nago, baina zaurgarri sentiarazten nau. Aldi berean, badakit erreferenteak behar ditugula. Benga, nire burua ikusgai egingo dut, baina zer suposatu dezake horrek nire bizitzan?”

Hasteko, zer da bisexualitatea zuretzat? Nola zeharkatzen zaitu?

Nire desira azaltzeko aurkitzen dudan definiziorik gertukoena da. Nire egungo praktika bolloa da, bizi-proiektua emakume batekin daukadalako. Iraganera joaten banaiz, momentu batzuetan heteroa izan da eta beste batzuetan bisexuala. Hala ere, ez naiz guztiz definitua sentitzen, gizonak ala emakumeak desiratzera mugatzen baitu bisexualitateak, jendartean ulertzen den bezala. Binarismo horretan kokatzen nau. 

Horrela ulertzen duzu orduan?

“Bi” horrek badirudi iruditeri binariora eramaten zaituela, baina ez dut uste horrela izan beharko litzakeenik… Eztabaida dezakegu!

Aktibismo bisexualeko ahots askok zalantzan jarri dute binarismoaren kontua; bereziki bisexual ez bitarrek. Definizio ez binario bat gailendu da: askotariko generoekiko erakarpena sentitzea. 

Ados, baina iruditzen zait beste modu batera ulertzen dela iruditeria kolektiboan: emakumeak eta gizonak gustuko ditugula. Esango nuke bollera edo marika bezalako kategoria bat behar dugula. Nire inguru politizatuan jendeak ez du bere burua homosexual gisa aurkezten. Interesgarria deritzot kritikotasun hori jasoko duen bestelako izen bat sortzeari bisexualontzat, iruditeria binariotik aterako dena. Sormen apur bat jar dezakegu gure burua izendatzeko. Seguruenik, gabezia horrek zerikusia dauka bisexualon komunitatea hain garatua ez egotearekin. Komunitatea behar dugu identitate politikoa sortzeko eta datozenentzat erreferente bilakatzeko. Nik esan dezaket adarbakar urdina naizela, baina adarbakar urdin gehiago beharko ditut. 

Desira da bisexualitatearen osagai bakarra? Marikek eta bollerek badute identitatearen beste gorputz bat sortua: orientazioaz gain, kokapena da, jarrera, mundua begiratzeko toki bat… 

Niretzat abiapuntua bada desira. Motore gisa ulertzen dut, zerbait aktibatzen duena, zerbaiten bila joateko. Badirudi desira ez dela politikoa eta, hortaz, ez dela egon behar erdigunean. Baina niri iruditzen zait desira badela eraldatzailea, edo izan daitekeela. Txikitatik esan digute zer desiatu ahal dugun eta zer ez. Tokatzen ez zaizun hori desiatzen baduzu, zigortzen zaituzte, izan begirada txar batekin zein komentario batekin. Aldi berean, batzuetan desirak badauka transgresorea izateko gaitasuna: niri sartu ahal didate mezu bat buruan, baina bat-batean ez dakit zerk berotuko nau. Ez dut esan nahi desira kontrolaezina denik, baina eman ahal dizu espero ez duzun zerbait, edo jendarteak espero ez duena. 

Alegia, desiraren alderdi irrazionalak zuzentasunarekin hauts dezakeela esan nahi duzu, ezta? 

Bai, horregatik nik identitateak malgu sentitu behar ditut nire barruan, izan bollera edo bi. Bestela inposatuak direla sentitzen dut, kondena moduan bizi ditut. Etiketa mugiezinen zurruntasunetik aterako den zerbait behar dut. Bollera hautu politiko gisa hartzeaz ari garenean, iruditzen zait desiraren ikuspuntutik badagoela hor zer aztertu. 

Emakume bisexualoi lesbiana politiko gisa izendatzeko gonbitea botatzen digu feminismoak…

Kostatzen zait nire identitatea horrela enkajatzea. Niretzat motorea beste bat da. Bollera izateak arrakala bat sortzen du, baina arrakalak sortzen ari gara denbora guztian. Sistemak planteatzen dizu A edo B desirari dagokionez, generoei dagokionez, gorputzei dagokionez… Baina gero, zeinek enkajatzen du erabat kutxa horietan? Oso jende gutxik. Etengabe gaude arrakaletan bizitzen: gorputz gizena badut, nire harremana normatiboa ez bada… Inportantea da jabetzea zuk gizartean arrakala hori sortzen duzula. Bizi ditudan zapalkuntzen kontzientzia politikoa hartzeak emango dit botere bat sistema eraldatzeko. Baina ez dut argi ikusten prozesua beste norabidean egitea, hau da, bollera edo bisexual izatea hautu moduan hartzea. Beste gauza bat da, zuk zure burua horrela bizi baduzu, jendartean zure burua bisexual gisa aurkezteko hautu politikoa egitea.

Orduan, bisexualitateak badu indar eraldatzailea?

Bollera identitatearen indar eraldatzailea da heteroarauarekin apurtzen duela. Bisexualitatearen indar eraldatzailea agian ez da hori bakarrik; bitartasuna ere apurtzen du. 

Ondo edo gaizki, aldeko edo kontrako, homo edo hetero… Dikotomiekin apurtzea eta dena zalantzan jartzea izan daiteke bisexualon ekarpen politikoa?

