“Euskaltzaletasunak erakutsi dizkidan tresnak gure identitate mariokerra eraikitzeko erabili nahi nituzke”. Maren Zubeldia

“Euskaltzaletasunak erakutsi dizkidan tresnak gure identitate mariokerra eraikitzeko erabili nahi nituzke”. Maren Zubeldia

“Euskaltzaletasunak erakutsi dizkidan tresnak gure identitate mariokerra eraikitzeko erabili nahi nituzke”

Zinegoak jaialdiko ikusle izatetik lankide bihurtzera igaro zen Maren Zubeldia 2016. urtean. Egun, film laburren ekoizpenaren arduraduna da. Familia euskaldunean hazia eta Donostiako mugimendu feministarekin ibilia, bere lesbianismoa euskaraz bizitzeko aukera izan du Zubeldiak, baita bi alor horiek elkarlotzeko ere: “Hizkuntzak identitatea eskaintzen digu, lesbianismoak bezain beste”.

Nola bizi duzu lesbianismoaren eta euskaltzaletasunaren arteko harremana?

Euskara ama hizkuntza dut, eta etxean txikitatik ikusi dugu hizkuntza tresna politiko gisa. Gure hizkuntza, txikia eta berezia, gure nortasunaren eta izanaren pilare sendoa izan da. Gure ama hizkuntza irakaslea da, eta beti ulertu dugu hizkuntza bizirik dagoen altxor bat dela, eraldaldatzen eta hazten doan zerbait.  Amak euskara ondo zaintzeko aholkua eman izan digu beti, hizkuntza kultura tresna moduan erabiltzen irakatsi digu, eta jakina, honek bizitzako esparru guztiak zeharkatzen dituela jabetzen naiz orain. 

Zer hizkuntza eta hau erabiltzen dugun moduak gure nortasuna eraikitzen du, eta gure kultura jantzi. Hizkuntzak identitatea eskaintzen digu, lesbianismoak bezain beste. Euskaltzaletasunak erakutsi dizkidan tresnak gure identitate mariokerra eraikitzeko erabili nahi nituzke. Horregatik, euskaltzaletasuna borroka lesbofeministaren parte izatea garrantzizkoa dela esango nuke.

Euskaraz bizitzea euskara erabiltzea da, euskaraz maitatzea, idaztea, militatzea, amestea, irakurtzea, filmatzea. Horrela bizi dut euskara eta lesbianismoaren arteko harremana. Hizkuntzak borrokarako tresnak ematen dizkit, eta amak erakutsi zigulako edo, hizkuntzak maite ditut, zentzu guztietan: hitzez, idatziz, kantuan eta irudietan.

Aukera izan al duzu zure lesbianismoa euskaraz bizitzeko? Zeintzuk esparruetan bai eta zeintzuetan ez? (Militantzian, bikote edo ligoteoan, jai giroan, ligatzeko app-etan…)

Nik uste dut euskal giro feminista batean mugituz gero euskaraz ligatzeko aukera egon badagoela. Euskal ligoteoan pentsatzen jartzen naizenean, anekdota bat etortzen zait beti burura. Beti pentsatu izan dut euskaldunak oso zortedunak garela, gure hizkuntzan genero bereizketarik ez dugulako. Askotan estrategia moduan erabili dezakegu hau. Zertarako bereiztu, ezta? 

Zinema tailer batean parte hartu nuen duela urte batzuk, eta oso gustuko nuen neska bat zegoen. Atsedenaldi tarte batean, Argentinan bizi izan zituen urteei buruz hitz egin zidan, sukaldari batez maintemindu eta bertan geratzea erabaki omen zuen. Sukaldariari buruzko istorioak kontatzen zizkidan, modu oso dibertigarrian gainera. Nik, aldiz, ezin nuen arreta osoa ipini, galdera zehatz batek atentzio osoa kentzen zidan eta: “Sukaldaria, emakumezkoa ala gizonezkoa izango ote da…?”

Zein da Zinegoakeko errealitate linguistikoa? Zertarako erabiltzen duzue euskara? Zeintzuk dira zure bizipenak euskararekin elkartearen barruan?

