Lesbiana esateko hitzak:
Alharia
Itxaro Bordaren ekarpena. Ezpainez eta ahoz lagunaren pottotta jaten dutenak.
Aluzalea/ Motxinzalea/ Motxinjalea / Neskazalea/ Potxonzalea/ Potxonzalea/ Pikujalea / Txirlajalea
Lesbiana. Aluak miazkatzea oso gogoko duen neska. Aluzaletu ere aditz bezala erabil daiteke.
Bargasta
Emakume lotsagabeak izendatzeko erabili da. Horregatik, Bargasta deitzen da Oñatiko talde feminista. Nahiz eta ez duen zehazki lesbianismoari erreferentzia egiten, Maider Arregi bertsolariak proposatu digu Opil hiztegian aipatzea.
Bekatorosak
Bekatariak. Iparralden erabiltzen da. Dom Campistron marrazkilariaren liburu grafikoaren izenburua da, Nafarroa Beherako zazpi lagun lesbiana, gay eta bisexualen elkarrizketetan oinarritzen dena. LGTBK pertsonak izendatzeko erabiltzea proposatzen du, erlijio katoliko hegemonikoak sustatzen duen bazterkeriaren aurreko erantzun kuir gisa.
Bilitisen alabak
Lesbianak. Bilitisen ahizpak ere deituak. 1894ean Pierre Louÿs-ek Bilitisen kantuak izeneko olerki grekoen bilduma faltsua argitaratu zuen. Haietan, Bilitis Saforen ikaslea da eta hortik dator Bilitis eta bere alabak lesbianekin zuzenki lotzeko arrazoia.
Joxe-Joxepa
Lesbiana esateko, 2003ko Berbeta berua hiztegian jasotako terminoa, Deba-Ibarreko hizkeratik hartua.
Kuku
Oarsoaldean erabiltzen da. Bollurria topaketetan “kukufestak” egin dira, eta HARRObira Oarsoaldeko transmaribibollo bizikleta martxaren leloa “Kuku bira dabil!” izan zen. Argi Lertxundi pasaitarrak konfirmatu digu lesbianen artean identifikatzeko erabiltzen zutela. Eli Pagola bertsolariak esan digunez, zerikusia izan dezake Azkoitiako Kuku Herri auzoarekin, izen bereko aterpetxean EHGAMek kanpaldiak egin zituelako 2011 eta 2012 urteetan.
Lamia
Umore onez edo txantxa giroan gayek, lesbianek eta transexualek beren buruari deitzeko erabiltzen duten izena. Oso zentzu ona du. (Gay hiztegia)
Lesbiama
Ama den lesbiana izendatzeko hitz-jokoa. Maider Arregi bertsolariaren ekarpena, bere lagun taldean asmatua.
Neskakoia
Lesbiana. Neskakoitu erabil daiteke “neskazaletu, jarrera eta jardun lesbikoetara lerratu” adierazteko. (Gay hiztegia)
Piper-opila
Donostiako EHGAMeko euskal lesbianek haien burua izendatzeko orain dela hogei urte inguru proposatutako hitza. (Gay hiztegian ere jasoa)
Sorgina
Lesbiana. Zentzu onean nahiz txarrean erabili izan da. (Gay hiztegia)
Soropila
Katalinak bizikletan taldearen ekarpena ‘bollera’ren euskarazko alternatiba gisa erabiltzeko. Sororitatea (ahizpatasuna) eta opila hitzekin jolastuz sortu zuten 2010ean.
Tortillera
Bolleraz gain, Hego Euskal Herriko gune askotan lesbianak izendatzeko ohikoa den gaztelaniazko mailegua.
Ulertua
Ulertzailea, ulertzen duena. Norbait gay edo lesbiana dela adierazteko adierazpen kodifikatua. (Gay hiztegia). Alaine Agirreren arabera, kapaza ere erabil daiteke hori adierazteko.
Marimutila esateko hitzak:
Emarkia
Gay hiztegian marimutilaren sinonimo gisa jasoa.
