Sébastien Lifshitz, Zinegoak 2021 Ohorezko Saria: Ikusezina ikusgarri bihurtzeko magia

Sébastien Lifshitz, Zinegoak 2021 Ohorezko Saria: Ikusezina ikusgarri bihurtzeko magia

Sébastien Lifshitz, Zinegoak 2021 Ohorezko Saria: Ikusezina ikusgarri bihurtzeko magia

Zuzendari frantziarrak Bilbon jasoko du saria eta “Petite Fille” bere azken filmaren emanaldi berezi batean parte hartuko du.

Bilboko gaylesbitrans zinema eta arte eszenikoen jaialdiak ezagutzera eman du gaur zeinek jasoko duen 18. edizio honetako ohorezko saria: Sébastien Lifshitz gidoilari eta zuzendari frantziarra izango da (Paris, 1968).

Jaialdiak nabarmendu nahi izan du zinegilearen konpromiso sozial eta emozionala. Pau Guillen Zinegoakeko zuzendariaren hitzetan, “Lifshitzek gaitasun handia du kontakizun filmikoa modu organiko eta gizatiarrean eraikitzeko. Gainera, formatu dokumentalaren aldeko apustua egin du beti, gizartea eraldatzeko erreminta modura ulertzen duelako. Horregatik guztiagatik erabaki dugu Zinegoaken dugun saririk gorenena berari ematea”.

Lifshitzek sexu, identitate eta genero aniztasuna landu du bere ibilbide profesional oparoan, eta Zinegoaken hainbat aldiz parte hartu du, baita sariak jaso ere. “Wild side” lanarekin Film Onenaren Saria lortu zuen Zinegoakeko lehenengo edizioan, 2004an. “Bambi” filmarekin, ostera, Lesbianismo eta Generoa saria jaso zuen 2014. urtean, eta “Les vies de Thérèse” dokumental zoragarria 2016ko inaugurazio filma izan zen.

Pau Guillenek adierazi duenez, “zinegile frantziarrak giza esentziaren funtsezko gaiak lantzen ditu LGTBI+ errealitateak abiapuntutzat hartuta. Bere lan guztiek eraldatu eta aberasten gaituzte, eta gizartea hobetzea dute helburu”.

Nazioartean ere sari ugari jaso ditu Lifshitzek: Jean Vigo saria, Berlinaleko Teddy bi edo Epaimahaiaren Sari Nagusia Xixoneko Zine Jaialdian. Dokumentalista honek oso ibilbide sendoa eraiki du bere begirada sentibera eta bereziari eutsiz. Gure gizartean ikusezinak edo baztertuak izan diren horiei ikusgarritasuna eman die, duintasuna eta gizatasuna eskainiz.

Otsailaren 28an, Sébastien Bilbora etorriko da Ohorezko Saria jaso eta bere azken lana aurkeztera, “Petite Fille”. Proiekzioa Azkuna Zentroko auditorioan izango da, 12:00etan, doako sarrerarekin (gonbidapenak jaso daitezke gaurtik aurrera AZ Infoan).

Gainera, jaialdiak aurtengo Ohorezko Saridun honen atzera begirakoa eskainiko du. Aurrez aurre BilbaoArte aretoan gozatu ahal izan da, doan, eta online bidez Filmin plataforman.