Zinegoak jaialdiak euskararekiko konpromezu handia duela uste dut. Hizkuntza minorizatu baten aurrean gaudela ondo dakigu. Hortaz, programazioak zein komunikazioak asko zaintzen dute euskara. Filmen gehiengoa euskarazko azpitituloekin proiektatzen da, eta komunikazio osoa elebiduna da. 

Lantalde anitza daukagunez, euskaraz gain española ere erabiltzen dugu. Hala ere, kide guztiok dugu harremana nola edo hala hizkuntzarekin: batzuetan bilerak berandutu behar ditugu euskaltegiko ordutegiak direla eta.

Filmentzako, Zinegoak mundura begirako leiho bat dela iruditzen zaigu. Euskal zinema eta euskal kulturak beharrezko duen leihoa. ERROAK laburmetraien atalak euskal ekoizpenak jasotzen ditu, urtero-urtero genero aniztasuna lantzen duten lanak haien lekua Zinegoaken aurkitzen dute.

Eztabaidatu duzue zein leku izan behar lukeen euskarak zuen jardueretan?

Nik Zinegoak 2014. urtean ezagutu nuen. Unibertsitate ikasketak egiten nituela, ikusle gisa bizi nuen hasieran jaialdia. 2016-ko edizioan lantaldearen parte izan nintzen lehengo aldiz. Nere esperientzian, beti sentitu izan dut euskararen erabilera  modu arduratsuan egiten dela. 

Lantaldean nabilenetik, euskararen presentzia areagotzea eta indartzea izan da helburu nagusienetako bat. Zuzendaritzatik hasita, komunikazio lantaldean zein gonbidatuen antolaketan, euskarak bere lekua du. HEDAPEN programan ere, udaletxeekiko komunikazioa euskaraz ematen den zerbait da. Lantaldeko kide guztiek dugu euskara kontutan eta, ehuneko ehunean erabiltzen ez dugun arren, gero eta gehiago zaintzen eta erabiltzen saiatzen gara. Esan bezala, lankide ugari euskaltegian dabiltza.

Boluntario zein epaimahakide gisa dabilenak ere jakingo du euskaraz bizi nahi izanez gero, Zinegoaken aukera hau izango duela. Horrelako taldeetan askotan española da menperatzen duen hizkuntza -hainbat arrazoiengatik-, eta egia da dinamika erdaldunak sortzen direla. Baina askotan euskaraz mintzatzen duenak konplizitate txiki hori bilatzen du; oso maiz euskarazko dinamikak ere sortzen dira eta egoera hauek ederrak direla iruditzen zait.

Urteetan egin den lanaren ondorio da, eta uste dut bide hau jarraituko duela jaialdiak. Azkenean, kultura eta hizkuntza zaintzearen ardura ere badu horrelako zinema jaialdi batek.

Euskal Herriko mugimendu lesbofeminista hasieran oso erdalduna zen eta denborarekin euskalduntzen joan da. Ados al zaude baieztapen honekin?

Euskal Herrian izan dugun egoera linguistikoak borroka guztiak zeharkatu dituela imajinatzen dut. 86. urtean Euskadiko talde feministen koordinadorak Sorginak aldizkarian “Lesbianak, zergatik ez?” bezalako artikuluak argitaratzen zituen, eta euskarazko edukia egon bazegoen. Pentsatzen dut hizkuntzak gero eta presentzia handiagoa hartzen joan dela, euskal gizartean gertatu den bezala.

Nik Donostiako mugimendu lesbofeminista izan dut eredu, eta mugimendua euskaltzalea dela uste dut. Elebidunak gara, erdarazko dinamikak sor daitezke, baina euskaraz dakienak beti lehen hitza euskaraz egin ohi du. Eta ez dakiena ere, askotan lehen berba euskaraz egitera ausartzen da.

Lesbianen euskarazko erreferente historiko gisa, ESAM aipatuko nuke, 1979n sortu zen Emakumearen sexu askatasunerako mugimendua.

Euskara egoera diglosiko batean dago eta globalizazioak areagotu du haren bazterketa. Erabiltzen ditugun termino edo kontzeptu asko ingelesetik edo gaztelaniatik hartutakoak dira. Euskalgintzatik horren aurrean euskarazko hitzak bilatzera edo sortzera animatzen gaituzte. Zer uste duzu honi buruz?

