“Lesbianen artean ‘la vasca’ izatetik euskarazko bilerak xuxurlatzera pasa gara belaunaldi batean”. 7menos20 taldea

“Lesbianen artean ‘la vasca’ izatetik euskarazko bilerak xuxurlatzera pasa gara belaunaldi batean”. 7menos20 taldea

“Lesbianen artean ‘la vasca’ izatetik euskarazko bilerak xuxurlatzera pasa gara belaunaldi batean”

7menos20 taldeak anekdota asko ditu: The L word telesaila ikusteko elkartzen hasi ziren eta bollerentzako “gela ilun” bat eskaintzen zuen akanpada bat antolatu zuten. 2000. urtearen lehen hamarkadan transfeminismoa eta king tailerrak Euskal Herrian zabaltzen hasi ziren talde lesbofeministetako bat izan zen. Umorez gogoratzen dituzte Gasteizko ekainaren 28ko manifarako leloak euskaldundu nahian egin zuten esfortzua edota Sukubo gunean programatu zituzten hitzaldi eta topaketak. Euskararen presentzia eta erabilera txikiak ziren haiek hasi zirenean, eta hazten ikusi dute azken urteotan.

Gasteizko Bodegón Gorbean elkarrizketa umoretsua izan dugu Txiki, Elena eta Mon kideekin.

Hasteko, lesbianismoa eta euskararen arteko harremana kokatuko dugu Gasteizen. Nolakoa izan da harreman horren bilakaera azken urteotan?

T: Izugarria izan da. Ni gogoratzen naiz, armairutik atera nintzenean, 94. urtean edo, anbientean edo lesbianak zeuden tokietan deitzen zidatela la vasca. Gaur egun, uste dut Gasteizeko lesbianen mundua euskalduna dela. Garai hartan bakarrenetarikoa nintzen eta gaur egun erdalduna denari euskaraz esaten dena itzultzen zaio.

E: Ni irten nintzenean, handik urte batzuetara, anbientea erdalduna; baita mugimendu feminista ere. Bilgunen bazeuden euskaldunak, baina militantzia feminista gehiena gazteleraz egiten zen. 

Zein izan da 7menos20taldearen harremana euskararekin?

E: Euskarari dagokionez, kontuan izan genuen gauza bat kartelak izan ziren, nahiz eta batzuetan gaizki itzulita egon ziren eta jardunaldiak gazteleraz izan ziren. Gure taldean erdia euskalduna eta erdia erdalduna ginen. Egoera horretan, gaztelania zen lan egiteko hizkuntza. Baina, aukera izan dugunean, euskararen presentzia bermatuta egon da. Euskaraz egiten ez dutenek ere baloratu izan dute euskara, nahiz eta gero gure aktibismoa erdaraz egin. 

M: Emakume asanbladarekin harremana genuen. Beraiek gaztelaniaz hitz egiten zuten.

E: Nik uste guri bezala gertatzen zitzaiela, askok edo erdiak bazekiten euskaraz baina bilerak erdaraz egiten zituzten. Ekintzetan saiatzen ginen bi hizkuntzak sartzen.

M: Manifestuetan bai, euskara bazegoen.

E: Bai, eta pankartetan. Beti saiatzen ginen euskaraz ere jartzen.

M: Garai batean, dena desdoblatu behar zen, euskaraz eta erdaraz, eta orduan erabaki genuen dena euskaraz jartzea. Azken aldiko kartel asko euskaraz gogoratzen ditut. Behintzat data; leloa bi hizkuntzatan agertzen zen. Esketx bat ere euskaraz egin genuen, beste guztiak gaztelaniaz izan ziren arren.

E: Ez genuen euskara erabiltzen, baina bai genuen presente.

 

Nola jaio zen 7menos20?

E: Ez genuen denok elkar ezagutzen, baina Leticiaren etxean elkartzen hasi ginen The L word ikusteko, eta hor bazen jendea lehendik aktibismoan ibilitakoa. Bertatik irten zen akanpada bat egiteko ideia eta egin genuen. Hortik indartuta atera ginen eta erabaki genuen, Gasteizen bolleren aktibismoan geldialdi bat egon zenez, talde bat osatzea, hutsune hori betetzeko asmoarekin. Askotan kontatu dugu izenaren jatorria: zazpi kide ginen, kontuak gaizki egin genituen akanpadako sarreraren kopurua zehaztean eta kobratu genituen 20 euro gutxiago pertsonako.