Hori da! Agian gaur lau haizetara oihukatu nahi dut bollera naizela, eta bihar bisexualitatea daukat a flor de piel. Berdin-berdin gertatu daiteke maketa eta euskalduna identitateekin. Identitate guzti horiek indar eraldatzaile bat izan dezakete, erabiltzen diren une eta helburuaren arabera.

Identitate zehatzak aldarrikatu baino, sexu askapenaren alde egin beharko genuke, Ehgam mugimenduak bezala?

Hor dantza bat dago: identitate malguak behar ditugu eta, aldi berean, bolleren eta mariken aurrean ditugun bereizgarritasunak izendatu behar ditugu. 

Olaia Garaialdek aitortu digu kostatu zaiola jendaurrean ez-bitar gisa aurkeztea, aurretik emakume identitatea pila bat aldarrikatzen zuelako. Aldaketa onartu behar genuke, baina denok gaude denon hemerotekei begira, koherentzia eske. 

Etengabe azalpenak emateko beharrak nekatzen nau. Pentsa genezake behin armairutik bisexual gisa aterata nahikoa izango dela, jendeak ulertuko dituelako zure mugimenduak. Baina ez da hain erraza bisexualitatearen armairutik ateratzea. Esango nuke bollera gisa ateratzea errazagoa dela, bai giro bolloetan zein giro heteronormatiboetan. Niretzat, behintzat, errazagoa izan da. Hasteko, kalean ikusten banaute nire bikotekidearekin, jende gehienak irakurriko du ni bolloa naizela. Halakoetan ez naiz hasiko argitzen gizonekin ere ibili naizela. Bestetik, bitartasunarekin apurtu dezakeelako sortzen du hainbeste gatazka bisexualitateak gizartean: “Definitu zaitez! Hemen bazaude, ez bueltatu hara!”. Ligeekin gertatu izan zait, haiek jakin nahi izatea zer gerta daitekeen etorkizunean. Hainbeste aztoratzen zaitu? Zerk kezkatzen zaitu zehazki? 

Bifobia identifikatzen duzu zure inguruan?

Oso nabarmen ikusten dut. Nik oso gutxitan esaten dut normaltasunez bisexuala naizela. Arbuioaren beldurra eta estigma daude sakonean. Ez badugu gure desira zehazten, zalantzatiak eta biziosoak gara. Barregura ematen dit, baina ez du graziarik! 

Bisexualen komunitatearen faltan, bollera izateak pertenentzia eskaintzen dizu. 

Guztiz. Ez dago bisexualon komunitate sendo bat egituratuta, esateko moduan: “Horiek nireak dira”.

Orduan, komunitate bolloan aitortzen badugu bisexualak garela, kanporatua izatearen beldur izango gara.

Hori da. Parte ez izatearen beldur gara. Egia da, inguru bolloetan ez dut askatasunez esaten bisexuala naizenik.

Askotan, bikote monosexualentzat gure sexualitatea mehatxua da, edo ezinegona sortzen duen mamu moduko bat. Hala bizi izan duzu?

Hori baino, praktikei dagokionez iragan heteroa izan dugunok epaia jaso dugu mundu bolloan sartu garenean: “Hemen al zaude probatzeko? Zenbateraino ari zara serio hartzen gaia?” Bestalde, iruditzen zait gizon bikotekideak daudela bereziki estigmatizatuak: “Bollera batekin egon zara, mutil!” Gizonek badute halako matxake potente bat hor, eta sakonean homofobia zein bifobia daudela esango nuke.

Feminismoak bidea eman digu desira lesbikoa esploratzeko, ez ordea bisexualitatea aldarrikatzeko. 

Bai, feminismoak baimena eta esparru seguru bat eman zizkidan urtetan sentitu izan nuen emakumeekiko desira bizitzeko. Ez da berdin gertatzen bisexualitatearekin. Hala ere, esango nuke duela urte gutxirekin konparatuko bagenu, aurrera pausoak eman direla. Ekainaren 28 inguruko ekintzetan sumatu dut, eta indar handiko erreferente bisexualak ezagutarazi dira azken boladan.  Horrek ate bat zabaltzen du bisexualitatearen normalizaziorantz. Asko gaude ezleku honetan!

Erreferenteak izan dituzu zuk?

Frida Kahlo aipatu nezake; feminista askok izan dugu erreferente. Bazuen harremana beste emakume batekin. Zergatik ez dugu argi eta garbi esaten bisexuala zela? Frida Kahlo bisexuala zen! Chanelek esan berri du bisexuala dela. Inportantea iruditzen zait!

Ikusgarritasuna da bisexualon lehenengo erronka. Eta gero zer? Zein izan daiteke gure agenda eta gure lekua LGTB mugimenduaren barruan?

Beharrezkoa da azpimarratzea bisexualitateak badaukala zapalkuntza propio eta zehatza. Badirudi ni zapaldua izango naizela bizimodu bolleroa daramadan aldetik, eta ez bisexuala izateagatik. Baina gizon batekin banago ere, bisexual gisa armairu barruan egon behar banaiz, hori zapalkuntza bifoboa da. Gure aldarriak gatazka eta frikzioa sortuko du LGTB+ komunitatearen barruan. Ez da kasualitatea orain arte komunitate bia sortu ez izana. Gero eta zabalagoa izango den marko bat eraiki behar dugu, denok sartuko garen marko bat, eta horretarako beharrezkoa da aldarrikatzea existitzen garela, gure berezitasunekin. Arauak aniztasuna ukatzen du. Aukera guztiak bisibilizatu behar ditugu. Bisexualontzat gune seguruak behar ditugu.