Kuir mundua ezagutzen hasi nintzenean, eduki nituen erreferentziak ez ziren euskaldunak. Gaztetatik izan naiz pelikulazalea, eta orduak pasa ditut interneten filmak bilatzen, ikusten, hauei buruz irakurtzen. Alemanak, estatubatuarrak, espainiarrak, frantsesak, suediarrak edo japoniarrak ziren. Nork ez zuen L word behin baino gehiagotan ikusi? Nolakoa litzake L mundua deitzen den telesaila, euskalduna balitz? Eta nor ez zen poztu Naroa Agirre eta Itziar Ituño Goenkalen bikote izan zirenean?

Euskarazko erreferentziak edukitzea aberasgarria dela uste dut. Hitz berriak sortzea, orain arte inposatu dizkiguten terminoetaz aldentzea eta nahi ditugunak aukeratzea tokatzen zaigu. Hizkuntza bizia badago, eraldatzen doalako da. Sor ditzagun hitz berriak, erabili dezagun euskara gure erreferentzia propioak sortzeko. Mintza dezagun euskaraz, kalean, militantzian, kantuan, filmetan edota ohean. Garaia da hiztegian gure lekua izan dezagun. 

Zer iruditzen zaizu lesbianismoak euskal zineman eta telesailetan duen presentzia eta trataera?

Euskal Zinema edo telebistan ez ditut erreferentzia lesbiko ugari aurkitu. Bilatu izan ditut LGTBIQ+ etiketa dituzten pelikula euskaldunak. Egia esan, Zinegoaken laburmetraien programazioan ibiltzeagatik oso zorteduna naizela pentsatzen dut maiz. Urteko euskal ekoizpenak ikusten ditugu, eta gero eta gehiago euskaraz izaten dira. 

Orain arte euskarazko zineman pertsatzen jartzen banaiz eta erreferentetzat ditudan emakumeengan pentsatzen badut, Moriartien 80 Egunean datorkit burura. Zer goxoak diren Itziar Aranburu eta Mariasun Pagoaga film horretan! 

Koldo Almandozek zuzendutako Ondar ahoak-en Sara Cozar eta Nagore Aranbururen pertsonaien arteko affair misteriotsu hori ere aipatu beharra dago. Nahiz eta hau tramaren gai nagusian ez izan, gero eta erreferente gehiago sortzen joango garela iruditzen zait. 

Bi adibide bururatu zaizkit, eta biak gizonezko zuzendariak dituzte. Larritu gaitezke baina neurrian. Bagoaz emakume zuzendarien izenak entzuten. Zinegoaken Tamara Lucariniren lanak ikusi ditugu, Maider Oleagak duela hilabete batzuk laburmetrai bat filmatu zuen eta Esti Urresola ere lanean dabilela entzun dut.

Iaz Euskal opil hiztegia egin genuen Zinegoak jaialdirako. Zer iritzi duzu horren inguruan? Bertako hitzak ezagutzen edo erabiltzen dituzu?

Bollo hiztegia proiektu oso interesgarria da! Glosario luze bat sortu beharko genuke, eta gero patrikako edizioan argitatu, nahi diozunari oparitzeko. Gazteak ginenean kukua terminoa erabiltzen genuen. Urteetan erabili genuen, baina orain bollera esaten dugu maiz. Ez dakit oso ondo nondik datorren kukua hitza, gu baino helduagoak zirenei entzuten genien. Euskal Herrian askotan entzun ohi dut kuku-hotsa, gehiagotan erabiltzen hasiko naiz!

Animatuko gaituzu aurtengo Zinegoak zinemaldia bisitatzera?

Oker ez banago, Zinegoakek lau urte daramatza euskal panorama bat aurkezten. Euskarazko lanak ere ekoizten dira; batez ere laburmetraiekin lanean dabiltzaten zuzendariak aipatuko nituzke. 

Euskaraz zein erdaraz, edota beste edozein hizkuntzatan, lumatza erakusteko edizioa da aurtengoa. Zine areto barruan zein kanpoko istorioez gozatuz, jaialdi berezi bat bizitzeko aukera izango dugu Bilbon otsailaren 28tik martxoaren 7 bitartean.