T: Desmobilizazio urte batzuetatik gentozen, 2000tik 2005era gutxi gora behera, egiten genituen Ekainak 28ak a salto de mata. 2005ean normalizazio legea etorri zen eta gizartean dena lortuta zegoen sentsazioa hedatzen hasi zen. Horrek ere lagundu zuen, gauzak modu desberdinean egiteko gogoa piztu zigun. Pixka bat geroago diskurtso berriak etortzen hasi ziren eta erakarrita sentitu ginen. Gogoa eta denbora genituen, hori da garrantzitsuena. Indarra eta gaztetasuna ere bai. Baina ez dut aktibismoa gaztetasunarekin lotu nahi, ze hori oso heteropatriarkala da. 

E: Nik gogoratzen dut akanpada egin genuenean cuarto oscuro bat ipini genuela eta Donostin taberna batean ez zutela kartela jarri nahi. “Encuentro bollero” oso gogorra egiten zitzaiolako tabernariari eta kartelean agertzen ziren irudiak ere bai; dildoak eta arnesak ziren.

T: Oso erradikalak ginen. Bolleren sexualitatea azaldu nahi genuen. Horren inguruan hausnartzen hasi ginen: cuarto oscuroak ez ditugu erabiltzen ez daudelako? Ez daudelako ondo eginda? Nik beti esaten dut gurea lehenengoa izan zela estatu espainiarrean. Ja, ja, ja. Baina berdin da. Nahi genuen probatu akanpada egiten bagenuen jendea hurbilduko zen ala ez. Eta beno, uste dut funtzionatu zuela. Hor egon ziren batzuek baietz diote.

M: Ez dakigu leyenda urbana izan zen ala ez, baina jendeak baietz esan zuen. Mugimendua egon zela bertan.

T: Tabu asko apurtu ziren. Jendea sexuari buruz hitz egiten hasi zen eta hori ere berria zen.

E: King tailer bat ere egon zen eta horrek ere polemika handia sortu zuen. Garai horretan oraindik ere nahiko apurtzailea zen hori. 

T: Nahiko berria zen.

E: Gauza asko azalarazten zituen tailerrak.

King tailerren erreferenteetako bat izan zineten Euskal Herrian.

E: Ez dut uste. Erreferenteak Medeak izan ziren. 

T: Gasteizen igual bai.

E: Bi bakarrik egin genituen eta bigarrena izan zen jendeak eskatzen zuelako. 

M: Bat Gaztetxean antolatu genuen.

E: Eta bestea Sukubon egin zen.

M: Guk Medeaken olatua hartu genuen.

T: Euskal Herrian lau katu ginen eta gu lau horietariko bat ginen. Hori egia da. Orain laurehun mila daude, baina…

E: Leticia, Maria eta Marta akanpada baino lehen egon ziren Medeakekoekin biltzen tailerrak prestatzeko.

Euskarara itzulita, euskaraz orduan bakarrik kartelak, pankartak eta manifestuak?

M: Heldu zen momentu bat bai pentsatu genuela bi hizkuntzak erabiltzen genituela eta agian euskara gehiago erabili behar genuela. Eta ez zekiena igual esfortzua egiten hasi beharko zela.

T: Hasieran nahi genion azaldu gure diskurtsoa jendeari eta azkenean bukatu genuen esaten: nahi duenak ulertuko du, euskaraz edo erdaraz, ez badituzte gure hitz arraroak ulertzen, berdin zaigu. Bilakaera bat egon zen.

E: Taldean elkarrekin egiten genituen gauzak. Beste talde batzuekin bildu behar ginenean manifestu bat adosteko, adibidez, tira-bira gehiago izaten genuen.

T: Gure diskurtsoa garai hartan batzuetan ez zen ulertzen eta batzuetan erasotuak sentitu ginen, “arraroak” ginelako, baina bueno, hori historikoki gertatu izan da lesbianen munduan. Ez da ezer berria. Gaur egun diskurtso hori leku guztietan dago.

E: Manifetan botatzen ditugun lema gehienak gaztelaniaz dira. Euskarazkoak bilatzen saiatzen gara, beste herri batzuetan entzuten ditugunak jasotzen eta hona ekartzen.

T: Egin izan diren mani nazional gutxi horiek oso onak izan dira lemak euskaraz jasotzeko. Autokritika hori beti egin izan dugu.

E: Mani batean botatzen dituzun leloak errima bat edo erritmo bat izan behar du, kantatzeko modukoa izan behar da. Eta, klaro, guk euskaraz…

M: Lehenengo urtean errepikatzen genuena zen: esaldia ez da doinuan sartzen!

E: Helburua zarata sortzea da.

T: Eta jendea animatzea eta Gasteiz euskalduntzen jarraitzea…

Egin dezagun genealogia pixka bat orain. Zuen aurretik ze talde lesbofeminista egon zen Gasteizen?

