ZG PRO Zinegoak Nazioarteko LGTBIQ+ Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdiaren industria-programa da. Bost edizio daramatzagu LGTBIQ+ zinemaren eta haren sorkuntzan, ekoizpenean eta banaketan parte hartzen dutenen ikusgaitasuna eta sustapena lantzen, ikus-entzunezkoen eta kulturaren bitartez eraldaketa soziala eragiteko premisari jarraituz.
Industria-esparrua hiru helbururen inguruan antolatzen da: ikus-entzunezko heziketa eta sexu-, identitate- eta genero-aniztasuna; audientzien garapena, master classen eta tailerren bidez, Bizkaiko zinema-eskolekin eta UPV/EHUrekin elkarlanean; eta martxan dauden LGTBIQ+ proiektuen sustapena, ZG PRO LAB laborategiaren bitartez.
Laborategi honen egitasmoa profesionalen eskari batetik sortu zen, beharrezkotzat jotzen baitzuten ekoizten ari zen queer zinema sustatzeko esparru espezifikoak izatea. Zinema bat non beste errealitate batzuk eta gure ingurunearekin erlazionatzeko eta adierazteko moduen aldaketak islatzen diren, ikus-entzunezko industria, audientziak eta jaialdiak ere tartean sartuta.
Alde horretatik, laborategiaren esparruak badu beste jaialdi batzuen sostengua: Europako hegoaldeko LGTBIQ+ jaialdien sarea, Queer Lisboa eta Queer Porto, Mix Milano, Parisko Chéries-Chéris, Tesalonikako G.L.A.D. eta Zinegoak elkartu egin dira, queer zinemarako esparruak elkarrekin garatzeko sare bat sortzea helburu.
Eta Estatuko LGTBIQ+ Laborategien Sarea, FIRE!! Bartzelonako LGTBI Zinemaren Erakusketak eta Fundación Trianguloren laborategi ezberdinek (Lesgaicinemad, Cinhomo, Fancinegayqueer, Andalesgai) osatua. Aurten goian aipatu berriek, Zinegoakekin batera eta Donostiako Nazioarteko Zinemaldiarekin, lehen lankidetza abiatu dute. Horrela, SSIFFekin lankidetzan eta bigarren urtez jarraian, ZG PRO Industry SSIFF saria indarrean dugu. Honen bidez, SSIFFeko industria foroetan presentzia, partehartzea eta sarbidea bermatzeko, industria-akreditazio, egonaldi- eta bidaia- gastuen estaldura eskaintzen dugu.
Zinegoakek hitzarmen horiek guztiak ezartzen ditu, estatuko eta nazioarteko queer zinemarako espazioen garapen komuna bultzatzen duten sareak sortzeko helburuarekin. 2025eko ZG PRO LAB esparrua INCOPRODUCTION plataformaren bidez kudeatuko da. Parte hartu nahi duten proiektuek, beraz, plataforma horretan eman beharko dute izena. Gero, pitching formatuan aurkeztuko dira hautatutako proiektuak jaialdiko egun batean.
Halaber, sektorean espezializatuta dauden 3 epaimahaikideekin banakako 3 saio izango dituzte eta masterclass jardunaldi bat beren ekoizpenen garapenerako baliagarri gerta dakizkiekenak. Denera bi saio lirateke, ekainaren 27 eta 28an ospatuko direnak.