Emakoi / Andrakoi / Emaztekoi
Ipar Euskal Herrian erabilitako hitzak. (Itxaro Bordaren ekarpenak)
Emaztoi
Lesbiana maskulinoa. Ingeleseko butch hitzaren alternatiba gisa erabiltzeko Itxaro Bordaren ekarpena.
Hartzemea
Hartz itxurako lesbiana (lodia-handia, iletsua, jolastia, …). Ingelesez ‘ursula’ erabiltzen dute sinonimo gisa. (Gay hiztegia)
Lumaontzia / Lumaduna / Lumatzarra / Lumatza
Luma edo adierazpide maskulinoa duen lesbiana. Lumatza 1995 urtean Iruñean sortutako Nafarroako lesbianen taldea da. (Gay hiztegia)
Mariaker / Mari-motrailu
Marimutilaren sinonimo gisa hiztegiek jasotakoak, ingelesezko butch maileguaren baliokide gisa erabiltzeko baliagarriak. (Ana I. Moralesen ekarpenak)
Tunkurruna
Gay hiztegian marimutilaren sinonimo gisa jasoa.
Femme esateko hitzak:
Emaztetto / Ematto (Itxaro Bordaren ekarpenak)
Maripinpirin / Marinexka / Mariguapa (Ana I. Moralesen proposamenak)
Sexualiateari lotutako lexikoa:
Masturbazioa adierazteko esamoldeak: Azkura kendu, goi-goiñoa jo, hatz-lanak egin, eskulanak egin, nafar ilarra ferekatu, sagua klikatu, txipiroia garbitu, txirrina jo eta atea ireki. (Gay hiztegia)
Alujatea adierazteko esamoldeak: Lamikatu, motxinjatea, potxonjatea, seroramusua. (Gay hiztegia)
Ahigardena
Kitzikapen sexualaren ondoriozko aluen eiakulazioa edo isuria. (Gay hiztegia)
Andraketa
Lesbianen arteko sexuketa edo sexu jarduna. (Gay hiztegia).
Andramina
Emakumeenganako sexu irrika handia. Lesbianen sexu grina. (Gay hiztegia).
Artaziak/ guraizeak
Lesbianen arteko sexu jardunetako bat: hankak zabalduz, bien pottottak elkar musukatzen jarriz gauzatzen dena. (Gay hiztegia)
Barraskiloak
Horrela deitzen zaie bi lesbianari edo bi gayri, bi muturretan burua duen dildo baten bidez aluez nahiz uzkiez batuta daudenean. (Gay hiztegia).
Dardaragailua
Jostailu sexuala. Bibragailua. Bibrazioa duen dildoa. (Gay hiztegia).
Dildo
Jostailu sexual bat da, masturbaziorako eta harreman sexualetarako erabiltzen dena. Ikuspegi heteropatriarkal batetik, zakilaren ordezkotzat jotzen da (horren erakusgarri da gaztelaniazko consolador hitza), baina beste perspektiba batzuetatik falozentrismo horri iskin egin nahi izan zaio. (Genero-ariketak liburuko glosarioa)
Hiruko bat egin
Hiru pertsonen arteko harreman sexuala gauzatu. ‘Ménage à trois’ delakoa. (Gay hiztegia)
Ixtaklokez aho gainean
Belauniko eta hanka zabalik, uzkia edo alua jarri etzanda dagoen lagunaren ahoaren parean hark ahoarekin kitzika ditzan. (Gay hiztegia)
Hankartetu
Artaziak egin. Ana Jaka idazlearen ekarpena.
Hankapott
Hankarekin bestearen hankartea igurztea, hankak ematen duen “muxua”. Ana Jaka idazlearen ekarpena.
Hirukia, laukia edo atzandela
Sexuketa seguruko jardunean, latexez egindako zapi fin modukoa, alua nahiz ipurdia jateko erabiltzen dena. (Gay hiztegia)
Atzandelaren kasuan, atzamarrean ipintzeko latexezko zorroa da.