T: ALA izan zen Gasteizko lesbianen lehen taldea, niretzako nire erreferenteak ziren. Horiek bai ziren lau katu. Eta garai horretan ezin izan zuten eskola publikoan ikasi eta orduan ez zekiten euskeraz. Beraien akanpadak eta beraien kartelak oso famatuak egin ziren. 90eko hamarkadan ibili ziren eta azkenean gauza batzuk elkarrekin egin genituen. Oso ona izan zen egin zuten aluen zutabe hori. Kartel bat atera zuten: “Lesbiana qué coño quieres”. Emakumeen gorputz atalen erakusketa batetik zetorren. Eta hori garai hartan ez zen oso ohikoa. Eta ahaztu zaigu esatea, baina hemen Arakis ere egon zen. Gasteizen oso gauza guapoak egon dira. Jack Halberstam etorri da, adibidez. Londresen imaginatzen dituzunak Gasteizen egon dira. 

E: Oso jende ona etorri da, oso potentea, baita Sukubon egindako hitzaldietara ere. 

 

A: Lehen aipatu duzue mugimendu bolleroan eta mugimendu feministan nagusiki erdaraz egiten zela.

E: Mugimenduan erdaraz hitz egitearena denborarekin aldatu da. Orain xuxurlariaren figurarekin euskaraz egiten dira bilerak. Lehen desberdin egiten zen. Sukuboko hitzaldi gehienak erderaz izan ziren, adibidez. Kanpoko jendea etortzen zen, eta klaro. Baina saiatzen ginen tarteka euskaraz ere gauzak egiten. Genero ariketak liburuaren aurkezpena, adibidez.

T: Euskaraz liburu aurkezpen gutxiago daude. Eta egiten zirenean jende gutxiago etortzen zen.

Joan gaitezen orain Zinegoak eta Histeria kolektiboarekin Junek eta biok egin dugun glosategira. Bertan bildu ditugu han eta hemen lesbianismoari buruz hitz egiteko euskaraz erabiltzen diren hitzak eta propio asmatu edo sortutakoak ere. Zuek erabiltzen dituzue hitzak euskaraz?

M: Guk ez genuen hitz berririk sortu. Gehienbat erdaratik hartzen genituen. Gaztelaniatik edo ingelesetik. Hasieran bollera, lesbiana ezagunak ziren. Guk hitz horiei ipini nahi genien kutsu positiboa eta kutsu politikoa.

E: Garai horretan irten ziren euskal hitzak ez genituen erabiltzen, adibidez soropila.

T: Arrotz egiten zitzaikigulako.

E: Guk bollera erabiltzen genuen.

M: Erdaraz komunikatzen ginen eta horregatik ez genuen erabiltzen marimutil, adibidez.

T: Nik erabiltzen dut orain gehiago, Marimutil handi baten bluesa liburua irakurri eta gero.

M: Soropila atera zenean gure intentzioa ez zegoen hor jarrita. Sortu zenean gu bageneramatzan urte batzuk horretan, agian hasierako urtea izan balitz erabiliko genukeen. Orduan ez genuen argi ikusi.

Amaitzeko, gaur egungo mugimendu feministaren erronka berria emakume arrazializatuen ikusgarritasuna eta borroka dira. Kolektibo honentzat batzuetan euskara oztopo edo arazo izan da. Nola uztartu daitezke kulturartekotasuna, feminismoa eta euskara?

T: Bai, aniztasun kulturalarena da gaur egun daukagun erronka.

E: Zaila da, segun zer edo zertarako den ez da erraza euskaraz jarraitzea batzuentzat.

T: Gauza asko gainditu behar dira, baina hizkuntza oztopo bat izan daiteke. Komunikazio arazoak egoten dira.

M: Nahiz eta hizkuntza bera erabili, kasu askotan.

T: Euskalgintzak egin behar duena da gauza erakargarriak sortu. Euskaraz dauden gauza interesgarriak oso gutxi dira. ETB1en dagoena ez da gertuko moduan sentitzen. Euskal mundua askatu behar da.

ALFABETOAREN JOLASA

Armairua: Ekainaren 28ko manifan Virgen Blancan egin genuen performance bat. Mania hasi zen jende guztia armairutik irteten, hortik pasatu behar zen. Oso polita izan zen.

Bollo, bollera: Etxea, gu, taldea.

Derrigorrezko heterosexualitatea: Gezurra! Bueno, gezur inposatua. Egunero bizi duguna.

Ekainaren 28a: Borroka eguna baina festa eguna ere guretzako. Urte askotan oso modu politikoan bizi izan duguna, baina gustora, elkarrekin eta umorez. Pixka bat guztion urtebetetzea izango balitz bezala. Lagunekin elkartzea eta borroka egitea. Lelo bat: ‘Bollera da bide bakarra’.

Feminismoa: Niretzat kriston mundua ireki zidana (E). Ni salbatu ninduena (T). Beste etxea (M).

Gay: LGTB piramidearen goiko partea, zuria bada.

