ZG PRO ekimena Zinegoak jaialdiak industria zinematografikoari eskaintzen dion esparrua da; zehazki, ikus-entzunezko LGTBIQ+ ekoizpenen berrikuntzari, ikerketari eta prestakuntzari. Funtsezko topagunea da sexu-, identitate- eta genero-aniztasunarekin loturiko zinemagintzan diharduten eragile eta espazioei ikusgaitasuna emateko, baita eragile horiek prestakuntza-esparru espezializatuetara hurbiltzeko ere.
Egia da azken urteetan queer zinema gehiago dagoela zirkuitu komertzialetan eta arrakasta handiz iristen dela ikus-entzuleengana zine-aretoen bitartez; hala eta guztiz ere, proiektu gehienentzat ezinezkoa da harresi hori zeharkatzea. Hori dela eta, 2024ko ZG PRO egitasmoak laguntza emango die aurten ere Euskal Herriko, Espainiako estatuko zein nazioarteko LGTBIQ+ zine-proiektuei.
Bide horretan, Europa Sur LGTBIQ+ Jaialdien Sarearen laguntza izango dugu; gogoan izan sare horren barruan daudela Queer Lisboa eta Queer Porto jaialdiak, Mix Milano, Parisko Chéries-chéris eta Zinegoak.
LGTBIQ+ Laborategien Estatuko Sarearen babesa ere badaukagu. Sarea honako hauek osatzen dute: Bartzelonako Mostra FIRE!!ko FIRE!! LABek; QueerCineLabek –Fundación Triánguloren jaialdiek osatua, hau da, Lesgaicinemad, Cinhomo, Andalesgai eta Fancinequeerrek–; eta Zinegoakek. Donostiako Zinemaldiarekin batera, laborategi bakoitzak bigarren urtez segidan ZG PRO Industry SSIF saria emango dio bere gunean parte hartzen duen proiektuetako bati, eta, horrela, irabazi duten lanen ekoizleei bermatu egingo die Zinemaldiko industria-foroetan egoteko, parte hartzeko eta sartzeko aukera. Ekimen honen xedea aliantza bat sortzea da, LGTBIQ+ proiektuei ikusgaitasun handiagoa eta bultzada bat emateko. ZG PROn, saria kulturaren eta zinemagintzaren sektoreko hainbat eremutako profesionalek osatutako batzorde batek hautatzen du.
Horrez gain, gurekin izango dugu Incoproduction zine- eta telebista-proiektuetarako merkatu digitala. Aurten, gainera, lankidetza estuagoa izango dugu, ZG PRO Work in Progress plataformari esker (WIP) eta Music Library & SFX -en babesarekin.
ZG PRO bi egunetan egingo da. Ekainaren 27an, ikus-entzunezkoen eta kulturaren sektoreko Euskal Herriko, Espainiako estatuko eta nazioarteko zenbait profesional entzutetsuk master classak eskainiko dituzte Azkuna Zentroko Bastida aretoan. Ekainaren 28an, berriz, ZG PRO LAB ekimena izango da, Azkuna Zentroko Iparragirre aretoan; zehazki, pitching formatuan aukeraturiko proiektuak aurkeztu, ekoizpen zinematografikoaren arloko bi hitzaldi garrantzitsu eskaini, eta ZG PRO epaimahaia osatzen duten pertsonekin one to one saioak egingo ditugu.
ZG PROko jarduerak ikus-entzule guztiei irekiak dira; nolanahi ere, arreta berezia eskaintzen zaie sektoreko profesionalei eta LGTBIQ+ kulturan oinarrituriko industria zinematografikoari buruzko prestakuntza jaso nahi duten ikasleei.