Mialuzkatu
Alua miazkatu. Ana Jaka idazlearen ekarpena.
Motxinberoa / Txatxalaberoa
Sexu jardunerako beti prest dagoen lesbiana. (Gay hiztegia)
Opila / Opiltxo bat egin
Bi lesbianek sexuketa gauzatu. (Gay hiztegia)
Potomingus
Potorrean mingainak egindako jolasa. Ana Jaka idazlearen ekarpena.
Txortalaria
Txortan maiz egiten duena. (Gay hiztegia)
Txortaldia
Larru jotzea. (Gay hiztegia)
Kultura lesbikoari lotutako esamoldeak:
Armairua
Modu figuratiboan, sexu edo genero identitatea ikusezin eta arlo pribatura mugatua mantentzeko helburua duen tresna heteropatriarkala. Armairutik ateratzea deitzen zaio familia, laguntalde, ikastetxe edo lan esparruan pertsona batek bere sexu orientazio edo identitatearen berri emateari. Baina askotan ardura hor kokatzen da, pertsonalean, erregimen heterosexualaren bortizkerian kokatu ordez, sozialean.
Bollojabetza
Bollera (identitate politiko bezala ulertuta) eta jabekuntza (ahalduntzea, boteretzea) kontzeptuak lotuz, B.A.L.A. kolektiboak Euskal Herriko V. Jardunaldi Feministetako ponentziaren izenburuan erabilitako terminoa.
Bollurria
Gipuzkoako topaketa bolloen izena. Haien karteletan definizio bat eman dute: “Komunitate ez normatiboen eraikuntza transfeministak hartzen duen forma”.
Euskal luma
Beste herrialde batzuetatik datozen lesbianek arazoak izaten dituzte euskal lesbianak identifikatzeko, eta «leku guztietan» begiztatu ohi dituzte lesbianak, beste kultura batzuetan baino «emakume maskulino» gehiago topa daitezkeelako gurean. Horren ondorioz, kanpoko lesbianen «radarrek» kale egiten dute Euskal Herrian. (Genero-ariketak liburuko glosarioa)
Gorde
Identitatea ezkutatu. Erreferentzia bibliografikoak: “Edozer egiten nuen hori nabari ez zezaten [transexualitatea], nahiz eta hori gordetzea ezinezkoa zen” (Moio, Kattalin Miner). “Neure burua onartu dudanean, ez dut sekula gorde edo isildu nire homosexualitatea” (Bekatorosak, Dom Campistron).
Giroa
Maritxu, bollera eta mariokerrentzako topaguneek osatzen duten multzoa. Gainerako sozializazio-lekuetako giroa heterosexista izanik, ‘giroa’ bezala izendatutako gunea segurua da. Gaur egun apenas dago horrelakorik, sare sozialek eta aplikazioek ordezkatu dute neurri handian.
Heteromalgua
Bere burua heterosexual gisa definitu arren, noizbehinka esperientzia lesbikoak izateko prestutasuna edo desioa duen emakumea.
Heterozuzena
Monique Wittigen The straight mind saiakera da lesbofeminismoaren erreferentziako obra. Ingelesez straight hitzak bi adiera ditu: zuzena eta heterosexuala. Gaztelaniaz El pensamiento heterosexual bezala itzuli zuten. LISIPE bilduman euskarara itzuli duten itzultzaileek (Maialen Berasategi Catalán, Irene Arrarats Lizeaga, Danele Sarriugarte Mochales eta Mirentxu Larrañaga Sueskun), ordea, Pentsamendu heterozuzena hautuaren alde egin zuten.