Hipersexualizazioa: …

Izena duenak izana du: Aipatzen ez dena ez da existitzen. Gure militantziaren parte bat hori da, ikusgarritasuna. Eguneroko borroka.

Jaia: Ekainak 28.

Kalea: Ekainak 28 eta Martxoak 8.

LGTBIAQ+: komunitate osoa, bakoitzak nahi duen moduan definitzen du bere burua.

Marimutila: Pluma. Erreferenteak.

Normalizazioa (ezkontza, amatasuna): Niri beldurra ematen didaten hitzak dira, ez zait asko gustatzen ea zer den normala eta zer ez, ezta? Gauza asko galdu ditzakegu bidetik. Sistemaren arma bat da gu geldiarazteko. Plazeboa.

Orientazio sexuala: …

Polimaitasuna: Oraindik eztabaidatzeko dagoen zerbait (T). Ez dakit ondo ulertu dugun (M). Modan jartzen diren ekintzak dira eta gero praktikak ea nolakoak diren. Bizi behar da askatasunez eta gero poli edo bakoitzak ikusiko du zein hitz erabiltzen duen (E). Niretzat inportantea da ebaluazioa, hasieran zirudien izango zela “la panacea”, baina orain esperientziak daudela ebaluazioa zein da? (T). Nik uste dut erlazioak beste modu batean bizitzeko aukera dela eta ez dakit guztiok izan behar dugun aukera hori, baina aukera moduan egotea ondo dago (E). Ebaluazioaz ari naizenean gure adineko jendearen inguruan ari naiz hitz egiten, baina egia da, 20 urteko jendea oso poliamorosoa dela eta uste dut oso ondo eramaten dutela. Guk teorikoki genuen helburu hori beraiek praktikatzen ari dira. Beraz, helburua lortu dugu (T). Ez, baina ebaluazioa nahi dugu (M). Aber bollodramekin bukatzen dugun! (T) Nahiz ta poliamorrik ez egon nik uste dut bollodramak hor daudela, asike… (E) Horrelako gauzak ere ez dira amaitu behar (M). Jajajaja! Identitatearekin batera dator (T) Bollodrama bollo drama da (E) Jajajaja.

Radarra: Baduguna (E). Heteroak izorratzen dituen gauza bat (T). Saiatzen dira, baina… (M)

Sexilioa: Zoritxarrez gertatzen dena. Badago jendea bere herritik joan behar dena… (E). Gutxi hitz egiten da honi buruz, esaten dena baino gehiago gertatzen da, jende asko dago etorri behar dena (T). Etortzen zait burura Itziar Ziga, ez dakit berak esan zuen Kataluniara joan behar izan zela, Bartzelonara joan zela sexilioagatik… (M). Gure inguruan gehien entzun ditugun sexilioak Bilbo eta Madril dira. Logroño ere bai (M). Baina hori lehen, orain nik gehien ezagutu izan dudana da latinoamerikatik estatu espainolera etorri den jendea da. Igual lehen gehiago, baina ez dakit, herri txiki batean bizitzea… (E)

Trauma: Nik ez dakit erlazionatuko nukeen bollo munduarekin (E). Aber, guztiok joan gara sikologo batengana (M). Baina hori ona da (E). Guztiok joan behar gara igual (T). Guztiok dugu zerbait, yasta (M). Hori egia da, baina nik ez nuke batuko mugimenduarekin edo gurekin (E). Ez (T). Guk beste modu batean pentsatzen dugu (E). Hori da bollodramaren indikadore bat (M). Eta gero zoaz zu terapeutarengana hitzaldiak ematera (T). Hori da! (E). Hori ere gertatzen da. Eske ez nau ulertzen! (T) Jajajaja.

Ulertzen duzu?: Klaro! (T). Bai (E). Bai (M).

Zoriontasuna: Gaurko topaketa adibidez. Elkar ikustea (E). Eta hizkuntza berdinean hitz egitea, ez erderaz, baizik eta bollofeministan (T).

M: Alfabetoa First dates-eko zerrenda bat iruditu zait une batean.

E: Leticiak (taldeko erdaldunetako batek) azken bi urteetan hitzak euskaraz erabiltzen zituen: ‘la ekintza’, ez dakit zer, azkenean bere posoa utzi zuen.

T: Leticiak asko hitz egiten zuen komunitateari buruz, nik uste dut komunitatea badagoela, radarrekin batera, ez? 

A: Komunitatea lehen elkartzen zen ekainaren 28an eta anbientean, baina orain… 

T: Eske aldatu da dena.

M: Bai, elkartzeko moduak, ligatzekoak… 

T: Bai, baina adibidez, zu azaroak 25eko manira bazoaz eta txoko batean bollera bat ikusten baduzu, hori da zure komunitatea, zu norekin identifikatzen zara hor? Ba hori da. 

E: El meneillo.