Kuir
Queer ingelesezko hitzaren jatorrizko esanahia «arraroa» da, eta ingelesez gay eta lesbianak iraintzeko termino bat zen. Hala ere, 1990eko hamarkadan AEBetan sexualki normatiboa ez den guztia izendatzeko hartu zuten termino hori eta esanahi berriz hornitu, modu horretan, lehendik zuen konnotazio negatiboa positibo bihurtuz eta hitz horretaz berjabetuz. Hemendik sortu zen queer teoria, kultura edo mugimendua deritzona, heteronormatibitatea salatzeko espazio politiko bat, identitate transgresoreen aldeko ekimena. (Genero-ariketak liburuko glosarioa)
Lesbiana hutsa
Inoiz gizonezko batekin harreman sexualik izan ez duen lesbiana. (Gay hiztegia)
“Golden” mailegua jarraituz, “urrezko lesbiana” izan daiteke hori izendatzeko beste aukera bat.
Lesbisitaria
Harreman lesbiko baten esperientzia izateko gogoa edo irrika duen emakume heterosexuala izendatzeko Amaia Alvarez Uriaren proposamena. Gaztelaniazko heterocuriosa-ren baliokidea.
Lesbofeminismoa
Lesbiana feministek garatutako teoria eta praktika politikoa, Monique Wittig, Adrienne Rich edota Ochy Curiel, besteak beste, erreferentziako egiletzat dituena. Ikuspegi horren arabera, “derrigorrezko heterosexualitatea” sexua, generoa eta sexualitatea sozialki eta ekonomikoki arautzeko modu hegemonikoa da, harreman heterosexualak natural eta normal bihurtzen dituena. Hortaz, heterosexualitatea ez da norbanakoen hautu bat, baizik eta patriarkatuaren oinarrizko erakundeetako bat, ‘gizon’ eta ‘emakume’ kategoriak sortzen dituena. Korronte horren arabera, lesbianak sistema eta kategoria horien desertoreak dira, hau da, ez dira emakumeak (ez dutelako rol femenino-heterosexuala betetzen).
Lesbofobia
Hiztegiek jasotzen ez badute ere, kontzeptu hau ezagutzea eta erabiltzea ezinbestekoa da. Lesbianek bizi duten diskriminazioa eta bazterkeriak ezaugarri espezifikoak ditu; emakume irakurritako pertsonen zapalkuntzari eta lesbianismoaren ikusezintasunari eta estigmari lotutakoak. Lesbianen kontrako aurreiritziak, mespretxua, ukazioa, beldurra eta gorrotoa.
Marioker
Kuir pertsonak izendatzeko, Amaia Alvarez Uriaren proposamena.
Mirenjaia
Gayek eta lesbianek gayentzat eta lesbianentzat antolatutako jaia. (Gay hiztegia)
Neskadantza
Lesbianen dantzaldia. (Gay hiztegia)
Neskatan egin
Neskak neskekin ligatzen egon. (Gay hiztegia)
Zuriketa arrosa
Enpresa, erakunde edo gobernuek darabilten marketing estrategia, irudi aurrerakoia emateko xedearekin, sexu eta genero aniztasunaren aldeko mezuak erabiltzean datzana. Hau da, LGTBI borroken instrumentalizazioan eta kapitalizazioan oinarritzen da. Ingeleseko pinkwashing-en itzulpena. Purplewashing eta Queerbaiting terminoengandik hurbil dagoena.
Iturri bibliografikoak:
Alvarez Uria, Amaia (2013): Genero-ariketak. EDO! obra kolektiboan argitaratutako glosarioa.
Arana, Aitor (2005): Gay hiztegia. Txalaparta
Definizio ugari moldatu ditugu edo guk geuk proiektu honen baitan sortu ditugu. Horrek erakusten du euskal komunitateak ez duela beharra sentitu LGTBIQ hiztegia edo glosategia osatzeko orain arte. Edo/eta LGTBIQ komunitatearentzat ez dela lehentasuna izan euskaraz haien burua izendatzea. Gai honen inguruko hausnarketa egiteko proposamena luzatu nahi dugu egindako lan honekin. Era berean, sexualitateari buruzko definizioak transinklusiboak ez diren kezka dugu. Erronka bat ikusten dugu hor.